Albistea entzun

Khmer Gorrien lau bururen aurkako epaiketa hasi dute Kanputxean, genozidiogatik

1975etik 1979ra izandako genozidioaz leporatuta, lau agintari ohi epaituko dituzte hurrengo hilabeteetan

Mikel Rotaetxe -

2011ko ekainak 28

Hasi da Kanputxean 35 urtetan izandako epaiketarik garrantzitsuena. Horrekin batera, bi milioi lagun hil zituen genozidioaren erantzuleak epaitzeko azken aukera. Datozen egunetan, Phnom Penheko Nazioarteko Auzitegian, orain arte ezkutuan zeuden lau agurek lehenaldiko mamuei aurre egin beharko diete, Khmer Gorriek 1975etik 1979ra bitartean eginiko genozidioa ordaintzeko.

Hil ez diren taldeko buru bakarrak dira akusatuak, eta genozidioa, gerra krimenak, torturak eta errepresioa leporatu diete fiskalek. «Nazien aurkako Nuremberg prozesuaz geroztik izandako kasurik garrantzitsuena da», dio Andrew Cayley fiskalak, II. Mundu Gerraren ondoren eginiko epaiketa burura ekarriz.

Nazio Batuen Erakundeak eta Phnom Penheko gobernuak elkarlanean sortutako ez ohiko auzitegiak orain bost urte ekin zion lanari, Khmer Gorrien sarraskiko biktimei justizia ziurtatzeko helburuarekin. Orain arte, Kaing Guek Eav Duch irakaslea zigortu dute bakarrik, tortura gune bateko buru izateagatik. Urtebete geroago eseri dira akusatuen aulkian Khieu Samphan presidente ohia, Nuon Chea erregimenaren bigarren burua, Ieng Sary atzerri ministro ohia eta Ieng Thirit Gizarte Gaietako ministro ohia. Lau egun iraungo du lehen faseak, eta irailean iritsiko da lekukoen txanda.

Lehenaldiko zauria

1975etik 1979ra bitartean, Kanputxean erregimen maoista bat indarkeriaren bidez ezartzen saiatu ziren Khmer Gorriak, eta bidean bi milioi hildako eragin zituzten, herrialdeko populazioaren laurdena. Lau urtean, hiriak hustu eta biztanleria landan bizitzera behartu zuten, «hiriko kultura eta bizimodua» behin betiko desagertzeko. Kapitalismoaren aurkako gerran dirua, autoak eta jabetza pribatua egun batetik bestera lurperatu, eta Kanputxea estatu hermetiko bilakatu zuten. Hori gutxi balitz bezala, betaurrekoak zeramatzaten, atzerriko hizkuntza bat zekiten edo goi mailako ikasketaren bat zuten pertsonak berreziketa guneetara eraman zituzten; beste asko hil egin zituzten zuzenean.

Lau urtean aritu ziren khmer gorriak sarraskiak egiten, 1979an Vietnamek Kanputxea okupatu zuen arte. Orain, 35 urte igaro ondoren, genoziden aurkako zigor gogorrak espero dituzte herritarrek. Baina zaila dirudi, akusatuak 79 eta 85 urte bitartean dituztelako, eta epaiketak urteak iraun dezakeelako. Cayley fiskalak arazo hori aitortu du, ez baitaki epaituak kasua amaitzerako bizirik egongo ote diren.

Epaiketa funtsezko froga izango da auzitegia biktimek espero duten justizia emateko gai den ala ez ikusteko. Iaz Duch torturatzaileari 35 urteko zigorra ezarri zioten, baina hemeretzi urtera jaitsi diote. Erabaki horrek Kanputxeako egoera nahaspilatsua areagotu baino ez zuen egin, eta, ondorioz, tentsioak gora egin du auzitegian.

Politikari askok epaiketa ez egitea eskatu dute, eta Hun Sen lehen ministroak berak argi adierazi du: «Epaiketa bakarra izango da, aurrera egiteak gerra zibil bat ekarri dezakeelako». Prozesua amaitu bezain pronto auzitegia desegiteko asmoa duela jakinarazi du lehen ministroak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Rahul Ghandi Indiako oposizioko buruaren aldeko protesta isila, gaur goizean, Mumbain. ©Divyakant Solanki / EFE

Bi urteko espetxe zigorra ezarri diote Rahul Gandhi Indiako oposizioko buruari

Maddi Iztueta Olano

Narendra Modi lehen ministroaren aurkako difamazio iruzkinak egitea egozten diote. Lok Sabhatik, hau da, Indiako Parlamentuko behe ganberatik bota dute.

Xi Jinping Txinako presidentea, asteon, Moskun. ©EFE

Txinak Europari eskatu dio jokatu dezala «dagokion rola», Ukrainan su etena gertatzeko

Igor Susaeta

Pekinen arabera, beraiek eta Europak «adostasun estrategiko bat» lortu beharko lukete, horretarako oinarritzat hartuta menia bat bideratzea eta Ukrainako gerrari «irtenbide politiko bat» ematea. EBk txalotu egin du Eslovakiak Kievi gerra hegazkinak ematea.

Xi Jinping eta Vladimir Putin, asteartean, Moskun. ©SERGEI KARPUHIN / EFE
AEBetako armadako lau gerra hegazkin, artxiboko irudi batean. ©SARAH SILBIGER, EFE

AEBek 11 lagun hil dituzte Sirian, «Iranen talde aliatu baten» erasoari erantzunez

Gorka Berasategi Otamendi

Washingtonek Siria ekialdeko azpiegitura batzuk bonbardatu ditu, Iranen hurbileko talde militar batenak direla argudiatuta. Bart drone eraso batean AEBetako herritar bat hiltzea egotzi diote talde horri.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...