Bortxaketa al da gerta dakigukeen gauzarik txarrena?

Mari Luz Esteban - Antropologoa

2014ko martxoak 29

Alcasser-en (Valentzia) bizi ziren hiru neska bahituak, bortxatuak eta torturatuak izan ziren, 1992. urtean. Krimen horren gainean hedabideek egin zuten tratamenduak muga guztiak gainditu zituen, azken hamarkadetako pasadizo mediatiko beltzenetarikoa idatziz. Nerea Barjola ikertzaile feministak, Euskal Herriko Unibertsitatean defendatu berri duen doktorego-tesian, modu bikainean erakutsi du jorraketa mediatiko hark Franco hil ondoren emakumeek lorturiko eskubideen aurka jo zuela, zuzen-zuzenean, arriskuaren mamua hedatuz eta edozein emakume, baina, batez ere, eraildako nesken adinekoen belaunaldi osoa, beldurraren estrategiaren biktima eginez, beraien ekintzak, espazioak eta denborak larriki mugatuz. Ordudanik hona, erailketa sexual gehiago egon da, Nagore Laffagerena entzunena, ziur asko. Arriskuaren estrategiak bere horretan dirau, eta justiziak ez du beti maila erakusten.

Orokorrean, ezaguna da gerra testuinguruetan emakumeek jasan ohi dituzten jazarpen sexualen neurrigabetasuna (Txile, Argentina, Guatemala, Kongo, Hegoafrika…). Kongoko gerra eta gerraondoan, adibidez, militarrak eta paramilitarrak emakumeen kontra egiten ari diren izugarrikeriak zenbatuta daude: 48 emakume bortxatu, orduro. Jakina denez, herrialde horretako meatze-ustiaketa dago tartean, gu guztion nahigabeko konplizitatearekin, proportzio berean ematen baitira erabiltzen ditugun sakelakoen sofistikazioa eta bortxaketa kopurua. Teknologia horrek behar duen koltana ekoizteko industria berean biak. «Bortxatzea balak baino merkeagoa da», esan du Amnesty Internationalek. Bigarren adibide bat ere ekar daiteke: Guatemalan, 1960-1996 denbora-tarte luzean, Estatuko agenteek etengabeko bortizkeria sexual(izatu)a erabili zuten emakume indigenen kontra. Emakumeei egindako basakeriek, munduko beste zonalde gehienetan bezalaxe, gizonen umiliazioa eta emakumeekiko gorrotoa ereitea zuten helburu eta, horren ondorioz, komunitate horien erresistentzia-maila ezerezean utzi nahia.

Baina emakumeak ez dira besoak uztarturik gelditzen, eta egoera horien aurkako ekintzak jarri ohi dituzte martxan, biktima papera uxatuz eta ekintzaile rola haragiztatuz. Miresgarria da, esate baterako, Kongoko emakumeek asmatu dituzten ekimenen originaltasuna. «Kazetari txikien» mugimendukoak, kasurako, irrati bidez, urrun zein hurbil bizi diren herrixketako emakumeekin ari dira informazioa eta babesa elkar trukatzen. Guatemalan, berriz, 2010. urtean antolatu zen ekintzarik garrantzitsuena: Kontzientzia Auzitegia, non emakumeek elkarteek gertatutakoaren inguruko isiltasuna leherrarazi zuten, urte luzez lanean egon ondoren.

Abusuak, bortxaketak edo torturak jasan dituzten emakumeek (edo gizonek), sarritan, urteak behar izaten dituzte beraien esperientziak kontatu ahal izateko. Hitz egitea funtsezkoa da, baina, horretarako, espazio, denbora eta metodologia egokiak erabili behar dira, ezbaian baitago zer, non, nola eta zertarako kontatu.

Gurean ere ugariak izan dira azken hamarraldietan egin diren kanpainak eta jarduerak: kontzientziazio ekintzak, manifestazioak, autodefentsa ikastaroak, Beldur Barik kanpainak... Eta, iaz, Bilbon, Emakumeen Eskubideen Viena+20, Euskalherria 2013, Nazioarteko Auzitegia antolatu zen, indarkeria ardatzetako bat izanik. Auzitegi horren txosten osoa hil honetan argitaratu da.

Indarkeria sexuala salatu, baina, aldi berean, isiltasuna, beldurra eta lotsaren aurka jardun. Hortxe gakoa. Estrategia bateratu horren barruan, eta, idatzitakoa idatzi ondoren, kontraesankorra lirudikeen arren, bortxaketaren zama sinbolikoa indargabetu behar da, Virginie Despentes-ek dioen bezala.

«Gerta dakizukeen gauzarik txarrena ez da bortxatua izatea». Mezu honen konpasean hezi zituzten haien lau alabak gaztetan ezagutu nuen bikote batek. Eta niri, kontzientzia feministaren lehen urratsak ematen ari nintzela, eskandalagarria iruditu zitzaidan. Baina, laster, jokaera hori lezio bihurtu zitzaidan.

Ildo beretik, duela ez horrenbeste urte nire adiskide ginekologo batek kontatu zidan, guardia egiten zegoela, bortxaketa bereziki krudela jasan zuen neska gazte bat heldu zela ospitalera haren aitak lagunduta, biak ala biak shocketik irten ezinik. Berehala, inoiz irakurritakoa etorri zitzaion gogora: halako egoera batean, gertaera bera baino garrantzitsuagoa dela gertaeraren inguruan eraikitzen den kontakizuna. Pentsatu eta egin: aita kontsultatik kanpo atera zuen eta esan zion jasotakoa larria zela, baina alaba bai fisikoki baita psikologikoki ere suspertuko zela, eta, horretarako, ezinbestekoa zela senide eta adiskideek jarrera egokia izatea; beraz, lasaitu eta jarrera doitu behar zuela. Eta neskaren zauriak erreparatzeari ekin zion gero, bere hitzak arreta handiz kalkulatuz.

Biolentzia sexualaren gaia erabat presente dago emakumeen arteko elkarrizketetan. Noiz edo noiz hizketaldi hori berbontzikeria huts bihurtzen da edota arriskuaren mamuaren elikagai, baina, askotan, arriskuei eta erasoei, askatasuna kamustu barik, aurre egiten ikasteko balio du.

Eta zuek, gizonak, elkarrekin zaudetenean, hitz egiten al duzue kontu hauetaz?