Paul Bilbao Sarria.

Bihotz-guneak

2014ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Duela bi urte, Eskoziako Skye irlan izan nintzen hizkuntza gutxiagotuei buruzko jardunaldi batzuetan. Skye irla gaelikoaren arnasgunea da, bai eta bertan kokatuta dagoen Sabhal Mor Ostaig unibertsitate-fakultatea ere. Ordura arte guk arnasgune deitzen ditugun eremuen ingelesezko itzulpena language breathing spaces zelakoan nengoen, baina bertan beste izendapen egokiago bat bazela ikusi nuen : Language Heartlands (hizkuntzen erdigunea, bihotz-gunea).

Izan ere, bizirik egoteko bihotza behar dugu. Eta hizkuntzetan ere bihotz-eremuak behar dira, hizkuntza bizirik dagoela erakusten duten eremuak, hizkuntzaren gorputzean odola eta oxigenoa barreiatzeko bihotzak.

Bi hizkuntza leku eta aldi berean hitz egitean, beti, bat nagusitu egiten da. Euskaldunok egunero dugu horren berri. Halere, leku batzuek inguruko erdaren nagusitasunari aurre egin eta euskara nagusi edo hegemoniko izatea lortu dute. Euskaldunon kontzentrazio nabarmena dago leku horietan, eta euskara modu naturalean transmititzen da. Leku horietan euskaldunok lasai har dezakegu arnasa, lasai egin dezakegu euskaraz, bai baitakigu bertako hizkuntza naturala horixe dela.

Eguneroko euskarazko mintzajarduna hainbat eta hainbat gunetan burutzen da: ikastetxeetan, lantokietan, dendetan… Horiek guztiak jardun-guneak edo espazio soziofuntzionalak dira. Bertan, euskaldun kopuru nahikoa da eta euskara nagusi da. Euskaldunok eroso ari gaitezke euskaraz, inork kontu hartuko digun beldurrik izan gabe. Euskaldunontzat nolabaiteko irlak eratzen dituzte erdaren itsasoan.

Erdara nagusi den itsasoan, esparruren batean (lan-mundua, merkataritza…) euskaraz lasai jarduteko lekua eskaintzen digute arnasgune soziofuntzionalek. Arnasgune diren espazio soziofuntzional ugari elkarren ondoan daudenean, elkar harremanean aritu ahala arnasgune handiagoak edota arnasgune geografikoak eratu ditzakete. Udalerri euskaldunak dira horiek. Bertan euskaraz normaltasunez bizi dira herritarrak; hizkuntza nagusia (bakarra ez izan arren) euskara da.

Eta horietan ere hizkuntza-politika zehatzak aplikatu behar dira. Askotan esan izan dugu hizkuntza-politikak zeharlerrotasun izaera hartu behar duela. Hartara, arnasguneetan ere zeharlerrotasun hori oso beharrezkoa da. Horrexegatik, arras garrantzitsua da etxebizitza-politikan, lurralde-antolamenduaren politiketan… hizkuntzaren irizpidea ere txertatzea.

Egia da, bai, azken hamarkadan lurralde antolaketaren esparruan irizpide berriak txertatuz joan direla, esaterako, iraunkortasuna, parte hartzea edota genero-ikuspegia. Horrez gain, egia da hizkuntzaren berreskurapen-prozesuen azterketei geografiaren garrantzia ere erantsi diela geolinguistikaren jakintza-alor berri samarrak. Hala ere, gutxi hitz egiten da oraindik ere lurralde-antolakuntzak eta hirigintzak hiztun-komunitatearengan duten eraginaz.

Horrexegatik, hain zuzen ere, elementu horiek arnasguneetan zein hizkuntza-ohituretan duten eragina izango ditugu aztergai Lurraldea eta hizkuntza. Hizkuntza eta Lurraldea jardunaldietan. Geolinguistika, euskararen arnasguneetako esperientziak, gure mugetatik kanpo dauden beste arnasguneetako estrategiak… Gai arras interesgarriak arnasguneetan nola eragin beharko litzatekeen ondorioztatzeko.

Aditu askok esana da hizkuntza bat desagertu ez dadin beharrezko sentitu behar dela. Nonbait euskara beharrezkoa bada, arnasgune geografikoetan da. Bertaratzen den edonork euskaraz jarduteko gizarte-araua inplizituki jasotzen du.

Horregatik guztiarengatik, euskararen normalizaziorako abiapuntu eta helmuga dira arnasguneak. Hain zuzen, galera prozesua eman den kontrako norantzan, arnasguneak euskarari eusteaz gain, horiek hedatuz, euren inguruan arnasgune berriak sortuz emango baita normalizazioa.

Xalbadorrek herria gorputza eta hizkuntza bihotza dela idatzi zuen. Euskararen bihotz-guneak erantsiko nizkioke horri, arnasguneak, euskaraz bizitzeko nahitaezkoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.