Sortu: «Bake prozesua deuseztatu nahi dute»

'Bateragune auzikoak' espetxean edukitzeko erabakia kritikatu dute Jaurlaritzak, EAJk eta Alternatibak ere

Erredakzioa
2014ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Auzitegi Konstituzionalak Bateragune auzikoak preso mantentzea erabaki izanak erreakzio soka luzea ekarri du. Sorturentzat, «estatuaren ahulezia politikoaren adierazle» da erabaki hori, eta bake prozesua «deuseztatzeko» nahia agerian uzten du.

Prentsaurrekoa eman dute Pernando Barrenak eta Amaia Izkok, eta adierazi dute Espainiaren xedea dela «Euskal Herriko mugimendu subiranistak abian jarritako prozesua suntsitzea eta gelditzea». Ez duela lortuko ohartarazi dute, ordea: «Mina eragiteko gaitasuna erakutsi duten arren, bakearen etsaiek ezingo dute geldiarazi dagozkigun eskubide guztiak berreskuratzeko apustua».

Halaber, Bateragune auzian harturiko erabaki guztiak «funts juridikorik gabekoak» direla eta oinarrizko eskubideak «urratzen» dituztela salatu dute, etaKonstituzionalari erabaki politikoak hartzea egotzi diote. Bateragunekoak aske uztea eta «salbuespen» legedia bertan behera uztea galdegin dute.

Eusko Jaurlaritzak ere Konstituzionalaren erabakia kritikatu du, Josu Erkoreka eledunaren bitartez. Haren hitzetan, Arnaldo Otegik ez luke kartzelan egon behar, eta hura «lehenbailehen» aske uzteko «legezko bideak» martxan jarri beharko lirateke. Auzitegiak bestelako erabakia hartzeko arrazoibide juridikoak egon badirela uste du Erkorekak, eta deitoratu du horietako bakar bat ere ez erabiltzea Otegi eta gainerako auzipetuak espetxean mantentzearren.

Alternatibak ere gogor salatu du Arnaldo Otegi, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez preso edukitzen jarraitzea. «Horiek kartzelan egoteak agerian uzten du Espainian justiziarik ez dagoela eta PPren gobernua tematuta dagoela bakea oztopatzen», adierazi du Ayem Oskoz Gipuzkoako koordinatzaileak.

Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidenteak ere auzikoak libre uzteko eskatu du, «ahalik eta lasterrena». Konstituzionalaren erabakiak «atsekabea» eragin diola aitortu du buruzagi jeltzaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.