Albistea entzun

Txillardegi, ekologista eta antitaurinoa

Txema Ibarburu Arotzena - Donostiako Eguzki

2012ko urtarrilak 21

Txillardegi pieza bakarreko gizona izan da, dudarik gabe. Baina bat eta bakarra izan den arren, bere baitan Txillardegi asko izan ditu, matrioskek bezala. Horra hor Txillardegi abertzalea, Txillardegi literaturgilea, Txillardegi hizkuntzalaria… betiere Txillardegi euskaltzalea. Zorionez, Txillardegi horien guztien bertute eta ekarpenak ederki gogoratzen ari gara egunotan lagun eta adituen idatziei esker. Bide beretik, guk ere, lerro xume hauen bitartez, bertatik bertara ezagutu dugun Txillardegi bat gogorarazi nahi dugu, Txillardegi ekologista eta animaliazalea, alegia.

Txillardegik garbi ikusten zuen «naturaren sarraski hazkorrak gizadia bera arriskuan jartzen duela»; horregatik, «errotikako ekologismoaren behar gorria dagoela» pentsatzen zuen (Euskal Herria helburu, 1994). Baina, ezaguna denez, Txillardegi bat eta bakarrean, pentsamenduzko gizona eta ekintzazko gizona banaezinak dira. Horregatik, pentsatu ez ezik, ekologistok antolatutako ekintzetan ere parte hartu ohi zuen. Zaborren behar bezalako kudeaketaren aldeko edota Abiadura Handiko Trenaren kontrako manifestazio jendetsuetara joaten zen, baina baita askoz ekintza xumeetara ere. Gogoan dugu, esaterako, Caudilla kondearen parkea izandakoaren babesa eskatzeko egin genuen kanpaldi hura. Txillardegi eta Jone izan ziren beteranoenak, jakina. Gogoan dugu, halaber, Berioko artea bota nahi zutela eta, luzatu zigun eskua, «espanturik gabe», esan eta egin ohi zuen bezala.

Badira beste adibide batzuk, noski, baina Caudilla kondearen parkea (gaur egun, Zubimuxu) eta Berioko artea bereziki ekarri nahi izan ditugu gogora Txillardegiren haurtzaroko aberrian gertatu zirelako, Antiguan, alegia.

Baina gatozen berriz harira. Ekologista ez ezik, animaliazalea ere izan da. Markos Zapianek nabarmendu duenez (Txillardegi eta ziminoa, 2007), Txillardegik bere lehen ipuinean bertan, Orangutanen ugartea izenburukoan, azaldu zuen lehen aldiz (1957an!) ondoren behin baino gehiagotan azaldu duen kezka bat: gizakia zein puntutaraino bereizten den ziminoarengandik eta, oro har, gainerako animaliengandik. Kezka horren ondorioz, bere liburuetan sufritzen ari diren animaliekiko erruki nabarmena erakutsi du beti. Izan ere, egunotan behin baino gehiagotan irakurri dugu Txillardegi humanista zela, eta egia da. Baina bere humanismoa ez zen gizakia eta soil-soilik gizakia unibertsoaren zentroan ipintzen dutenen tankerakoa. Txillardegiren ustez, hori humanismoa baino gehiago «antropokeria» zen. Horregatik ezin zuen animalien tortura jasan, eta, ohi bezala, pentsamendua eta ekintza batu zituen: Donostian zezen-plaza berriz ere eraiki behar zutela esaka hasi ziren une beretik antitaurino militantea izan zen. Aste Nagusiko manifestazioetan parte hartu izan du, eta pankartari heldu behar izan dionean, heldu egin dio, «espanturik gabe».

Jose Luis, jaso gure txalorik sentituena, eta badakizu, ezagutzen gaituzulako, gu ez garela txaloak merke egiten dituztenetakoak. Etxekoei, berriz, besarkada bana.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.