Futbola. Polonia eta Ukrainako Eurokopa: Ondorena

Inoizko selekziorik onena?

Espainiak finalean erakustaldia emanda irabazi zuen herenegun Eurokopa. Hiru txapelketa handi jarraian irabazi dituen lehen selekzioa da, eta jokalari gehienak 30 urtetik beherakoak ditu.

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako futbol selekzioak bere historiako arorik gozoenean bizi da. Ia titulurik gabeko mende baten ondoren, azken lau urteetan ez du aurkaririk izan. Hiru txapelketa handi irabazi ditu jarraian: bi Eurokopa eta Munduko Kopa bat, inoiz beste selekzio batek jarraian lortu gabeko bilduma. Hurrengo Munduko Kopa bi urte barru izango da, eta, selekzioko jokalarien adinari erreparatuta, Espainia, sailkatzen bada, dagoeneko titulua irabazteko hautagai nagusitzat jo daiteke.

Italiari 4-0 irabazi zion herenegungo finalean, Eurokopa bateko final batean inoiz egon den gol alderik handiena. Vicente del Bosquek zuzentzen duen selekzioa titulua lortzeko hautagai faboritoa zen, eta bete egin ditu pronostikoak. Nagusitasunez, gainera, jokaturiko sei partidetan gol bakarra jaso eta hamabi sartuta. Jokalari onenaren saria Andres Iniestak jaso du, eta golegile nagusia Fernando Torres izan da. UEFAk Eurokopako deialdi ideala osatu du gehien nabarmendu diren 23 jokalariekin, eta hamar Espainiako selekzioko kideak dira, hasierako hamaikako osoa Arbeloa izan ezik.

Emaitzez gain, estiloak egin du ezagun Espainiaren jokoa. Askok Bartzelonaren eraginari egozten diote, baloia kontrolpean izatea lehenesten duelako. Aurkariek ia beti harresia jartzen diote aurrean. Aldiz, zelai erdian enbidoa jotzen diotenek larrutik ordaintzen dute; Italiak, esaterako. Halako jokoa lantzeko orduak behar dira elkarrekin, eta Espainiak jarraitutasun hori lortu du. Duela lau urte Eurokopako txapeldun izan zen taldeko hamabi partaide aritu dira aurten, eta hamalau lirateke Carles Puyol eta David Villa min hartuta ez baleude. Duela bi urteko Munduko Kopa irabazi zuen deialdiarekin alderatuta, berriz, hemeretzijokalari egon dira Polonian eta Ukrainan.

Selekzioaren bizkarrezurra heldua da, baina ez zaharra. Eurokopako txapeldun izan den multzoan hiru jokalarik bakarrik dituzte 30 urte baino gehiago:Xavik, Iker Casillasek eta Xabi Alonsok. Estatistika argigarria da, eta pentsa daiteke laster behintzat taldearen mailak ez duela behera egingo. Azken deialdietan, gainera, hutsune nabarmen batzuk konpondu behar izan ditu Del Bosquek: Puyolek,Villak etaCapdevilak utzitakoak, eta asmatu du. Ramos erdiko atzelari bilakatu du, hegalekoak Jordi Albak eta Arbeloak hartu dituzte eta aurrean Fabregas jarri du. Ondo bidean, bi urte barruko Munduko Koparako deialdirako ez da aldaketa handirik egongo. Hura izan daiteke Xavi taldeko gidariaren azken txapelketa, eta harentzat ere badu ordezkoa Espainiak: nola ez, Iniesta.

Vicente del Bosque da gakoetako beste bat. Luis Aragonesek 2008an diseinaturiko multzoa hartu eta hobetu egin du. Munduko Kopa eta Eurokopa bana irabazi dituen bigarren teknikaria da,Helmut Schoene alemaniarraren ondoren. Ondo dabilena ez aldatzeko ohitura ona du hautatzaileak, eta multzoa kudeatzen badakiela erakutsi du. Taldeko izarren babesa du, eta jasotako kritika urriek ez dute eraginik izan harengan. Duela aste gutxi bi urterako berritu zuen kontratua, Munduko Kopa igaro arte.

Gosea eta garaipen grina desagertzea dira Espainiak dinastia luzatzea eragotz dezaketen aldagai bakarrak, baina taldeak erakutsi du anbizioa baduela. Aurkariei dagokienez, hiru txapelketetako finaletan hiru desberdin izan ditu: Alemania, Herbehereak eta Italia. Hiruretako batek ere ez dirudi bi urte barru Espainiak duen mailara iritsi ahalko denik. Brasilen arrakastara gerturatuz gero, orduan bai, orduan garbi esan ahalko da Espainiakoa hau inoizko selekziorik onena dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.