Txillardegi, poliaitzindaria

Jean Luis Davant
2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Abertzalea, sozialista librea, idazle polifazetikoa, euskara batuaren aita, iparraldekoen laguna…

Txillardegik merezitako gorazarreak baditu Hegoaldean, beti ere hangoen artean, iparralderik badenez ere ohartu gabe. Alta bada, hemengoa ere izan da bere bizitzako zati batean, eta beti atxikia egon zaigu. Haatik ezin gara beti egon bertzaldekoen eskerrik ezaz plainuka, gure bidea markatu behar dugu geronek, eta zeren beha gaude Txillaregiren ohoratzeko hemen ere ?

Lehenik idazle bezala ezagutu genuen, Leturiaren egunkari ezkutua eleberri existentzialistari esker. Hor aitzindari agertu zen, euskal literaturari bide berriak irekiz, bai tematikan eta ideologia orokorrean, bai trataeran, baita euskara motan, baturako norabidean. Ondotik bertze andana bat idatzi du, genero horretan maisu emankorra egonez, baita saiolari joria.

1958an harremanak lotu zituen iparraldeko euskaltzale batzuekin, mugimendu abertzale baten sortzera bultzatu nahian. 1961 urte hastean, muga isilka pasaturik, Hazparnen aterpetu zen, Saint Joseph kolegio katolikoan, Piarres Charritton zuzendariaren babesean. Sortu berria zen Enbata kazetako taldean sartzera lehiarazi ninduen, eta orokorkiago, iparraldeko abertzaleen sustatzaile agertuko da beti, Telesforo Monzon bezalaxe.

1964an sozialista hautuaren egitera bultzatuko gaitu. Enbata mugimendu jaio berriak ez du talde bezala jauzi hori eginen, baina kide gehixenek Txillardegiren aholkua beretuko dute pertsonalki, eta eragin horrek bere ondorioak ukanen ditu, geroan bederen.

Bera beti egonen da sozialista libre bat, ez dogmatikoa, eta bereziki ez marxista-leninista: berak behin erran zidan bezala, protestante batzuen modura testu sakratuen interpretazio askearen alde zegoen. Ondorioz 1967an, ETAk bere V. Biltzarrean marxismo-leninismoaren hautua egin zuelarik ofizialki, Txillardegi lagun batzuekin aldendu zitzaion, bere arrazoinak ageri batean emanez. Geroztik ere, beti egon da gizon, abertzale, sozialista libre bat, bere gogoaren jabe, ber denboran abertzale guzien boronte nazional baten aldeko militante suharra.

Halere niretzat, Txillardegiren obra nagusia, euskara batuaren sorrerakoa da, iparraldean hasia.

1963ko udazkenetik 1964ko udaraino, euskaltzale batzu hilabetero bildu ginen horren inguruan, Kordelieren karrikako 14an, lehen solairuan, Euskal Idazkaritzak Enbataren aldamenean zeukan gelan, euskara batuari buruzko lehen urratsen finkatzeko. Hor elkarlanean genbiltzan hiru ETAko, bi EAJko (haietan Monzon), ni Enbatakoa, Roger Idiart irakaslea, azken bilkuretan beste hiru apez : Andiazabal, Hiriart-Urruty eta Lafitte. Burutzeko, bilkura bat egin zen ber tokian, Baionako Biltzarra, 1964ko abuztuaren 29an eta 30ean, Lafitte gidari, mugaren bi aldeetako euskaltzale gazte andana batekin. Hor onartu ziren euskara batuari buruzko lehen neurriak: grafia eta deklinabidea bereziki. Ondotik Euskaltzaindiari proposatu genizkion, eta honen gehiengoak, 1968ko udan, Arantzazuko Biltzarrean beretu zituen, Koldo Mitxelenaren itzal handiari esker. Gero honek gure ibilbidea markatu zuen, baina beti aitortuz Txillardegiri zor geniona. Bai, hala da: Txillardegi, euskara batuaren aita dugu, gero Mitxelena gozaita, eguzaita, aita pontekoa izango bazen ere. Euskara batua hazten ari zaigu beti, edozein izaki bizidun bezala.

Txillardegi bera ere ez zen lehenbiziko pauso hartan gelditu, etengabe aurrera egin zuen, jo aitzina ! Badakigu, aita batek ez du haurra osorik egiten, handiena gero amari dagokio, baina zinezko aita beti hor dauka laguntzaile. Txillardegiri biak zor dizkiogu: lehenbiziko pindarra, hura gabe haurrik ez baita, eta gero bere lanez ama Euskaltzaindiari ekarri dion hazkurria, nahiz bien arteko ezkontza gutiz hutsegin genuen 1980an. Euskaltzain oso izateko, Patxi Altunarekin lehian gertatu baitzen, horrek baino boz gehiago bildu zuen, baina gehiengo osora heldu gabe, bi boturen faltan. Euskaltzaindiaren betoa izan zela erran zen, eta ez da egia.

Politikaren aitzakia ere aipatu zen, eta hori ere ez da egia, lekuko nago: Mitxelenak eta San Martinek bereziki boza Txillardegiri eman zioten. Egia hau da: apez anitz bazegoela orduan Euskaltzaindian, eta horietarik parte on batek Aita Altunari eman ziola. Ondoko bilkuran berriz hasi behar genuen, eta hor aurkeztu bazen, seguru nago Txillardegik eramanen ziola, aitzinean egonez: bertzeek amore eman beharko zuten. Gero berantegi zen. Dena dela, ondokoeuskaltzainek ez dute horretan ilustekorik, eta beti saiatu dira Txillardegiri zor diogunaren adieraztera, bereziki 2005ean Donostian egin genion omenaldian, Iker saileko 17. liburua eskainiz. Berari on egin zion, eta guri zelan ez! Goian bego Txillardegi, euskara batuaren aita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.