Futbola baino askoz gehiago

Athletic eta Manchester Uniteden arteko partidaren aurreko orduetan, jarraitzaile zuri-gorriek Bilboko kaleak bete dituzte, giro paregabea sortuz. Bizkaiko herriaren eta haren taldearen arteko katarsia, beste behin azalera.

Bilbo
2012ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Futbol egun handietara ohitzen hasiak dira Athleticeko zaleak. Bizkaitarrei egozten zaien handinahiaren isla, akaso. Normalean, gurariak eta errealitatea ardatz paralelo ukiezinetan marrazten dira, baina erabat itxuraldatu du arau hori Athletic egiten ari den joko axolagabeak.

Atzo, Bizkaiko hiriburuak jantzi zuri-gorria zeraman soinean: etxe zein dendetako leihoetan Athleticeko banderak ziren nagusi, eta taldearen elastikoak zeramatzaten lagunak ere nonahi ikus zitezkeen. Goizetik hasita, giro aparta izan zen hiriko auzo guztietan; alabaina, ohiko guneetan bildu ziren jarraitzaile gehienak.

Hala, Zazpikaleetako tabernak mukuru bete ziren eguerdi partean. Partidaren aurreko orduak lagun artean gozatzera bertara joan zirenek eguraldia zuten alde, eta gehientsuenek kalera irteteko aprobetxatu zuten. Nola ez, entzun zitezkeen elkarrizketek eta kantuek bi kolorez baino ez zeuden tindatuta.

Bazkalorduan Ledesma kaleko terrazak guztiz beteta zeuden. Han eta hemen, Manchester Unitedeko zaleak bilbotarrekin nahasten ziren, aldarte onean. Poliziak partida arrisku handikotzat hartu izanagatik, ez zen bi taldeetako jarraitzaileen artean istilu nabarmenik sortu.

Taupadak gero eta ozenago

Arratsaldean, zaleak Poza kale ingurura mugitu ziren, zerua Ingalaterran hain ohikoa den kolore grisa hartzen zuen bitartean. Hala ere, inork ez zuen pentsatu seinale txarra izan zitekeenik, edo inor ez zen hori adieraztera ausartu, behintzat. Partidaren ordua hurbildu ahala, urduritasuna orokortu zen jarraitzaileen artean. Gallartako neska gazteen kuadrilla batek baikortasun neurritsua adierazi zuten. «Berdinketa lor dezakete, baina ez digute irabaziko».

Ziurrenik, 2009ko Espainiako Kopa finaletik Athletic animatzeko bildu den jendetzarik handienak bete zuen atzo Bilboko erdigunea. 18:00 aldera bi pisuko autobus kabrioleta Poza eta Areiltza kaleen artean agerraldia egin zuenean, eromena piztu zen. Jarraitzaileak errepidearen jaun eta jabe bilakatu ziren, petardoen burrunba lau haizeetara zabaldu zen, eta bufandak airean astindu zituzten zaleek, taldearen ereserkia abestearekin batera.

Azken finean, bizkaitarrei euren taldeak pizten dizkien sentimenduak azaleratu ziren atzo Bilbon. Futbola baino ez da, baina futbola baino askoz gehiago da. Arrakastarekin amestea jarrera kontua dela erakutsi zuten Athleticeko zaleek berriro. Fedea eta indarra. Futbolaren apoteosia.

Athletic-Manchester United argazki bilduma, hemen ikusgai.

www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.