Beatriz Zabalondo.

Egun handira arte

2013ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Zeinek esaten du ez dela posible Euskal Herri bat? Zeinek uste du Euskal Herria ezin dela euskal eta herri izan? Oraindik asko bizi dira hori ezeztatu eta demostratu nahian, gure herrian bertan. Hala da, zertan ukatu? Beste herri hori ere hor dago, gurearen ondoan; uste baino gertuago daukagu, eta bizkar emanda erabat.

Joxan Lizarribarrek adinako determinazioarekin gutxik bizi eta sinesten dute, gurean bertan, hemen izan euskal herria badela, bagarela. Hura dugu goien mailako paradigma: hura gogoratu besterik ez dugu: bizi izan da, bizia eman du eta bizia maitatu du bere tokitik, euskal herritik. Ez zuen beste toki batetik begiratzen, haren bihotzean ez zen kabitzen beste tokirik. Haren arnasa euskal herrian zegoen, munduan barrena ibili arren. Berea hainbeste maite zuelako jakingo zuen besteena ere horrenbeste estimatzen. Ez dago harrokeriarik horretan: bizi izan da etxean, etxerako, etxekoendako. Eta kanpora irten denean etxeko bizigai onenak eraman ditu, eta kanpotik ere opari ederrenak ekarri ditu.

Euskal herriaren muinetik bizitzea hain zuen barneratua, ez zen hautu bat; bizitzeko era bakarra zuen: horixe. Euskaldun izatea besterik ez zen sartzen haren izateko definizioan. Joxan zen gizon handi bat, euskaldun handi bat. Euskalduna, eta gero beste guztia. Alarderik gabe, apologiarik egin gabe, holaxe. Sinpleki: ez zen posible besterik. Abiaburuan, euskaltasuna.

BERRIA abiatzean, guztiok abailduta —kikilduta, amorratuta eta lur jota— geundenean erakutsi zigun tente egoteko indarra erakutsi behar zela; etxeko habe nagusia bezala zen, eta haren presentziak eusten zigun zutik eta sendo gainerakooi; erakutsi zigun gure lan apala zein garrantzitsua zen, zenbat balio zuen; erakutsi zigun gure ideiekin jartzen geniola euskarari eta euskal herriari «behar zuen tornuia». Eguneroko itsutasunetik begia altxatu behar genuela, eta harro sentitzen ikasi behar genuela, idazten genuen letra andanak eta bakoitzak egiten zituen ekarpenak, xumeenak izanda ere, den-denak gauza handia zirela, izan. Indar meta osatzen genuela, azken batean. Eta beti, haren ezpainetatik: «Oso ondo ari zarete». Eta arrazoi zuen. Izan ere, nire uste apalean, oraindik ez da behar bezala aztertu zer ekarpenegiten ari zaion euskal egunkari hau herriari. Ez daukagu distantzia nahikorik hori neurtzeko—edo borondaterik, akaso—. Lehendakaria agertzen zenean erredakzioan, eta esaten zigunean «animo!», horrek bai ematenzuela aurrera segitzeko bultzada! Hegan egiteko adina. Lider direnek baino ez dakite jendea bultzatzen horrela. Lider naturala zen, beraz.

Erakutsi digu denon artean bat egin dezakegula, eta erakutsi digu bat izate horretarako indar batzeak handi egiten gaituela guztiok; guztiok garela bat eta handia dela egiten duguna, eta geu ere handi egiten gaituela. Ahalegina, neurtua izan arren, saritzekoa dela beti, eta halaxe saritzen gintuen denok bere irribarre ederrarekin. Eta, batez ere, bere bihotz zabaltasunarekin.

Joxan Lizarribarren bihotzean denok kabitzen ginen, mundua kabitzen zen. Erraz, gainera. Izan ere, hain samur egiten zion lekua edonori, hain ondo zekien jendea hartzen! Maiz gogoratu dugu egunotan Joxan munduan barrena ibilitakoa zela. Munduan ibiltzea ere karrera bat egitea da. Maisutasun horrek ematen zion apaltasunarekin zekien lekua egiten BERRIAko langile eta lagun zahar bakoitzari bezala, baita beste edozein ezagutu berriri ere.

Gure lehendakariak erakutsi digu apal izateak ez duela kentzen duin bizitzea, ondo haztea eta bide onean garatzea. Erakutsi digu egunkari honen proiektua ederra dela aurrera eramateko—ezinbestekoa, beharrezkoa, euskaltzalea, kultur sustatzailea, euskal herriaren kohesionatzailea, eta abar, eta abar: out of question—. Erakutsi digu bizitzaren une batzuetan ezin dela ezetzik esan; errealitateak erakusten dizkigun ispiluetan ezin dugula begiratu eta besterik barik «kaixo eta agur» egin; bizitzak jartzen dizkigun atakak ez direla alferrikakoak, eta ezin direla saihestu. Egoeraren larrian nekez baino nekezago zaigula uko egitea zenbait bide mehar esturi.

Administrazio Kontseiluan ezagutu dudan denboran, BERRIAren beharraz ez zuen askorik hitz egiten: out of question. Nola ba! Zein herrialdek planteatzen du egunkaririk behar duen? «Behar» duen? Galdetzeak ezetza dakar erantzunean. Galdera hori planteaezina da. (Horra gure bekatuetako bat). Gu herri bat gara, hizkuntza batekin, eta gure herriko egunkaria BERRIA da; oraingoz ez daukagu besterik izateko aukerarik, hori da benetan gure tamala. Eta irakurle eskasia; hizkuntzaren eta geure izatearen eskasiara baikaramatza.

Aginte makila beste baten eskuetan utzi baino lehen joan zaigu Joxan. Unea iritsitakoan, ederra izango zen haren besarkada eta babesa.

Jakizu, Joxan, zure lekukoa hartuta, ahalegin betean jardungo dugula herri honen ametsaren alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.