Joxemi, 20 urte

Karlos Trenor
2013ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Hogei urte dagoeneko. Oroitzapenak pilatzen dira, inoiz baino biziago: elkarrizketa amaiezinak, gaua akiezin bihurtzen zenean; elkarrekin egindako ametsak; elkarrekin pentsatutako proiektuak... eta, oroz gain, gizatasuna gainezka. Joxemi, niretzat, osotasun bat da. [...]

Anekdota batzuk konta nitzake, baina nahiago ezinezkoan saiatu: hiruzpalau ezaugarri nabarmentzen, hain zuzen.

1) Maiz isildu den horrekin hasiko naiz. Joxemi jarrera politiko jakin batekoa zen; argi zuen hautabidea. Bere garaiko seme izaki, hainbat taldetan ibili zen, berezko «etxe» zuen hartara iritsi zen arte: ezker abertzalera. Subiranista zen barne muineraino, ezkerrekoa, eta marxismoan jantzia. Sen politiko zorrotza zuen, eta haren analisiak ere sakonak ziren, oso sakonak. Baina haren marxismoa sekula ez zen izan dogmatikoa. Sektarismotik aparte zegoen oso, 80ko urte haietan sektarismoa horren hedatuta egon arren.

2) Azken hamabost urteetan, euskarari emana bizi izan zen: EKB, Argia, Egunkaria... Eta lur zabalean jardun zuen beti, bestelako ideologia bat, kultura bat zuen jendearekin batera lan eginez hainbatetan. Oso argi zeukan euskara denona zela: inork ez zuen beretzat bakarrik hartu behar.

3) Euskarazko prentsa hautatu zuenean, orduan atera zen argitara Joxemiren gaitasun bat, haren gaitasunetan onenetakotzat dudana: benetan iaioa zen ateak irekitzen. Nolabaiteko kultur sarrailagile bat, sarraila herdoildu ugari zabaldu egin zitezkeela erakusten zuena. Zurrunbilo bat izan zen hura. Ez zen Joxemi bakarrik: zoro talde bat zen, denak ausart, denak edozertarako prest. Izan ere, Joxemi ezin azal daiteke Josu gabe, Iñaki gabe, Jon gabe, Mikel gabe, Xalbardin gabe, Pello gabe... eta beste zenbat gabe! Kutsakorra zen hura. Argia, idazle eta kazetari harrobi izateaz gain, ideia lantegi bilakatu zen, proiektu lantegi. Gertu bizi ginenok harrituta begiratzen genien, inbidiaz. [...]

4) Baina Joxemik ez zien men egin ameskeriei. Hankak lurrean jarraitu zuen. Eta errealitateari buruz egiten zituen analisiak zorrotzak ziren oraindik ere. Ausardia eta zuhurtzia nahasten ziren. Joxemik beti jakin zuen bere proiektuek zein muga zituzten. Beharbada, horrexegatik daude martxan horietako batzuk oraindik. Talde hark, eromena eromen, ondo zekielako zertan zebilen.

5) Seduktore ere bazen. Konbentzitu egiten gintuen, parte hartzera eramaten gintuen... Zenbat saltsatan ez ote naiz sartu hari esker! Horregatik idatzi ditut lerro hauek. Joxemi ez delako oroitzapen huts bat. Gaur egun seduzitua nagoelako oraindik; sinesten dudalako oraindik elkarrekin amesten genituen amets horietan guztietan. Beste batzuei utziko diet aztertzea zein garrantzitsua izan zen euskal kulturan. Niretzat, Joxemi etorkizunean ere orduko lagun hura izango da, «hainbeste maite bainuen harekin».

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.