Tasio Erkizia.

Lehenik herria, gero alderdia

2013ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Hil berri den pertsona bat goraipatzeko modurik egokiena berak egindako ekarpena gogoratzea da. Eta, une honetan, ez nuke gelditu nahi Ramon Labaien euskaltzale eta independentista goraipatu gabe. Luze mintza gintezke euskara eta euskal kulturaren alde egin duenari buruz, baina beraren nortasunaren erpin bati buruz arituko natzaizue: herriarekiko fideltasunaz eta Alderdiarekiko izan zuen autonomiaz, hain zuzen ere. Beraz, nire omenaldi xumearekin batera, honatx interesgarri gerta dakizkigukeen zenbait hausnarketa.

Bi mila eta bederatziko Aberri Eguna zen. Independentista Sareak egina zuen Irungo mugan biltzeko deialdi bateratu eta zabala. Ordu eta egun berean, PNVk, Ramon Labaienen betiko alderdiak alegia, Bilbora deitzen zuen. Ramonek ez zuen dudarik izan. Mugako deialdian parte hartu zuen, eta bukaerako hitzaldian ozen mintzatu zitzaigun: «Lehenik Herria edo Aberria eta ondoren Alderdia». Independentista legez mintzatu zen, Euskal Herriak bere nortasuna garatzeko ezinbestean Euskal Estatua eraiki behar zuela garbi adieraziz. Ausardiaz, gainera, jakitun baitzegoen bere jarrera eta hitzak ez zirela gustukoak izango alderdiko zenbait buruzagirentzat.

PNV alderdiko kidea izan da bera. Kide leial eta ondradua. Baina, aldi berean, oso gutxik daukaten gaitasuna erakutsi digu askotan, bere alderdiak jartzen zizkion mugak gainditu eta herrigintzan ausardiaz jokatzeko. Ramon ez zegoen ados ETAren jarduera armatuarekin, baina presoen aldeko manifestazio askotan ikusi dugu giza eskubide guztien defentsa sutsua eginez. Ez zen Ezker Abertzalekoa, noski, baina ilegalizazioaren garaian partaide izan genuen legeztatzearen aldeko hamaika ekimenetan. Gobernuko Kontseilaria izan zen autonomismo zatikatzaile batean, baina inoiz ukorik egin gabe independentismoari. Euskararen alde behar adina egiten ez zuen gobernukide izan zen, baina, aldi berean, Euskal Herria Euskaraz herri mugimendua bultzatzen zuen, euskararekiko politika epelegia zorrotz kritikatzen zuena. Honatx, bere muga eta kontraesan guztiekin, herrigintzari lehentasuna ematen zion alderdikidea.

Gizartea aldatzeko, herritarrak antolatu egin behar gara. Antolakuntzarik gabe ez dago aldaketarik, ez iraultzarik. Eta era askotako antolakuntza horren barnean alderdiek badute beren lekua; mendebaldeko gizarte-sisteman horrela gertatzen da, behintzat. Baina, jakina, badituzte zenbait arrisku, hala nola jarraian nabarmenduko ditudan bi hauek: batetik, alderdien arteko jarraitzaileen artean lubakiak zulatu eta harresiak eraikitzearen arriskua; bestetik, berriz, alderdiko buruzagiek beren militanteengan agindu osoa eduki nahi izatearen arriskua, alegia, pertsonaren dimentsio guztiak kontrolatu nahi izatearena. Biak ala biak kaltegarriak gizartearentzat, eta, gainera, antzuak norberaren ekarpenari begira.

Euskal Herrian, askotariko arrazoiak direla medio, bi espresio politiko abertzaleen artean lubaki handia dago. Eta okerrena da, militante asko harro sentitzen direla «tribu» ezberdinak osatuz. Bakoitzak bere tribua du, eta tribu bien artean inpermeabilitate ia erabatekoa dago. Badirudi elkar kutsatzeko beldur garela. Lehengo batean, Bilboko alkate ohia izan zen Beti Duñabeitiaren hiletan gertatu zitzaidanak penatu ninduen: «Tasio, ¿qué haces tú aquí?, ¡si tú no eres de los nuestros!». Ez al da tristea eta pobrea «nuestros» eta «vuestros» alderdien arabera banatzea? Gure identitatea hizkuntza, kultura eta herri-nortasunaren arabera garatzea normala eta aberatsa da, ene ustez. Baina alderdi baten arabera definitzea ez ote da itsukeria?

Nire irudiko, aipatzen ari naizen inpermeabilitate hori PNVren aldetik askoz nabarmenagoa dago, baina aitortzen dut agian beraien ikuspuntutik gu ere berdintsuak garela. Kasua da, gure herrian sortzen diren herri-ekimenekiko mesfidantza eta boikota nabarmena izaten ari dela. Katalunian ez bezala, gure herriko eskuinak ez dio herri-mugimenduari inolako zirrikiturik utzi nahi. Eta herri-iniziatibak modu zabalean sortu arren, beraiek kontrolatzen ez dutena baztertu behar duela dirudi. Horrela, Alderdia lehenesten da Herriaren kalterako, noski. Ibilbide eskaseko jokamoldea, abertzaletasunaren etorkizuna iluntzen duena.

Bat nentorren Ramon Labaienekin, PNV eta Ezker Abertzalearen artean funtsezko akordioetara heldu behar genuela zioenean. Ados geunden biok, lubakien arteko zubiak egiten jarraitu behar genuela komentatzen genuenean. Bistan da bi mugimendu politiko hauen artean ezberdintasun handiak daudela, baina goazen zintzotasunez mahai gainean jartzera proposatzen dugun ibilbidea. Adostu ditzagun eman beharreko urratsak. Bide bakarra dugu espainolen eta frantsesen bortizkeria gainditzeko: indarrak bildu eta bide propioa egitea. Desadostasunak errespetatuz, goazen adostasunak indartzera. Ez dugu Kataluniak daraman bidea kopiatu beharrik, baina bide propioa marraztuz joan behar dugu, ezinbestean. Franko hil ondoren, aukera galdu genuen erregimen faxistarekin apurtzeko. Orduan PNVko zuzendaritzak zioen militarrak altxatuko zirela autodeterminazio-eskubidea eskatuz gero. Orain, zein da eragozpena erabakitzeko-eskubidea errespetatu diezagutela exijitzeko? Gaur da momentua; bihar, agian, zailagoa egingo zaigu.

Ramonek ez zuen begiratzen nork antolatzen zituen giza eskubideen edo presoen aldeko protestak. Kausa justua bazen, hor zegoen bere ekarpena egiten. Uribetxeberria presoa Donostia Ospitalean gose-greban zegoenean, kanpaina mediatiko guztien gainetik, ez zuen aitzakiarik jarri preso horrek hau edo bestea egin zuelako. Ez. Eskubideen urraketa zegoen tartean, eta bera hor egon zen protestak antolatzen. Azken urteetan ez zuen hutsik egiten urtarrilean egin ohi den presoen aldeko mugimendu erraldoi eta kolosalean. Euri, elur zein eguzki, Labaien jauna Bilboko kaleetan zegoen haien eskubideen alde.

Aurrera egin nahi badugu, sobera daude lubakiak. Ramon, zubigile ona izan zen. Eskerrik asko. Jarrai dezagun bidea egiten. Herritar askok bat egiten dugu taupada horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.