Proklamak, soflamak eta pijamak

Pako Aristi
2011ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Zeharo harrigarria egin zitzaidan ikustea jendeak zer harridura agertu zuen Iñaki Perurenaren bideo ospetsu haren aurrean, dena baitzen logikoa, ezaguna eta jakina, bai Perurenaren hitzetan, bai bere erreakzioan. Memoria eguraste aldera, bertan Perurenak Nafarroaren historia laburtzen zion zazpi minututan kazetari tonto bati, «vasco» eta «navarro» hitzen inguruan kazetariak (nahitako zinismoaz edo nahigabeko analfabetismoaz) sortutako nahasmena argituz.

Baina harridura berehala tristura bihurtu zitzaidan, zeren bideo haren kontura kazetariari iseka eta trufa egiten zion jendeak, abertzale euskaltzaleak gehienak, kazetariaren analfabetismo berbera erakusten baitzuen, bai Nafarroako erreinuaren historiari dagokionez, baita Perurenaren pertsonari buruz ere.

Iñaki Perurena ezagutzen dut, bai pertsonalki, bai intelektualki ere. Liburuak idatzi ditu, artikuluak, bertsoak argitaratu, aspalditik gainera, eta material horretan aletzen joan da bere interes historikoa, agertu ditu (berriro diot, aspalditik eta askotan) bere kezkak, bere eboluzio pertsonala, bere ideologia, bere haserreak, bere erreibindikazioak. Abertzale euskaltzale batek hori ez ezagutzea bai larria iruditzen zaidala, are larriagoa Euskal Herria hainbeste maite duela dioenean. Horretan, behintzat, ez zeukan inolako ardurarik lanera bidali zuten kazetari/bekario ezaxolatiak.

Perurenarekin gertatzen da beste euskal pertsona interesgarri askorena: abertzale euskaltzaleak ez dauzka interesgarritzat, ez du euren eboluzioa jarraitzen, ez die bizirik dagoen pentsamenduaren arrastoei jarraitzen. Zergatik? Abertzale euskalduna mentalki hilik dagoelako, eta dena ez da Patxi Lopezen errua izan. Abertzale euskaldunak bere jakin-minari pijama jantzi zion eta lotara bidali zuen. Ezagutzen ditut abertzale euskaldunak Eurovision ikustera esertzen direnak, edo Felipe Espainiakoaren ezkontza ikusi eta irentsi zutenak, Letiren soinekoaren aitzakian. Aldiz, aipatzen diezu Txuma Murugarren eta ez daukate ideia zipitzik nor den, berdin Eider Rodriguez, berdin Ramon Agirre, berdin Uxue Apaolaza, berdin Rafa Rueda, berdin… Ez dakite Joseba Tapiak disko bat atera duenik berriki eta oso ederra dela, ez dakite Olatz Zugastik disko bat atera duenik eta gauean entzutea izugarri gustatuko litzaiekeela, ez dakite…

Nafarroari buruz ere berdin. Azken aldian liburu eta bideoak argitaratu dira bere historia kontatuz, bere konkista, bere espoliazioa, bere suntsiketa, irakurriz nahiz telebista pantaila handietan patxadan ikusteko, baina noski, abertzale euskaltzaleak ez du denborarik horretarako. Badu denbora sagardotegian lau orduz egoteko, Santo Tomasetan eguna pasatzeko, Txiki-Parkera joateko (umeak! Zenbat nagikeria justifikatzen dizkiguten), Alcampon arratsaldea galtzeko, baina ez du astirik liburu denda batera joan, ordu erdi bat pasa eta bere herriari buruzko material idatzi edo ikus-entzunezkoa erosteko. Eta berdin edozein aberri-maitek oinarrizkotzat hartuko lituzkeen gaiak: bere hizkuntzari buruzko hausnarketatxo bat, egungo mugen zergatiaren eta geopolitikaren eboluzio azaleko bat, beste probintzietako pertsonaia esanguratsuei buruzko ipuin formako informazio pittina, gure banderaren historia, Agirre Lehendakariaren soslaia…

Aspaldian arau triste eta erosoa bihurtu da egoera tamalgarri hau: erreibindika dezadan Euskal Herriaren burujabetza, kritika ditzadan estatu espainola eta frantsesa, bat egin dezadan proklama eta soflama guztiekin, jantz dezadan marea arrosa osatzeko kamiseta arrosa, edo berdea, edo laranja Tourmaleten, eta jarrai dezadan ezjakin totala izaten Euskal Herriaz, bere musikaz, bere antzerkiaz, bere historiaz, bere…

Honen ondoan beste arau bat hedatu da, are gogaikarriagoa eta tamalgarriagoa: interneten garaian, informazio, dokumentu eta ikus-zentzunezko ugari eskura daukagunean, eta gure jakinahia asetzea inoiz baino errazagoa denean, abertzale euskaltzalea Espainiako hedabiderik eskuindar eta atzerakoienak irakurtzen/ikusten hasi da, bertan gutaz diotena emailez bidaliz zientoka hartzaileri. Gainera, hedabide horiek planteatzen dituzten botazio peregrinoetan (Frantziako ikastolei dirua eman behar dio Jaurlaritzak?) parte hartzera animatzen zaituzte. Negargarria. Nekagarria. Nardagarria. …garria (hutsunea zuk bete, zibernauta argi horrek).

Haien kontura barre egitea balitz helburua, gaitz erdi, nik neuk barre egiteko iturri hobeak bilatuko nituzkeen arren. Baina okerrena da serio hartzen dituztela etsaien esanak, eta hori bilakatzen dela euren intelektorako gasolina azken batean, ankerkeria horiei erantzuten ematen baitute denbora. Eta zuri arren parte hartzea erregutzen dizute, «oso garrantzitsua» baita gure iritzia ere agertzea foro horietan. Gero galdetzen diezu ea noiz irakurri duten azkenekoz euskal nobela bat, eta begitartea zimurtzen dute, pelotariek galdera beraren aurrean bezala, denboran oso urrun bidaiatu behar baitu haien oroimenak. Jende horren ahotik entzun ditut justifikazio ezinezkoaren irainera iristerainoko kejarik petralenak euskal literaturari buruz, txarra dela, zaila, ulertezina, mareatzailea…

Denboraren kudeaketa ezinbestekoa du pertsona batek bere burua aberastu nahi badu. Hori bai dela oso garrantzitsua, ezinbestekoa. Denbora hori zeini eskaintzen diozu? Zuk aldarrikatzen dituzun gauza horiei, ala gauza horiez etsaiak esaten dituenei? Zeure burua (herria, aberria, armarria) ezagutzen duzu ongi, ala besteek diotenarekin osatu duzu zure amets maiteenen irudia?

Utikan Euskadiko ziber-sareak. Pijama jantzita lotara, ni ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.