Mendeetako «amnesia»

Euskal Herriari buruz idatzi den historiari buruz, benetakoa ezagutzeko premia plazaratu du Joseba Asiron historialariak, nazionalismoari buruzko masterrari hasiera emateko ekitaldian.

Joseba Asiron historialaria, artxiboko argazki batean. J. MANTEROLA / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Leioa
2011ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Historia garaileek idazten dute, eta gurea, etsaiak idatzitako historia da». Horretaz seguru dago Joseba Asiron historialaria. Garaileek bere historia idatzi, eta, gustuko ez dutena ezabatzen dutela; «amnesia» eragiten dutela. Eta argi du «amnesia» orokortu horrek baldintzatu egiten duela etorkizuna. Gertatutakoa ez ezagutzeak, historian zehar izandako pasarteen berri ez izateak, behin eta berriz «akats berak» egitera darama historialariaren hitzetan; «harri berarekin estropoz egitera». Euskal Herriko historian ere, Nafarroaren historian, horixe gertatu dela dio Asironek. Eta hori zuzendu behar dela; oroimena berreskuratu behar dela. «Gertatutakoa ahazten duena jaio berri bat bezala dago, tresnarik gabe, babesgabe, nora ezean».

Baina ez dago dena galduta. Asironek ohartarazi duenez, «amnesian egonda ere, beti agertzen dira, inkontzienteki, memoria, pasarte batzuk». Horrela gorde da «nafartasuna», euskal izaera; horrela, eta «familiologian», senideen memoria ez-idatzian.

Historia berreskuratzeko lana

Euskal nazionalismoari buruz EHUn egiten ari den masterra irekitzeko ekitaldian parte hartu zuen Asironek, asteartean. 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimeneko kideak agerian utzi zuen lapurtutako historia berreskuratzen tematuta dagoela, eta lan horretan lagundu nahi duen edonori zabaldu dizkio besoak. «Mendeetako amnesia amaitu behar da. Nafarroaren historia berreskuratzen gabiltza, eta nafar, euskal lurraldeei begiratzen».

Nafarroako erresumaz mintzatzen da, eta argi dio berdin-berdin zaiola Nafarroari buruz edo Euskal Herriari buruz hitz egitea; berak dira kontzeptuak, haren ustez. Euskal estatua zein Nafarroako Erresuma. Nafarroako ikurra izan du mahaiaren aurrean jarrita, baina ikurrina jarri izan baliote berdin izango litzaiokeela azaldu du. Sinbologien borroka hori ez du lehentasuntzat, biek kontzeptu bera irudikatzen dutela iruditzen baitzaio. Horri buruz lasai eztabaidatzearen aldekoa da, baina inolako sumindurarik eragin gabe. «Horrek ez du izan behar gure eztabaiden oinarria».

Historia idatzian gordeak dauden gezurrak zuzendu, eta mendez mende benetan gertatutako pasarteak ezagutu eta zabaldu nahi ditu Asironek. Beste hainbat historialari bezala, ikerketetan murgiltzen da horretarako, eta, Nafarroako historialariek Oñatin egin berri duten kongresuan ateratako ondoriorik berrienekin joan zen Leioako hitzaldira; zehaztapenekin, bere tesia indartu duten datu berriekin.

Euskaldunen lehiak

Ondorio batera eraman dute ikerketa guztiek: Uste baino mende gehiagotan, «komunitate kontzientzia» behintzat egon da euskal lurraldeetan. «711. urtean, Iberiar Penintsularen konkista hastean, baskoien aurkako borrokak egon zirela badakigu; errege bisigodoen idatzietan agertzen da hori». Gerora ere, borroka askotan aritu dira baskoiak, euskal herritarrak, nafarrak. Nafarroako Erresumaren barnean elkarrekin sarri, eta, Gaztelak Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba konkistatu ondoren, banatuta.

Baina beti izan dute komunitate kontzientzia, historialariaren hitzetan. Horren erakusletzat du 1212. urtean Gaztelako erregeak Navas de Tolosako Gudura zaldun arabarrak bidali zituenean, horiek uko egin ziotela beren lehengo erregearen aurka, alegia, Nafarroako erregearen aurka borrokatzeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.