Kataluniako Parlamentuak erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengoa handitu du

PSC gehitu da adostasunera, berak aurkeztutako ebazpenarekin; 104 boto alde eta 27 aurka

mikel rodriguez
2013ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
PSC Kataluniako Alderdi Sozialistak ere erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera hartu du parlamentuan, eta, horren ondorioz, Kataluniako alderdi politikoen adostasuna zabaldu da. PSCk berak aurkeztu du erabakitzeko eskubidearen aldeko ebazpena, eta CiU Convergencia i Uniok, ERC Esquerra Republicanak eta ICV-EUiAk Iniciativa per Catalunya-Verdsek eman diote aldeko botoa, 104 guztira. Aurka, soilik PP eta Ciutadans agertu dira, 27. CUP Candidatura d'Unitat Popularreko hiru ordezkariek abstentzioa eman dute, ebazpenean biltzen delako galdeketa egiteko Espainiako Gobernuarekin negoziatzeko beharra. Aldeko botoa eman dutenen artean ere eztabaida sortu du ebazpenak; PSCk urtarrileko subiranotasun adierazpena kritikatu du, baina, CiUren ustez,bi ebazpenak ez daude kontrajarrita, eta ERCrentzat Madrilen oniritzia ez da beharrezkoa.

PSCk atzo aurkeztutako testua CiUk iragan otsailaren 26an Espainiako Kongresuan aurkeztutako bertsua da. Espainiako Gobernuak Generalitatearekin harremanak hasteko eskatu zuen CiUk, Kataluniako herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko galdeketa bat egitea ahalbidetzeko. Pere Navarro PSCko idazkari nagusiak CiUri eta ERCri egotzi die urtarrilean onartutako adierazpenarekin «irteerarikgabeko ataka batean» sartzea, eta horren aldean atzo aurkeztutakoa «jarrera zentzuduna» dela adierazi du. Jordi Turull CiUko parlamentariaren iritziz, baina, atzoko adierazpenak ez du urtarrilekoa «desegiten». «Gaur burujabetzarako adierazpenaren oinarria zabaldu dugu, ez ezazu desitxuratu», erantzun dio Navarrori.

Artur Mas Kataluniako presidentea kritikatu du Navarrok, eztabaidan parte hartu ez duelako. Navarrok baldintzatzat exijitu du Generalitateak galdeketa negoziatzea Espainiako Gobernuarekin ez ezik, erkidego autonomoekin eta Espainiako talde politikoekin. «Sozialista espainiarrekin bederen, neronek hasi dut zure lana», erran dio Masi.

Espainiarekin negoziatzeko baldintza hori ez dute ontzat jo bi taldek: ERCk eta CUPek. «Zer eginen dugu ahal bezain bertze alditan elkarrizketa bilatu ondoren? Zer eginen duzue zuek, PSCko jaun-andereok?», galdetu die Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak. CUPentzat ere «denbora galtzea» da Espainiarekin negoziatzea. ICVko Joan Herrerak, berriz, PSC zoriondu du, eta deitoratu du oraindik ez dutela egin «bide orri partekatu bat» .

Ustekaberik gabe, PP eta Ciutadans izan dira aurka agertu diren talde bakarrak. PPren arabera, PSCk «lasterketa separatista eroari» gehitu zaio. «Navarrok jada ezinen du erran duela gutxi errandakoa: 'Ez gara CiUren txotxongiloa izanen'». Albert Rivera Ciutadanseko buruak, berriz, «epekako sezesionismoa» planteatzea leporatu dio PSCri. Goizeko saioan, Albert Rivera Ciutadanseko buruak legez kanpoko galdeketa bat egin nahi izatea egotzi zion Masi. Masek erantzun zion, baina, Espainiako legediaren arabera eginen dela galdeketa, «eta ezin bada Kataluniakoarekin, dagoenarekin edo parlamentuak sor dezakeenarekin.

PSCren bilakaera

Joan den hilean, PPren eta PSOEren botoekin Espainiako Kongresuak ezezkoa eman zion CiUren proposamenari, baina PSCko hamalau diputatutatik hamahiruk aldeko botoa eman zuten, PSOEren diziplina hautsiz. Oraindik itxi ez den krisialdia ireki zuen horrek alderdi zentralaren eta Kataluniako adarraren artean, baina PSCk iragarri zuen CiUren proposamena Kataluniako Parlamentura eramanen zuela.PSCren arabera, CiUk jarrera «otzandu» zuen urtarrileko adierazpen subiranistatik otsailean aurkeztutakora, eta «koherentzia» exijitu zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.