Ondarroa izan da azkarrena KAE 2 ligako bigarren estropadan

Taldeak azken hamabi urteetan irabazitako lehen bandera da eta ligako aurreneko postura igo da

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Egun handia izan zen atzo Ondarroan, etxeko ontziak irabazi zuelako Sestaoko Iberia Bandera, KAE 2 ligako bigarren estropada puntuagarria. Bederatzi urtean lortu duen lehen bandera da bertako arraun taldearentzat. Erlojuaren aurka lehiatu ziren hamabi traineruak, lau txandatan banatuta. Ligako sailkapenaren arabera antolatu zituzten txandak, eta horko onenak azkenekoan joan ziren: Elantxobe, Getaria eta Ondarroa. Oso lehia estua izan zuten Ondarroak eta Getariak estropada osoan, eta bukaerako aldea ere motza izan zen: hiru segundora ere ez zen iritsi garailearen eta bigarren sailkatuaren arteko aldea. Elantxobek egin zuen hirugarren, hamabost segundora. Laugarren Trintxerpe izan zen, joan zen asteko lana asko hobetuta.

Gaur ere lanean jardun beharko dute arraunlariek, ligako hirugarren estropadan (12:00). Elantxoben jokatuko da, ohiko moduan, eta ez erlojuaren aurka. Ligako sailkapenean, berdinduta daude Ondarroa, Getaria eta Elantxobe, 22na punturekin. Gaur hautsiko dute berdinketa.

Elantxobekoa ez da izango gaurko estropada bakarra. KAE 1 ligako lehen jardunaldia ere jokatuko da, El Rasillon (Errioxa, Espainia). Hiru txandatan banatuta, launa ontzi aterako dira bakoitzean. Lehen puntuak gaur banatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.