Mari Luz Esteban.

Zorionaren promesari mokoka

2014ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Aitor dut, Gabonen inguruan «zorionak» idatziz edo ahoz opatzen didaten bakoitzean, barruko harra esnatu egiten zait. Badakit adeitasun-keinua dela. Badakit halako mintzamoldeek gizarte harremanak antzezteko eta adasteko balio dutela. Nik ere badut ohitura eguraldiaz hitz egiteko ezagun zein ezezagunekin beste ezer otutzen ez zaidanean... Baina, zer dela-eta zorion hitza, hainbat lagun lana galdu edo arriskuan daudenean, aberatsak gero eta aberatsago eta pobreak gero eta pobreago direnean, publikotasunaren desjabetzeari begira zur eta lur gaudenean, PPren gobernuak fitxa mugitu gabe eta bidegabeko atxiloketekin jarraitzen duenean, abortatzeko eskubidea gure onerako dela esanez zapuztu nahi digutenean?...

Pentsatu nahi dut, gehienen aldetik bederen, ez dela izango Jesus izeneko bat Betleemen jaio zelako, eta urte berriarekin batera bizitza aireberritzearen aukera desiratu nahi didatela. Baina orduan zergatik ez baliatu gero eta jende gehiagok erabili ohi duen «urte berri on» soil, doi eta borobila, eta kito?

Eva Illouz soziologoak eta Sara Ahmed ikasketa kulturaletan adituak, nork bere arloan, argudiatu dute indarrean dugun sistema politiko eta ekonomiko honek zorionaren bilaketa itsua lehenesten duen identitate eta jarrera emozional zehatza eragiten duela; eta, alderantziz, emozioen eta esperantzaren administrazio konkretu horrek bultzatzen duen bizimoduak sistema bera sustatzeko balio duela. Zoriona, helmuga bezain kabestru, utopia bezain uhal.

Kontsumismoa eta bere ezkutari nagusiak diren hedabide, publizitate eta kultur industrien bidez, «zorionaren utopiak» gure egiten ditugula, idatzi du Illouzek, maitasunaren eta osasun fisiko eta psikologikoaren bilaketaren forma hartu ohi dutenak nagusiki. Dugun egiteko naturalena, premiazkoena bailitzan. Maitasuna behar den bezala eskuratu eta sendotu ahal izateko, opariak, abenturak, irteerak, bidaiak… kontsumitu behar ditugu. Eta amodioak (bikoteak) elikagaiak, kotxeak, kosmetikoak, lurrinak, etxetresna elektrikoak… edozer saltzeko balio du. Osasunari dagokionez ere antzera, osasuna mantentzea ez baita hautua, betebeharra baizik; eta horretarako mota guztietako profesionalak eta sasiprofesionalak sortu dira, erabat idealizaturik dugun ni arduratsu eta osasuntsu hori gauzatzen lagunduko gaituztenak. Horrela bakarrik lortuko dugu bizitzan garrantzitsuena omen dena: zoriona. Sarri askotan apurtzaileak iruditzen zaizkigun alternatibak (yoga, meditazioa, new age terapiak…) ikuspegi beretik abiatzen dira.

Ahmedek ere hizpide hartu ditu gure artean nahitaezko bihurtu diren auto-laguntza kultura eta diskurtso terapeutikoak, askoren poltsikoak betetzeko ezin egokiagoa den zorionaren industria, krisi garaietan, zorionaren hizkuntza inoiz baino boteretsuagoa dela azpimarratuz. Eta ideologia eta ikuskera hori «zorionaren promesa» deitu du, zeinaren arabera zenbait bizi-aukera (ezkontza / bikotetzea ezeren gainetik, baina baita diruaren gurtza edo ohitura «sanoak» ere) lehenesten ditugu beste batzuen aurrean, zoriona, bizitza bide zuzenetik eramaten dutenentzat soilik erreserbatua dago-eta. Hortaz, gure hedabideek bikote, familia, langile edo herritar zoriontsuen (edo zorionaren bila dabiltzanen) kontakizunak hedatzen dituzte behin eta berriro. Baina bizimolde horietan, gehitzen du, ez dira kabitzen ez feminista izorratzaileak, ez queer zorigaiztokoak ezta etorkin malenkoniatsuak ere.

Ahmeden ustez, feminismoa eta zorion eza parekide egitea da kultura hori zilegitzeko eta barneratzeko modu bat. Zergatik bukatu —galdetzen du— lanaren banaketa sexualarekin, amatasuna eta zaintza badira emakumeentzako zorionaren iturri? Feminismoa heredatzea tristezia heredatzea baino ez litzateke; genero ezberdintasunek inposatzen dizkiguten mugez jabetzearen baitan dagoen tristezia heredatzea, muga horiek beharrezkoak ez direla jabetzeak sorrarazten diguna. Bestalde, maitasun heterosexuala (edo bere senidea den maitasun homosexual heterosexualizatua) amaiera zoriontsuaren aukera nagusi bihurtu zaigu, biderik behinena. Era berean, gure artean bizitzea erabaki duten etorkinak ere kultura horren biktima eta xede lirateke, zorionaren zorraren subjektu, misio kolonialaren zorionaren zorraren oinordeko. Hartara, bertakotzeko (hau da, gu bezala zoriontsuak izan ahal izateko) bitarte nagusia erakutsiko zaie: gure kultura ikastea, gure kulturari leial izatea.

Ez du idatzi egile honek azken denboran soseguaren bidea aukeratu (omen) dugun independentista haserrekorrei buruz. Baina nago antzerako galdera ere egin litekeela: kabitzen al gara zorionaren utopia horien barruan jendarte euskaldun, burujabe eta eraldatua nahi dugun herritarrok? Edo horren suminberak izateagatik, kartzelaz gain, biziarteko gosete afektibo-sexuala da merezi dugun kondena, guri buruzko diskurtso eta autodiskurtso mediatiko topikoenek aspertu arte errepikatzen duten eran?

Itxuraz inozo eta bihozbera baina barrutik pozoitsua den zorionaren kultura horren inguruan hausnartzea eta kritika egitea —erantsi du Ahmedek— ez da bizipoza, itxaropena edo optimismoa hiltzea, bizitza zabaltzea baino, toki egitea. Tokia erabakimenari, tokia eraldaketari, tokia guztiontzako etorkizunari.

Urteberri on! Behar dugu-eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.