Jon-Mirena Landa Gorostiza.

Gallardonen Zigor Kodea: kodea bider bi!

2012ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Ezagun asko egiten zaigu jadanik «presoaldi iraunkor eta berrikusgarria» aipatzen badugu, Gallardon Justizia Ministroak Zigor Kodearen gainean egin nahi duen aldaketaren barruan. Jakina da behin betiko kartzela zigorraren itzala antzematen dela oraindik erabat taxutu ez duten zigor berri horretan, bai terrorismo bai beste delitu larriak antza areago zigortzeko asmoz. Horrekin batera, aurrekoa gutxi balitz bezala, segurtasun-zaintza (custodia de seguridad) izenekoa ere aipagaia izan da. Segurtasun-zaintza berri hau ez da zigor berri bat, segurtasun-neurri bat baizik. Eta horra hor, segurtasun-neurritan alegia, non eta Zigor Kodearen aldaketarik garrantzitsuena egiteko zorian baitagoen. Azter dezagun.

Orain arte, Espainiako Zigor Kodean bi erantzun posible zeuden delitu baten aurrean. Bata, delitugilea «normal» (teknikoki egozgarria) bada. Eta, bestea, delitugilea normala ez bada («egotzeina»), demagun arazo psikiatriko larriak dituelako. Lehenengoaren kasuan zigorra ezartzen da, egindako delituaren erantzun gisa. Zigorrarekin gaitzesten da egindako delitua, eta mezu prebentiboa bidaltzen zaie gizarteari eta delitugile berari ere bai. Bigarrenaren kasuan, zigor zuzenbide normalak ez du zentzurik: arazo psikiatrikoak dituen pertsonak ez du ulertzen zigorra zer den, eta, gainera, zigorra bere arazoak areagotu ahal izango lituzke are arriskutsuago bihurtzen. Hori dela eta, ospitale psikiatriko batean barnealdia ezarriko zaio ziurrenik, bertan medikuntza-sendabidea izan dezan. Barnealdi hori segurtasun neurrietako bat da, zigorrez kanpoko beste logikan kokatzen dena. Ikusten den moduan bi egoera dauzkagu: pertsona normal (erantzuna: zigorra) eta ez-normalarena (erantzuna: segurtasun neurria) baina beti ere bata ala bestea ezartzen da salbuespen gutxi batzuekin.

Aitzitik, Gallardon Ministroaren kode-aldaketa gauzatzen bada, hau dena aldatzera doa. Lege-aurregitasmoaren Zioen Adierazpenean ezkutatu gabe, lotsa gabe, esaten den moduan, sistema «monista» batetik, sistema «dualista» baterako iraganbide orokorra bultzatu nahi da. Esan dezagun argiago: delitugile normalei zigorrak ez ezik, segurtasun neurriak ere ezarri nahi zaizkie. Biak batera! Dozenaka delitutan orain arte ezartzen den zigorraz gain, begipeko askatasuna (libertad vigilada izenekoa) ere ezartzeko aukera aurreikusten da, kartzelatik atera ondoren, esaterako, preso izandakoak hainbat obligazio bete beharko dituela (epaile aurrera azaldu beharra, leku jakin batzuetara joan ezin izatea…). Hortaz sare penala nabarmen hedatzen da. Eta dozenaka esaten dudanean, irakurleak ez dezala pentsa delituok larriak direnik, oso arinak diren delitutan ere aukera dago zabalik begipeko askatasunari ekiteko.

Baina begipeko askatasunaz gain, beste kasu mordotan (indarkeriazko delitutan, sexu-askatasunaren aurkakoetan, ondare-delitutan, eta abar) artikuluaren hasieran aipatzen genuen segurtasun-zaintza ere ezartzekoa izango da. Figura berri hau ezarriko da hain zuzen ere, egindako delitua hiru urtez baino presoaldi luzeagoz zigortzen denean. Hiru urteko zigorra eta aldez aurretik beste delituak egin izana: horietan datza segurtasun-zaintzari bidea zabaltzeko gakoa. Bost urteko zigorren kasuetan aurrekaririk gabe ere segurtasun-zaintza aplikatzekoa da. Baina zer da segurtasun-zaintza? 10 urte gehiago barruan! Alegia, eta ñabardurarik gabe, aukera izango da, zigorra bete ondoren, hamar urte gehiagoz barnealdia luzatzeko. Hamar urtekoa da, egun, giza hilketa batentzat aurreikusten den zigorra! Eta hori gutxi balitz, beste bost urte gehiago (jada hamabost) begipeko askatasunean.

Neurri hauen helburua birjausleak, alegia, behin eta berriro delitu egiten dutenak gehiago zigortzea da. Hori jadanik egiten zen indarrean dugun egungo Kodean. Berria dena da proportziorik eza. Erdi Aroan bazen figura bat, hirugarren ebasketa egiteagatik, heriotz-zigorra. Orain izan liteke hirugarren delitu ez larriarengatik hamahiru urte kartzelan eta beste bost gehiago begipean.

Gainera ez bakarrik segurtasun-zaintzaren kasurako, segurtasun-neurri guztietarako mugak desagertzen dira. Orain arte egindako delituaren arabera, halako muga ezartzen zen segurtasun-neurria ezartzeko. Ez dadila izan barnealdi psikiatrikoa edo bestelakoa zigorra bera baino askoz gogorragoa. Gaixorik dagoenaren aitzakiaz zenbat astakeria ez ote diren egin historian zehar, ahalik eta horien kasuan ere giza-eskubideak —bermeak— deskubritu eta aplikatzen hasi ginen arte. Gallardon Ministroa, ordea, konturatu da ezin direla zigorrak gehiago luzatu, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak horren kontra joko zuelakoan. Horregatik «atzeko ate» bat topatu dute: ez diote deituko zigorra, segurtasun-neurria baizik. Ez dute onartuko segurtasun-neurriak luze joko duenik, neurri horiek berrikusteko mekanismoak omen daudela aitzakia jarriko dutelako. Legelari askoren beldurra bada, berrikusteko tresna ez baizik eta luzateko trikimailu besterik ez dela. Zigorraren proportzioa apurtzeko trikimailua. Giza eskubideen kontrola gainditzeko trikimailua. Hitzak hitz kontzeptuak nahasteko trikimailua. Dugun Kodea gogorra da: Gallardon-ek dakarkiguna bada Kodea bider bi. Atera ditzagun kontuak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.