Euskal selekzioaren etorkizuna

Pepe Turrillas eta Martxel Toledo
2014ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Abendua eta Gabonak iristearekin batera, mutilen euskal selekzioa izaten dugu hizpide, 2008. eta 2009. urteak kenduta, azken 20 urteetan, bere lagunarteko partidak jokatu dituelako. Nesken selekzioak, aldiz, ez du aukera handirik izan horretarako, eta soilik aritu da 2006an, 2007an, 2008an, futbol federazioak antolatuta, eta 2012an, ESAIT, EH Kirola eta Kontseiluak elkarlanean antolatuta. Gaur, berriro, Garmendiko futbol zelaian, Euskadiko futbol federazioaren eskutik, Irlandako selekzioaren aurka arituko da.

ESAITek argi dauka, aspalditik ari da hori esaten, euskal selekzioen ofizialtasuna lortzeko, lagunarteko partidatik haratago joan behar dela, alegia, beste urrats batzuk egin behar direla, urtean behin lagunarteko bat jokatzea, eta nesken kasuan ezta hori ere, ez delako nahikoa. Ez dugu ukatzen hasieran, aldarrikapenaren barruan, lagunartekoek beren lekua izan zezaketela eta izan dute, baina gaur egun eta hainbat urte ondoren, azkeneko urteetan ikusi ahal izan dugun modura, hainbat motiborengatik, urtetik urtera indarra galtzen joan dira. Eta hori begi bistakoa da.

Horregatik, ez diogu zentzu handirik ikusten lagunartekoak antolatzea soilik antolatzeagatik. Eta hori esan genion iaz azaroan Euskadiko futbol federazioari Peruren aurka abenduan jokatu behar zuen lagunartekoaren aurrean egindako bileran, alegia, denon artean beste estrategia berri eta ausartago bat finkatu behar genuela, nahi badugu nazioartean euskal selekzioak ofizialki onartua izan. Eta hori da helburua ezta?

Apirilaren 10ean, Eusko Jaurlaritzak Euskal kirol selekzioen ofizialtasuna: bideragarritasun juridikoa txostena aurkeztu zuen, eta konklusio nagusi batera iritsi da, alegia, Espainiako legediak ez du debekatzen euskal selekzioak nazioartean modu ofizialean lehiatzea, mugatu baizik. Eta ondorioz, nazioartean euskal selekzioak ofizialak izateko hiru aurrebaldintza beharko liratekeela dio: lehenengoa, euskal federazioek nahi izatea; bigarrena, nahi horri Espainiako federaziotik oztoporik ez jartzea; eta hirugarrena, Nazioarteko federazioetan eskaera onartzea. Ez dut uste, ondorio honetara iritsita, inor ilerik gabe gelditu zenik, zeren aspalditik jakinekoak dira; alegia, begi bistakoak.

Ikusi ahal izan dugun modura, euskal herritarren gehiengo batek euskal selekzioaren ofizialtasunarekin bat egiten du, eta gustatuko litzaioke, ahalik eta azkarren, nazioarteko lehiaketetan bere selekzioa ikustea. Alde horretatik, euskal kirol federazio gehienetan ere, guztietan ez esateagatik, nazioartean ofizialki aritzeko aukera hori izatea begi onez ikusiko lukete. Zer esanik ez kirolarien aldetik, finean beraiek dira beren selekzio propioarekin aritzeko ukazioa pairatzen dutenak. Beraz, hori horrela izanda, non dago arazoa aipatu dudan estrategia berri eta ausartago bat martxan jartzeko?

Espainiako futbol federazioak orain gutxi erabaki du 2020ko Eurokopa jokatzeko bere egoitza, alegia, Espainiako egoitza, San Mames izatea. Laster, irailean, UEFA (Europako Futbol Federazioak) aurkeztutako egoitza guztien artean erabakiko du zeintzuk izango diren onartutakoak, eta, ziurrenik, San Mames ere aukeratua izango da.

Testuinguru horretan, ESAIT hainbat eragile politiko eta sozialekin elkartu ondoren, erabaki du Euskal Herriko udal guztietan, ekimen modura, bi puntuko mozioa aurkeztea: 1.- Euskal selekzioa ofizialki nazioarteko txapelketetan gainerako selekzioen baldintza beretan lehiatu dadin aldarrikatzen du. 2.- Hori ahalbidetu ahal izateko, Espainiako Futbol Federazioari Euskal Selekzioari ezarritako betoa kendu eta nazioarteko txapelketetan parte hartzea ahalbide diezaiola eskatzen dio udalak.

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako txosten juridikoak dionaren harira, nazioartean ofizialki aritzeko aurreikus daitekeen oztopo nabarmenena eta begi bistakoena Espainiako Federazioen aldetik badator, uste dugu logikoa ere badela aipatu mozio horietako puntuetako bat Espainiako Futbol Federazioari eskaera hori «presio» gisa egitea, finean bera delako nazioarteko federazioaren aurrean ofizialak izateko euskal herriak duen aukerari bidea mozten diona.

Alde horretatik, uste dugu ESAITek martxan jarritako ekimen instituzional horiek garrantzitsuak direla eta Euskal Herriko udaletan aipatu mozioak onartzea aldarrikapen modura baliagarriak izan daitezkeela. Espero dugu euskal selekzioaren alde dauden alderdi politiko guztiak horretaz jabetzea eta beraien babesarekin aurrera egitea.

Bukatzeko, esan dezagun gure animoak eta babes guztia dutela gaur Azpeitian euskal selekzioa ordezkatuz arituko diren guztiek, kirolariengandik hasita, argi baitaukagu egiten dutena baino gehiago egitea beraien esku ez dagoela, guztion esku baizik, Euskadiko federaziotik abiatuta, hainbat aldiz jokalariei beraiei zuzenean azaldu diogun modura.

Alde horretatik, Euskadiko futbol federazioari eta beste federazio guztiei berriro ere gure eskuak elkarlanerako prest daudela esatearekin batera, Jaurlaritzak ateratako txosten juridikoaren ildotik eta estrategia berri eta ausartago baten bidetik urratsak ematera animatu nahi genituzke. Eta horretan, orain arte bezala, gure laguntza eta babesa, xumea bada ere, izango luketela adierazi. Beraz, animo eta aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.