Mari Luz Esteban.

Abortatzea bizipen arrunta denean

2013ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Atzeratu egin zaio, eta larritzen hasia da. Ez du, oraingoz behintzat, pilularik hartu gura, eta DIU bat jartzeak beldurra ematen dio. Beraiek hasieratik kondoiak erabiltzen dituzte, eta gustura daude, baina ez dago ziur aurreko batean garaiz jarri ote zuten… Inori esan gabe farmaziara doa; etxera itzultzean txiza egin, eta susmatzen zuena egiaztatu da. Ai ama! Berehala deitu dio mutil-lagunari, baina unibertsitatean dago, eta ez du sakelakoa hartu. «Positibo!» idatzi dio. Haren ahizparen lagunaz gogoratu da orduan, eta deitu egin dio. Eskerrak hartu duen! Horrek prozedura guztia azaldu dio, eta berak lagunduko duela esan. Hamar puntu berarentzat! Ez du dena gorde gogoan, baina bai anbulatoriora joatea dela lehen urratsa eta handik klinika batera bidaliko dutela; adin nagusikoa denez, ez diela gurasoei ezer esan behar. Ekografia egingo diote, eta, zazpi asteko baino gutxiagoko egon ezkero, pastilla batzuk jarri, eta horrela odol-jarioa probokatuko diotela. Ba omen dago arrisku pixka bat metodo hori eraginkorra ez izateko, baina oraindik bigarren aukera gelditzen dela, abortu kirurgikoarena. Doakoa dela dena eta nahiko azkar joango dela… Oraingoan bai, oraingoan mutil-lagunak hartu dio, eta ezer kontatu baino lehen negarrez hasi da. Bukatu arte ez zaio herstura arinduko, baina ematen du dena kontrolpean dagoela…».

Izan badira, jakina, kontakizun horren hainbat aldaera: protagonista bikotekiderik gabeko emakumea izan daiteke, gazteagoa edo zaharragoa; ume baten edo gehiagoren ama; Euskal Herrian jaioa edo duela zenbait urte heldutakoa; enpleguduna ala langabea; lehenago aborturik egindakoa… Aldaerak anitz, ibilbideak adina: nafarrek orain gutxi arte zailago izan dute, eta emakume guztiek ez dute informazioa horren eskura; edo gurago izaten dute kliniketara zuzenean jotzea, eta ordaindu; edo haien herrialdean erabili ohi diren pastillak eskuratzen saiatuko dira; edo, azkenean, haurdunaldiarekin aurrera egitea erabaki... Eta prozesuan eman daitezke, nola ez, bizipen eta emozio sorta guztiak. Eskarmentuak dio, adibidez, krisi-iturria izan daitekeela abortua, zentzu baikor eta ezkorrean: ugaltze ahalmenaren kontrola birplanteatzeko aukera edota bikotearen kalitate maila neurtzekoa, besteak beste.

Baina, esan behar da balizko esperientzia, oztopo eta hunkipen guztien gainetik, gaur egun eta hemen, Euskal Herrian, abortatzea bizipen arrunta bihurtu dela, bi arrazoirengatik: batetik, emakumeek, feminismoak azken lau hamarraldietan hedatu duen funtsezko aldarria (gorputz burujabetzarako eskubidea) bere egin dutelako; eta bestetik, haurdunaldi bat etetea erabakitzen duten gehien-gehienek oso modu naturalean bizi ohi dutelako, hau da, izaera antzeko edozein osasun tratamendu moduan, haren balizko zalantza eta gorabehera berekin.

Zergatik? Emakumeak jakitun direlako, modu kontziente edo inkontzientean, ditugun osasun sistema eta eredu sexualean ia ezinezkoa dela ugaltze-plangintza perfekturik. Jakitun, etikaz eta moralaz ezer gutxi dakitenek ere, ez gaudela (ez, behintzat, egunkari honen irakurleok) joan den mendeko hirurogeita hamarreko urteetan edo laurogeikoetan, non enbrioia giza bizitza zen ala ez eta sexualitatea eta ugaltzea gauza bera ez diren eztabaidatu behar genuen. Jakitun ez dagoela egitate moralik testuinguru historiko, sozial edo kulturaletik aparte.

Atzean gelditu (behar) dira, beraz, abortatzen zutenak biziarteko trauma edukitzera kondenatzen zituzten ideiak (egongo da beti, nola ez, damutuko den emakumerik). Atzean, «ezein emakumek ez du aborturik egin nahi, baina…» aditzera eman beharra (feministok ere baditugu gure tranpak). Atzean, pentsatzea emakumeoi haurdunaldia noiz etetea berdin digula (estatu espainiarreko abortuen %97,7 14. astea baino lehenago gauzatzen direnean, eta erdia baino gehiago lehen 7 asteetan). Atzean, lotsa edo erru sentimenduak... Nahigabeko haurdunaldia estrategia antikontzeptiboaren akats bat da, soluzioa duen akatsa, eta kito.

Hori dena aipatzen dudanean ez nago defendatzen, jakina, Espainiako justizia ministroak aurrera atera nahi duen lege erreformaren kontra biltzeko kapaz garen indar guztiez borrokatu behar ez dugunik. Ezta abortuaren despenalizazio osoa lortu arte etxean gelditu behar garenik. Baina bai azpimarratu bizi dugun normalizazioa.

Normalizazio honetan faktore franko izan dira, baina garrantzitsuenak bi izan direla esango nuke: batetik, feminismoak Basauriko 11 Emakumeen kontrako epaiketen kanpainetan hasi eta gaur arte abiatu dituen ekimen zehatzak (manifestazioak, autoinkulpazioak, informazio eta osasun zentroak…); eta bestetik, feminismoaren presioaren ondorioz atera diren abortuaren legeak (1985eko baldintzen araberakoa eta 2010eko epeena); dena den, gabeziak gabezia, lehenak izan zuen eragin sinboliko eta praktiko gehien pentsamoldeen eraldaketan.

Hala ere, azken urteetan abortuak egiteko gurean erabiltzen hasiak diren bi medikamentuek ere (Mifepristona eta Misoprostol) bere egitekoa izan dute, ez baita berdina, ez sinbolikoki ezta fisikoki ere, abortu farmakologikoa edo kirurgikoa (nahiz eta teknikoki oso sinplea izan). Progesteronaren aurkako konposatua da mifepristona (RU-486), eta Frantziako laborategi batean izan zen sintetizatua, eta asko zabaldu da antzeko substantzien ikerketa. Baina jatorriz urdaileko ultzerak prebenitzeko eta osatzeko pentsatua zegoen Misoprostolen erabileraren historia, aldiz, interesgarria da oso: Latinoamerikako emakumeak berak izan ziren botika horren funtzioaz ohartu ziren lehenak, eta milioika izan dira azken 30 urteetan mundu osoan aurkikuntza horri onura atera diotenak. OMEk berak aitortu du Misoprostolak bizitza asko salbatu dituela abortua segurua edo legezkoa ez den herrialdeetan. Baina, noski, ez dago Nobel saririk zientzialari pobre eta anonimoentzat, horrelako gertaerek Ipar/Hego hierarkien inguruan ditugun estereotipoak hankaz gora jarri arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.