Albistea entzun

XXI. mendeko Atlantidak

Klima aldaketak itsas mailaren hazkundea eragin du. Horren eraginez, Ozeano Bareko hainbat herrialde, uhartez osatuak, desagertzeko arriskuan daude, eta okerrenerako prestatzen hasi dira. Azken urteetan Kiribati bihurtu da kasu ezagunena.
Kiribatiko Nonouti atoloia. Gilbert uharteetako handienetan hirugarrena da, herrialdearen mendebaldean.
Kiribatiko Nonouti atoloia. Gilbert uharteetako handienetan hirugarrena da, herrialdearen mendebaldean. NASA

Mikel Rodriguez -

2011ko irailak 15

Te Mauri, Te Raoi ao Te Tabomoa —osasuna, bakea eta oparotasuna—, hori da Kiribatiko presidente Anote Tongek klima aldaketari buruz duen webgunean irakurleari opa diona sarrerako testuan. Webgune horretantxe argi ohartarazten du, ordea, egoera zeharo aldatu ezean Kiribatiko biztanleen osasuna, bakea eta oparotasuna arrisku larrian egonen dela. Izan ere, berotze efektuak eragindako itsas mailaren igoeraren ondorioz, mende hau bukatu aitzinetik herrialdea osatzen duten 33 uharteak urpean gelditu litezke. Ez da, gainera, arrisku hori pairatzen duen bakarra. Ozeano Bareko eta Indiako Ozeanoko bertze hainbat herrialdek ere ohartarazi dute laguntzarik jaso ezean itsasoak haien arrastoa ezabatuko duela. Mitologiako Atlantida bezala, milaka urtetako zibilizazioak aurki desager litezke.

Kiribatiko Tong presidenteak iragan astean bertan jakinarazi zuen dagoeneko zer-nolako irtenbideetan pentsatu duten. Adibidez, itsas gainean plataforma artifizialak eraikitzeko proiektu batean pentsatu du Tongek, eta uharteak babestuko dituen hesi erraldoi bat eraikitzean. «Zientzia fikzioan bezala izanen da». Munduko herrialde industrializatuenek —eta berotze efektuan erantzukizun gehien dutenek— arazoa bera ia zientzia fikziozkotzat dute, baina Kiribatin errealitate gordina da.

32 atoloik eta koralezko uharte batek osatzen dute Kiribatiko artxipelagoa. Ozeano Barearen erdian daude irla horiek, hiru milioi kilometro koadro baino gehiagoko ur azaleran barreiatuta. Lurraldeak berak, ordea, uharte guztiak batuta, 800 kilometro koadro ditu, eta 103.000 biztanle inguru; hau da, 135 lagun kilometro koadro bakoitzeko. Hor du herrialdeak arazo handienetako bat, gainpopulazioan. Baliabide natural urriak ditu —herritar gehienak itsasotik eta kokoaren ustiapenetik bizi dira—, eta gobernuaren erronketako bat biztanleriari edateko ura bermatzea da. 1990eko hamarkadan, adibidez, 5.000 lagun inguru Hego Tarawa hiri populatuenetik mendebaldeko Line uharteetara lekualdatu zituen gobernuak.

Larritasun horri, itsasoaren presioa gehitu zaio. «Munduko leku gehienetan klima aldaketaren aitzinean prestatzeko denbora dagoen arren, haren ondorioak bertan bizitzeko mehatxu bilakatu diren lehenbiziko herrialdea da geurea. Gu gara ahuletan ahulenak». Presidentearen webgunean ageri den analisi aski argigarria da hori, ohartzeko Kiribatirentzat lehentasunezko arazoa dela, krisialdi ekonomikoaren edo gatazka politikoen gainetik. Are gehiago, azken bi arazo horiek klima aldaketak eragindako ondorio larriak bihur litezke, herrialdearen etorkizunari irtenbide bat bilatu ezean.

Tebua Tanawa eta Abanuea uharteek jada hamar urte baino gehiago daramatzate urpean. Han ez zen inor bizi, ordea. Herrialdeko punturik altuena Banaba irlan dago. 81 metroko konkorra. Gainerakoan, batez bertzeko garaiera bi eta bortz metro artekoa da. Ekaitzak eta haizete gogorrak gero eta ugariagoak dira eremuan, eta, horren eraginez, itsasoak gero eta errazago lortzen du lur azalean barneratzea. Horrek lau ondorio nagusi eragiten ditu Kiribatiko uharteetan: olatuek uholdeak eragitea, ur gaziak edateko uraren iturriak hondatzea, nekazaritzako lurren kaltetzea eta kostaldea higatzea.

Ozeano Bareko biltzarra

Azken urteetan, hango gobernuak nazioartean bilatu duen oihartzunagatik, gehienbat, klima aldaketak arriskuan paratu dituen herrialdeen artean paradigmatikoena bihurtu da Kiribati, baina ez da bakarra. Iragan astean bildu zen 42. Ozeano Bareko Uharteen Biltzarra, Zeelanda Berrian. Hamalau herrialdek osatzen dute biltzar hori, baina parte hartzaileak gehiago dira, begirale edo bazkide status-arekin. NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moon bera eta AEBetako ordezkaritza zabala ere han izan ziren. Nola ez, Australia eta Zeelanda Berria dira erakundeko potentzia nagusiak. Gobernuz kanpoko hainbat taldek salatu dute bi herrialde horiek azken hamarkadetan merkataritza askerako hitzarmen batera mugatu dutela Ozeano Bareko biltzarraren izatea, eta Fijik leporatu die eskualdeko «senide handia» direla —2009an erakundetik kanporatu zuten Fiji, 2006ko estatu kolpearen ondotik hauteskundeak antolatu ez zituelako—.

Munduko herrialde industrializatuenen artean daude Australia eta Zeelanda Berria. Munduko Bankuaren arabera, Australia herrialde kutsatzaileenen artean 11.a da, eta Zeelanda Berria, berriz, 44.a. Atmosferara igorritako CO2 gasaren tona kopurua per capita eginda kalkulatzen dute hori. Ozeano Bareko herrialde gehienak, aldiz, sailkapenaren gibeleko aldean daude. Horregatik, 42. biltzarraren azken deklarazioan, ezin izan dute saihestu klima aldaketaren inguruan egindako adierazpena. «Ozeano Bareko uharteetako herritarren bizi-baliabideentzat, segurtasunarentzat eta ongizatearentzat arrisku nagusiena da». Gas emisioak murrizteko «dei larria» egin diote nazioarteari.

Dirua ere mintzagai izan da biltzarrean. Europako Batzordeko presidente Joao Manuel Durao Barrosok iragarri du Europako Batasunak hamar milioi euro baino gehiagoko funtsa bideratuko duela Ozeano Barean klima aldaketaren inguruko proiektuak finantzatzeko. AEBek, berriz, Txinari dei egin diote finantzaketa proiektuak elkarrekin egiteko. Horrekin, ordea, munduko potentzia nagusiek eskualdean dituzten interes ekonomikoak eta politikoak bermatu nahi dituzte. AEBak, adibidez, Australiaren eta Zeelanda Berriaren aliatu estuak dira, eta Bigarren Mundu Gerraz geroztik kolonia eta uharte ugari dituzte beren menpe Ozeano Barean. Txinak, berriz, harreman ekonomiko eta politiko zabala eratu du eskualdean, eta AEBen interesetarako arerio nagusia da.

Nazioarteak helarazitako laguntzekin, egokitzapen programak finantzatzen dituzte arriskuan dauden herrialdeek. Programa horiekin itsas mailaren hazkundeari aurre egiteko neurriak hartzen dituzte: harresiak eraiki, edateko ura bermatzeko sistemak sortu, kostaldearen erresistentzia handitzeko zuhaitzak landatu, ikerketak egin...

Konponbiderik gabe

Hala ere, diru emaileek ez diote heldu errotiko arazoari: CO2 gas isurketen murrizteari. 1980ko hamarkadan hasi zituzten Ozeano Bareko herrialdeek horren inguruko aldarrikapenak. 1989an, NBEk ohartarazi zuen Kiribatik jasaten zuen arriskuaz. 2001ean, berriz, Kiribatiko, Tuvaluko eta Cook eta Marshall uharteetako agintariek AEBei dei egin zieten Kyotoko protokoloari atxiki zitezen. Gasen isurketak murrizteko helburua du protokoloak, eta 191 herrialdek berretsi dute. AEBak ere sinatzaileen artean zeuden, baina George Bushek bertan behera utzi zuen konpromisoa 2001ean. Nauruko presidente Rene Harrisek ohartarazi zuen orduan nazioarteak isurketak murrizteko neurririk hartu ezean «holokausto moderno» bati aurre egin beharko ziola. Ozeano Bareko uharte errepublika da Nauru, 13.000 biztanle ingurukoa.

Hamar urtean isurketen auziak ez du hobera egin, eta uharteetako biztanleak hasi dira azken irtenbidean pentsatzen: herrialdea uztea. NBE jada hasi da etorkin horien status-a prestatzen. Klima errefuxiatuak dira, eta dagoeneko badira Kiribati eta Tuvalu utzi dituzten herritarrak, bizi-baldintzen gogortzea dela eta. Zeelanda Berriak hartu ditu gehienak. Kiribatiko presidentea azken lau urteetan egon da populazioaren lekualdaketari buruz inguruko herrialdeekin negoziatzen. Egoera horrek, ordea, kezka sortzen die herrialde garatuenei. Bertzelako arrazoiek eragindako migrazioen hartzaile handienak dira, eta gero eta traba gehiago jarri dizkiete etorkinei. Ozeanian bertan, Australiak sortutako atxilotze guneek makina bat salaketa eragin dituzte nazioartean.

Benetako arazoa, baina, herrialderik gabe gera litezkeen milaka lagunek dute. Lekualdatze masibo batek eragindako arazoak humanitarioak baino are handiagoak lirateke. «Zein herritartasun izanen du desplazatutako jendeak? Zer gertatuko da herrialde horien arrantza eskubideekin? Mantenduko al dute NBEko jarlekua?», Christopher Wright Erresuma Batuko diplomatikoak plazaratutako zalantzak dira, aurten Marshall uharteetara eginiko bidaia baten harira. Herri izaera galtzeko beldurra ere hor dago. Mikronesiako klima aldaketaren aurkako ekintzaile Ben Namakinek Tuvaluko errefuxiatuen adibidea paratu du. «Mantenduko al dute haien kultura Zeelanda Berrian? Ez dut uste».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Espainiako Polizia Ukrainaren enbaxadaren ingurumarietan, atzo. ©Chema Moya, EFE

AEBen enbaxadakoei eta Pedro Sanchezi ere bidali dizkiete lehergaiak

Uxue Rey Gorraiz

Sei dira guztira atzemandako bonbak; horietatik bost azken orduetan atzeman dituzte, Espainiako Defentsa Ministerioan, AEBen eta Ukrainaren Madrilgo enbaxadetan, Zaragozako arma lantegi batean eta Torrejon de Ardoz herriko aire basean. Pedro Sanchezen aurkako bonba bat atzeman zuten azaroan. Antzeko ezaugarriak dituzte, eta agian gehiago egongo direla ohartarazi dute.

 ©ROMAN PILIPEY / EFE

Errusiak ez du onartuko Ukrainako gerra krimenetarako auzitegirik

Mikel O. Iribar

Kremlinek «ilegitimotzat» jo du Europako Batzordeak egindako proposamena. Zelenskiren arabera, sei milioi herritar daude argindarrik gabe Ukrainanan.

Hainbat lagun, Israelgo armadak herenegun hil zuen palestinar baten hiletan, Beit Rema herrian, Zisjordanian. ©ALAA BADARNEH / EFE

Israelgo armadak beste bi palestinar hil ditu tiroz, Zisjordanian

Mikel O. Iribar

Jeningo errefuxiatuen kanpalekuan egin dute sarekada Israelgo indarrek. Zortzi palestinar hil dituzte 72 orduan, eta hamar astebetean. NBEk onartu egin du 2023an Nakbaren 75. urteurrena oroitzeko ebazpena.

Elikadurarekin lotutako laguntza izan da aurten gehien hedatu dena. Irudian, elikagaien banaketa, Mendebaldeko Saharan. ©EFE

339 milioi lagunek beharko dute laguntza humanitarioa 2023an, NBEren arabera

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Inoizko finantzaketarik handiena beharko du NBEk —ia 50.000 milioi euro— 68 herrialdetan laguntza humanitarioa eman ahal izateko datorren urtean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.