Identitate bizigarria

2013ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Zygmunt Baumanek (2010) dioskunez, identitate aztergaiaren ikerketan ezin albora liteke haren bi muturrak, menpekotasuna eta askatasunaren artean kokatzen ari direla egungo gizarte bizitzan. Baumanek dioenaren arabera, agora, egia muin bat azalera zekartzan leku-gertakaria bihurtzen da maiz bizitzan, biziera komunitarioaren dentsitate gune baten isla. Egia mota hori, komunitate presentziaren bitartekaritzak bermatzen duenean, gertaerazko egia bihurtzen da. Halaber, kultur sorkuntzaren eredua, bi printzipioei jarraiki baieztatu ahal izango dugu agoran: lehenik, gertatu egiten den egitate bat aurkezten du kultura bideetara, eta bigarrenik, gizartean ematen diren harreman prozesuen ardatzean sortzen da. Horrela bada, txapelketaren gailurrak berriki aurkeztu duen sorgune kulturala (Agora), helburuari eta ekintzari dagokionean, gizarte kulturalean betetzen duen funtzioaren baitan ulertzen da kulturan. Ikus dezagun nola.

Egungo identitatearen kontzeptualizazioan, giza izaeraren atxikimendu moldea ez da behin betiko kategoria irmoa. Are gutxiago esentzia bat. Ezin esan identitatea eta izaera ulertzeko moduan euskalduntasuna norberaren baitan lo edo hilzorian zetzan izaera esentziala zenik, bai dakigunez izaera izatean baino ez datzala, alegia, norberaren ardura bihurtzen da talde kulturalaren ortzi-mugan. Egun, identitate globalen garaietan, gizabanakoaren loturak higatu egin dira, aro garaikide postmodernoaren ondorioa da hori. Halere, norbanakoak ematen dituen urratsak eta hartzen dituen erabakiak, erabakigarriak zaizkio norbere erabakimenean eta taldearekiko loturan egiten duen bide komunitarioaren agerbide izateraino. Horren arabera identitatea ez da jomuga edo iritsi beharreko leku finkoa izango, identitatea, zeregina bihurtzen zaigu. Biharko gaurko zeregin. Baina zeregin honen lehendabiziko urratsa da nor kulturalaren norabidea berrelikatzea, norbere erroa sakonduz atzera bildu eta berriz aurrera begira jartzeko bidean metatutako balioa. Identitate bizigarriarennorabide ardatza da.

Gizarte likidotu eta fluxuen garaian, norberak konektibitate handiagoa lortze aldera, bere burua irudika lezake Agoran mila formetan, gizarte garaikidearen bizi baldintza da norbere irudi errepresentazionala eraikitzea. Bilgune mitikotzat jo dugun Agoran (errealitatea interpretatzean sortzen dugun funtsezko forma bat) gerta liteke hori, norberaren erabakimena eta ardura bihurtu denean esparruen bereizmena, bereizmen hori, norbanako eta taldeko ahalduntzetik ekoitzi beharrekoa bihurtzen da, norberetzat jotako esparruaren balio kolektiboa da. Izan ere, norbere hitza ekoizteko erabakimena duen giza taldeak, ekoizten duen bere irudiaren lorratza izan nahi duenerantz begira jartzeko ahalmena du.Berrelikadura hori, norberaren eremu propioaren ahalduntzetik baino ezin liteke bermatu. Agora, Nor kulturalaren sentiera subjektiboa bermatzen duen esparru beregainaren aitortza da.

Egungo identitate ekoizpenaren logikak erakusten du norbanakoak eta taldeak puzzlegilearen logika darabilkiela. Claude Levi-Straussek (1996) esango zukeenez, duenarekin praktikatu behar du identitateak. Euskal Agoraren kultur bidearen logika zentrala, estetika baten baitan uler liteke ondoen kulturan. Gu baten irudia estetizatzen duen harreman mota baten proposamena. Eta aldi berean, harremana biziberritzeko duen ahaltasuna da. Aldarte eraikitzaileak eta erlazionalak gidatzen duen logika da. Iraganetik zekartzan jarraidura sena, hizkuntza bati darion harreman igurtziaren balioa da. Jatorriko transzendentzia euskaltzalea eta linguistikoa, egungo kultura bidearen zumitz on izaten berdin darrain. Identitate bizigarria, muinari darion sorkuntzatik garatzen du agorak, hots: hizkuntzaren baliotik. Egungo agora, posizio-hartze estrategikoaren eremu propioaren ahalduntze tokia baldin bada, uler liteke pertsonen arteko fluxuaren konektibitatea norberarentzat jotzen den eremutik aldarrikatzea, euskal identitatea, identitate ez menpekoaren kontaera harilkatzen duen narratiba antropologikoa agoran ekoizteko.

Agorak azaleratzen duen ekosistema kulturala, etengabeko eraldaketa prozesualean saretzen den harremanezko izaeran ulertzen dugu. Bere izaera prozesuala eraberritzen doan neurri berean bultza egiten du aurrerantz. Pizkunde garaitik zekartzan izateko bokazioa edo sen kulturala da hori: transmisiorako sena. Agoraren kokapen estetikoa, sistema ireki bati begira dago, hortik eratortzen da bereganatu duen izaera soziala. Agoraren eraikuntza sozialak sistema irekiaren subjektibotasun era (talde kulturalaren izate beregaina) azaleratzen baldin badu, gizabanakoaren eta taldearen arteko harreman ehuna joan etorriko bidea dela erakusten ari zaigu: afektu-fluxuaren atxikimenduan, lortzen duen bizi-indarraren jabegoa da. Alajaina, emozio-jariotasunean ekoizten duen bizi-indarra. Agoraren aitortzak, kultur sorkuntzaren ekoizpen norabidean bultza egiten du. Bere jabegoa, identitate askatzailea eta ez menpekoaren kontakizunetik harilkatzen du.

Subjektu lehiakor, arrazional, bakarzalea eta isolatuaren kontrapuntuan, poshazkundearen aro garaikideak ezarritako subjektu deslokatuari, ekoizpen era berria kontrajartzen zaio Agoran. Subjektu eraikitzailea, pragmatikoa, inklusiboa eta ongi errotuaren norabidean bultzaka dator. Bilgune sinboliko (Pizkunde garaiko bulkadatik) baten egia metaforikoak erakutsi diguna da, lehiaz haratago, hitzezko norgehiagoka fikzionala, benetako kooperazioaren aurpegia baino ez dela. Benetako sentimendua sortzeko gaitasuna bere-berea duela. Hortaz, gizarte lehiaren borroka sinbolikoan, proposamen kultural eta estetiko beregaina egiten duen kultur adierazpidea dakargu zurtointzen dituen oin-lorratzetan. Jendarte baten harreman ehunaren ekoizpena, bizikidetza, elkarlana eta garapen nahietatikbirsortzen duen komunikazio prozesu kulturalaren isla da. Hau da, komunitate ekoizpenaren denbora bizigarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.