Enfrentamendu gogorrak Ukrainan

Igandetik Kiev erdialdea gudu zelai bihurtu dute manifestariek, eta 200 zauritu baino gehiago artatu behar izan dituzte

Xabin Makazaga.
2014ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Viktor Janukovitx presidentearen kontrako protestak gogortu egin dituzte Ukrainan, eta igandetik Kiev hiriburua gudu zelai bihurtu dute muturreko manifestariek. Herenegun ehun mila lagun inguru elkartu zituen oposizioak Independentziaren plazan, eta azken hilabeteetako liskarrik gogorrenak izan ziren manifestarien eta Poliziaren artean.

Ukrainan elkartzeko eskubidearen kontra onartu berri dituzten legeek —dendak jartzea debekatu eta kaskoa edo maskara daramaten manifestariak atxilotzea ahalbidetu dute— protesten gogortzea eragin dute, eta igandean berrehun zauritu baino gehiago izan ziren, manifestariak eta poliziak kopuru bertsuan. Hiru manifestarik begia galdu dute, beste bati eskua moztu behar izan diote, eta guztira 42 ospitaleratu zituzten. Poliziak, izan ere, gomazko pilotak, ur zorrotadak eta negar gasa baliatu ditu protestak desegiteko. Baina 49 polizia ere ospitaleratu dituzte, asko burezurreko traumatismoekin.

Igandean hasitako protestek astelehen goizaldera arte iraun zuten Kieven, eta atzo, eguna lasai hasi zen arren, laster lehertu ziren berriro borrokak.

Janukovitxek oposizioarekin biltzeko lantalde bat eratu zuen, Defentsa Batzordeko eta gobernuko ordezkariz osatua, igande gauean Vitali Klitsxko oposizioko buruzagiarekin bildu ostean. Baina atzo berriro borroka gogorrak hasi zirelarik, «herritar baketsuen segurtasuna bermatzeko» eskura dituen legezko baliabide guztiak erabiliko dituela jakinarazi zuen: «Elkarlanerako prest nintzen, baina istilu larri hauek Kiev bakarrik ez, Ukraina osoa jarri dute arriskuan».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.