'Mas'-ek ez du beti gehiago esan nahi

Ane Belategi eta Axier Lopez
2012ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Kataluniako Principaten hauteskunde autonomikoak aurreratuko dituztela adierazi ondoren, Artur Masek, Generalitateko presidenteak, Principaten independentziarako balizko bide orri bat aurkeztu duela ikusi dugu. Convergència i Unió alderdiaren azken 30 urteotako politikaren ardatz nagusiak kudeaketa erregionalista, Moncloan agintean dagoen alderdiarekin estatu mailako akordioak egitea, «politika espainolistak» defendatzea (Jordi Pujolek, CiUko presidente ohi historikoak, berriki esan bezala) eta azken bi urteotan PPren neurriekin bat datozen murrizketak trabarik gabe ezartzea izan dira.

Zentzu horretan, lehenik eta behin, Generalitateak eta Espainiako Gobernuak murrizketak egiterakoan duten elkar-ulertze maila sakona azpimarratu beharra dago. Harreman adeitsua, nahiz eta PPk birzentralizazio neurriak proposatu izanak erregionalistak deseroso sentiarazi dituen. Handitzen doazen mobilizazio subiranistetan bandera gisa itun fiskala sartzeko ahaleginek porrot egin ondoren, burgesia katalanak bere lekua topatzen saiatzea erabaki du, arrazoi ekonomiko eta politikoengatik beharrezkoa zaion Espainiaren barruan.

La Caixa, Albertis, Gas Natural Fenosa, Freixenet edo Grupo Godó buru direlarik, espainiar estatuaren menpeko goi burgesia honek bere ordezkari politiko nagusia, Convergència i Unió, egoera berri honetan birkokatu du. Bide horretan kokatu behar dira hauteskundeen aurrerapena, komeni zaiena egiteko askatasuna emango dien gehiengo osoa lortzeko; hau da, estatu propio baten sorrera ekar lezakeen kontsulta batera zuzendutako balizko bide orria garatzen den bitartean, murrizketekin jarraitzeko askatasuna lortzeko.

«Estatu Propio» da, hain zuzen ere, aletu nahi dugun lehen kontzeptua.

CiUk Kataluniak egitura eta ahots propioak behar dituela dio, independentziaren kontzeptua erabiltzea saihestuz. Nahita erabilitako anbiguotasun horrek ateak zabalik uzten dizkio Quebecen 1980ko erreferendumaren garaian gertatutakoaren antzeko egoera bat bizitzeko aukerari. Egoera bat non legeak sortzeko, zergak kobratzeko, kultura kudeatzeko ahalmena den hizpide, baina baita berdinen arteko elkarte ekonomiko bat, partekatutako enbaxadak eta armada eta hainbat organismo komun ere. Euskal Herrian baten batek, itzulipurdi linguistiko baten bidez, subiranotasun partekatu gisa definitu zuena. Proiektu politikorik gabeko independentismo horren gorakada lasaitzeko kudeaketa egiturak behar beste aldatu, menperatze egiturak ukitu gabe uzteko. Hau da, benetako lema politikoaren buru direnak, botere ekonomiko eta finantzarioa bere horretan utziz.

Maila sozialean, independentziaren aldeko mugimendu honen ordezkari nagusia Kataluniako Asanblada Nazionala (ANC) da. Organismo horrek Principateko espektro politiko katalanistaren gehiengoa batzen du, izan ere, bere agendako puntu bakarra Principateko independentzia aldarrikatzea da. Balizko independentismo horren atzean adostutako beste baldintza bat ezkutatzen da: «Catalunya, nou estat d'Europa». Supraegitura kapitalista horren parte izatea bezain kontu labainari buruz ez da eztabaidarik eman, eta zuzenean indar metaketa hau gauzatzeko baldintza gisa ezarri dute. Puntu honetan ez gara agerikoa dena azaltzen luzatuko eta honela laburbilduko dugu: Nazioarteko Diru Funtsaren, Munduko Bankuaren, NATOren, Alemaniaren kontrol autarkikoaren eta beste hainbaten menpe dagoen Europar Batasun hau eta independentzia kontzeptu kontrajarriak dira berez.

Subjektu politikoaren harira, Esquerra Independentistak izan ezik, ANCn ordezkatutako Principateko alderdi politikoek estrategia nazional bat sortzea baztertu dute eta, pragmatismo politikoaren izenean, haien aldarrikapen politikoak lurraldearen zati batera soilik zuzentzea erabaki dute.

Alde batetik, eskuin erregionalistak beti egin dio uko marko nazionalari. Jarrera hori interes hutsetan oinarritzen da, CiUk ondotxo baitaki Principaten duen nagusitasunak indarra galtzen duela Països Catalansen osotasunean.

Beste indar batzuentzat, aldiz, marko nazionalari uko egiteko aitzakia «erritmo ezberdinetako politika» da. Beste modu batera esanda, indar horiek lurraldearen batasuna utopia lorrezintzat hartzen dute, eta igarotzen utzi ezin dugun momentu historiko baten balizko etorreraz baliatzen dira. Ukazio hau apaintzeko, diskurtso horri beste argumentu hau gehitu ohi zaio: «Estatu burujabe bat lortuz gero bidea erakutsiko genioke gainerako lurraldeei, herri osoaren batasuna lortu arte». Hori bai, oso argi dago prozesu horren buru direnek emango diguten eredua: kasurik onenean, estaturik gabeko herri eta kulturen hiltzaile nagusiaren, alegia, kapitalismoaren menpe dagoen estatu baten sorrera.

Askapenako zenbait kidek bertatik bertara ikusi ahal izan genuen zein aniztuna zen Diadaren egunean kalera atera zen jendetza. Estatu espainiarrak haien herrialdea ukatzeaz nazkatuta dauden pertsonak. Etorkizunaren ikusle hutsa izateari «prou!», «nahikoa da!» esan dioten katalanak. Gizartearen zati handi batek bere buruari galdetu dio nola antolatu nahi den hemendik aurrera, inposaturiko legaltasun espainolaren oztopo ideologikoak gaindituz. Hauxe da txalotu nahi dugun gertaera, itxaropenari ateak ireki ahal dizkiona.

Badakigu ezkerreko mugimendu independentista katalanak jakingo duela koiuntura honi moldatzen herri batasunaren proiektua indartzen jarraitzeko. ARRAN izeneko gazte antolakunde bateratuaren sorrera edota CUP (Candidatura d'Unitat Popular) herri hautagaitzen hedapena zein, hausnarketa prozesu luze baten ondoren, lehendabiziko aldiz hauteskunde autonomikoetara aurkeztea horren adibide garbiak dira. Independentzia oihukatzean bandera aldatzeaz haratago ikusten duten herritarren batasunaz ari gara. Salsesetik Guardamar-era eta Fragatik Maóra hizkuntza bera hitz egiten duen eta kultura bera bizi duen herria inoren esku hartzerik gabe kudeatzeko borrokatzen dutenen batasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.