Europako hauteskundeak. Abstentzioa

Jokatzeko gutxi, eta zelaia urrun

Abstentzioaren bilakaera goranzkoa izan da azken urteetan Europako Parlamenturako hauteskundeetan. Ez dago argi parlamentuaren funtzioa; urrun ikusten da Europako Batasuna.

Jokatzeko gutxi, eta zelaia urrun.
Hodei Iruretagoiena.
2014ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Urrun dago Europako Batasuna herritarrengandik. Urteak aurrera joan ahala, gero eta urrunago, bozetako parte hartze datuei begiratuz gero. Beste behin, aurreko marka guztiak hautsi zituen abstentzioak 2009ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan Euskal Herrian. Eta hala izan da Europako Batasuneko gainerako herrialdeetan ere. Batez beste, %62ra iritsi zen parte hartzea 1979ko bozetan, baina duela bost urte ez zen %43tik pasatu. Ez dirudi maiatzaren 25ean ere joera hori iraultzeko aukera handirik dagoenik.

2009rako, hasia zen krisi ekonomikoaren mamua Europara heltzen. Nabarmenagoa da, ordea, aurten: dagoeneko herritar ugarik bizi izan dituzte beren larruan Troikaren neurrien eraginak. Herrialde askotan, herritarrek hautatutako gobernuen politikak baldintzatu dituzte, eta, batzuetan, gobernu berriak aukeratu dira bozen beharrik gabe. Egoera horretan iritsi da Europako Parlamentua berritzeko zita, eta nekez pentsa liteke horrek mesfidantza leuntzen lagunduko duenik. Argi dago Europako Batasunak eragina duela herritarren egunerokoan. Beste zerbait da zalantzan dagoena: Zer erabaki daiteke botoarekin? Zer aldatu?

«Politikarekiko nekea», «politikarien sinesgarritasun falta» eta antzekoak aipatzen dira askotan, modu orokorrean, abstentzio tasa altuak azaltzeko. Europako Parlamenturako haueskundeei buruz aritzean, baita erakunde europarren inguruko ezezagutza ere.

Kasu honetan, ordea, argi geratzen da garrantzi handiagoa duela erabakimenaren auziak. Hala uste du, behintzat, Asier Blas politologo eta EHUko irakasleak. Haren hitzetan, politika modu tradizionalaren gaineko mesfidantzak azken urteetan «gorakada handia» izan duen arren, horrek ez dauka «harreman zuzenik» abstentzioarekin. «Harreman zuzenagoa du hauteskundeetan jokoan dagoenaren sentsazioarekin», dio. «Zergatik dira Europako Batasuneko hauteskundeak parte hartze txikiena dutenak? Hauteslegoeek ondo dakitelako hauteskunde hauetan apenas jokatzen dela ezer. Ez dago argi zertarako balio duen; urruti ikusten da».

Azken hauteskunde prozesuetako datuak begiratu besterik ez dago. Europako parlamenturako bozetan, Euskal Herrian %54,75 izan zen abstentzioa 2004an, eta %57,63 2009an. Konparazio batera, %36,04an geratu zen 2012ko Eusko Legebiltzarrerako bozetan, %26,2an Nafarroako Parlamentukoetan, eta %20aren bueltan ibili da aurten Ipar Euskal Herriko herri bozetan. Gorabeherak gorabehera, nabarmena da aldea.

Hego Euskal Herrian, 1999ko Europako hauteskundeetakoa izan zen salbuespena: %36,57ko abstentzioa. Urte hartan, Europako parlamentuaren osaera hautatzeaz gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udal eta batzar nagusiena eta Nafarroako Parlamentuarena hautatu behar zituzten herritarrek, eta antzerako parte hartzea izan zen guztietan, bi punturen gorabeheran.

Borroka hori dela argi dute Bruselan ere: herritarrei sinestaraztea Europako Batasuneko auziak erabaki ditzaketela bozka bidez. Hala erakusten du hilaren 25eko bozetarako parlamentuak abiatutako kanpaina ofizialak: Oraingoan ezberdina da. Akzioa. Erreakzioa. Erabakia. Lelo horrekin bultzatu nahi dituzte herritarrak bozkalekuetara. «Funtsean, zein Europa nahi duzun hauta dezakezu. Zuk erabakitzen duzu zer gertatuko den, edo zer ez den gertatutako», nabarmendu dute kanpaina hori azaltzeko.

Aurtengoa «ezberdina» da?

Bi arrazoi nagusi eman dituzte Lisboako Ituna sinatu osteko lehen bozak «ezberdinak» direla argudiatzeko. Batetik, botere legegile handiagoa izango duela parlamentuak: orain arte zenbait lege berresten zituen, baina botere gutxi zuen Europako Batasuneko Kontseiluarekin eta Batzordearekin alderatuta —bi erakunde horiek ez dira zuzenean sufragio unibertsalez hautatzen—; orain, lehen baino lege gehiago berretsiko ditu. Bestetik, Europako Batzordeko presidentearen hautaketa berretsiko duela.

Aldaketak aldaketa, Europako Parlamentua ez da «parlamentu normal bat», Blasen hitzetan: «Izena du parlamentutik, parlamentariak bertan biltzen direlako, baina eskumenak oso-oso murritzak dira». Gainera, ikuspegi demokratikotik Europako Batasuna «antzua» dela dio: «Europatik etortzen diren erabaki asko eta asko inposatzen zaikigu era ez demokratikoan; guk ez ditugu bozkatzen, eta horko ordezkariak ezin ditugu kontrolatu».

Iaz Eurobarometroak egindako inkesta batean nabari da sentsazio hori. «Aintzat hartzen da nire ahotsa Europako Batasunean» esanda, herritarren %57 dago «erabat desados» baieztapen horrekin. 2009ko hauteskundeen ondoren Eurobarometroak egindako inkesta baten arabera, hauek dira abstentziora jo zutenen arrazoi nagusiak: «Oro har, politikarekin konforme ez egotea» (%28), «botoak ez du eraginik edo ezer aldatzen» (%17) eta «interes falta politikan» (%16).

«Propagandarako» lekua

Zertarako balio du, beraz, Europako Parlamentuak? Blasen hitzetan, batez ere, «propaganda politikoa» egiteko. «Alderdiek diru asko lortzen dute, proiekzioa, propaganda... Baina ezer gutxi gehiago». Alde horretatik, uste du interesgarria izan daitekeela proiekzio hori, adibidez, estaturik gabeko nazioen ikuspegitik. «Hauteslegoa mobilizatu badaiteke, boto abertzalea, behintzat, izango da, pentsatzen dutelako Euskal Herria ordezkatua egoteko aukera polita izan daitekeela. Baina uste dut hori hobeto ustiatzen zutela abertzaleek garai batean».

Bide hori darabilte EAJk eta EH Bilduk. Koalizioaren kasuan, gainera, bakegintzan Espainiako Estatua presionatzeko gune gisa ere aurkez dezake parlamentua. Blasek zalantzak ditu, ordea, eraginkorrak izango ote diren estrategia horiek. «Ez dakit funtzionatuko dien. Daukadan sentsazioa da oso altua izango dela abstentzioa eta bi alderdi abertzaleek izango dutela kalte handiena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.