Albistea entzun

Fortunato Agirre, berriro etxean

Josu Chueca - EHUko Historia irakaslea

2013ko irailak 28

Lizarrak beste herri askok legez, alkate aunitz izan ditu baina bertako memoria herrikoian, guzti-guztien gainetik, Fortunato Agirre Lukin dugu Lizarrako alkatetzat. Nahiz eta bertan jaioa ez izan eta legealdi erdiaren ingurua bakarrik (1933-1936) udalburu bezala aritu, berak eskuratu du, merezimendu osoz, historiarako ohorezko izendapen hori. Gaur, eguerdi aldean itzuliko da, Clemente Ros eta Federico Lezarekin batera, oroigarri baten bitartez horko udaletxera, indarrez atera zituzten herriko etxera berera, hain zuzen ere.

Lizarraldean 1936ko altxaldi faxistaren karira gauzatu zuten errepresioa, burutik bertatik eta lehen unetik, hasi zuten. Izan ere, Fortunato bera, alkatea izanda, estreinako atxilotuetako bat izan zen, agian lehen-lehena. Uztailaren 18ko arratsaldean, hainbat falangistak Arellanora, bere jaioterrira, jo zuten hortxe bertan harrapatzeko eta Lizarrako kartzelara eramateko asmoz. Hori gertatu zenean, oraindik ez zekiten zer jarrera hartuko zuen Eusko Alderdi Jeltzaleak kolpe militarraren aurrean. Baina matxino faxistek zein militarrek, Agirrek, Errepublikako urteetan, aurrera eraman zuen politika ez zuten batere gogokoa eta horren kontra jo zuten estreinako unetik.

Gaitzesgarria izanen zuten, ezbairik gabe, Lizarran bere zinegotzi arduratik Euskal Autonomiaren Estatutuaren gaineko asanblada, Gobernadore zibilak Iruñekoa debekatu ostean, Agirrek berak Lizarrara eramatea, arrakastaz burutu ahal izateko. Agirre bera ere arduratu zen, Egako herrian bertan, Euskal Hizkuntzaren Patronatuaren buru zelarik, euskararen klaseak antolatzeko eta Petrita Azpirozen ezinbesteko laguntzarekin, geroxeago lehen Euskal eskola martxan jartzeko.

Baina edozein jelkidek oso gogokoak izan zitzaken antzeko xede politiko edo kultural horien gainetik, Agirrek arnasberritu egin zuen Lizarraldean burutzen ari zen politika. Izan ere, bi aldiz, bederen, barkatu egin zituen, indarrean zeuden isunak zein zigorrak, 1933an eta 1936an. Azken horretan, 1934az geroztik pairaturiko inhabilitaziotik atera berria izanik, ederki frogatu zuen gorroto edo mendeku politikoari eskuzabalez erantzuten bazekiela.

Era berean, topiko guztien gainetik, argi eta garbi, EAJren esparru politikotik hain zuzen ere, gizarte politika aurrerakoia aurrera eramatea posible zela erakutsi zuen. Udaletxean, gutxiengo politikoan izanda ere, 13 zinegotzietatik 4 bakarrik baitzituzten jelkideek, gauza izan ziren betiko eskumari aurre egiteko herrian zegoen gizarte auzi larriari helduz. Errepublika hasi zenetik bi urte igarota, langabezia gero eta larriagoa zen, eta Lizarran eskumakoek lagatu zuten udala, ezgauza zirelako arazo hori konpontzeko. Egoera horretan Fortunatu Agirre bihurtu zen herriko alkate eta lan ezari aurre egiteko lan publikoak jarri zituen indarrean, 1933az geroztik. Gaur egun, Gazteluetako Gurutze delakoaren azpitik doan errepidea, bere tunela eta zubiarekin, esate baterako, ordukoa dugu. Bide batez, Lizarra auzoko saihesbidearen proiektua, orduan ere lehen aldiz saiatu ziren aurrera eramaten, bi helbururekin: lana sortarazteaz gain, herrigunetik trafikoa aldentzea. Laburbilduz, eskumak urteetan egiten jakin ez zuena edo egin nahi ez zuena ahalbideratzeko gauza izan zen Agirre.

Hori gutxi balitz, Lizarrako alkatea adi-adi aritu zen Errepublikaren azkenaldian, erregimen demokratikoaren alde. Jakina denez, eskualde horretan mugimendu anitz suertatu ziren karlista eta militar matxinoen aldetik. Ariketa paramilitarrez gain, bilerak eta hartuemanak biderkatu zituzten, Fronte Popularrak hauteskundeak irabazi ostean. Agirrek horien berri izan zuenean, jakinaren gainean jarri zituen buruzagi errepublikanoak, Iruñekoak zein Madrilgoak. Baina inozo galantekin egin zuen topo Lizarrako alkateak. Izan ere, matxinoek altxaldia prestatzen jarraitu zuten, buruzagi errepublikanoen aldetik, inolako eragozpenik izan gabe. Hura lehertu zenean ederki asko zekiten faxistek noren alde zegoen Fortunato Agirre. Hori dela medio, berau izan zen Lizarraldean atxilo hartu zuten lehenetariko bat, uztailaren 18ko arratsaldean bertan, alegia. Ondoren, Lizarrako kartzelan bertan bi hilabete luze igaro zituen preso. Denbora aski luzea, Agirreren aldeko gestioek bere askatasuna edo trukea gauzatu zezaten. Aitzitik, irailaren 29an, ohikoak bihurtu ziren deskartzeleratze edo «saca» baten ondorioz, Fortunato Agirre Taxoarraraino eraman zuten horko hilerriaren inguruan erailtzeko. Erailketa horrekin, herrian egun batzuk lehenago kaleratutako bando militarrak, euskal kultura, euskara, ikastola eta nazionalistak jomugan ezartzen zituenak, heriotzaren marra gainditu zuen.

Gaur bere erailketaren urtemugaren bezperan, Fortunato Agirre ohorezko eta oroimenaren ate handitik udaletxera itzuliko da. Orduko hiltzaileek eta bere ondorengo politikoek, abstentzioaren bitartez, ahanztura eta bazterketari eutsi dioten arren, udal eta Lizarrako herritarren gehiengoak Fortunato Agirreri, Clemente Rosi eta Federico Lezari ongi etorriak zuen etxera! diote.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.