Herri galiziar xehearen ahotsa

Alvaro Cunqueiro idazle galiziarraren jaiotzaren mendeurrena da gaur. Poeta, narratzaile, kazetari eta gastronomian aditua izan zen, eta errealismo magikoaren ordezkari Galizian.

Alvaro Cunqueiro (1911-1981). BERRIA.
2011ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Ehun urte bete dira gaur Alvaro Cunqueiro idazle galiziarra jaio zela (Mondoñedo, Lugo, 1911-Vigo, Pontevedra, 1981). Galegoz zein gaztelaniaz idatzi zituen bere lanak. Poeta, narratzaile, dramagile, kazetari, mitologo, mahai oparoen zale, ugari dira han-hemenka izkribatuta utzi dituen liburuak. Izan ere, galizierazko idazle laudatuenetakoa izan zen Cunqueiro, gaur egun ere miretsia izaten segitzen duena.

Espainiako Kritika Saria eman zioten 1959an, Las crónicas del sochantre liburuarengatik. 1961ean Real Academia Galegan sartu zen, galizieraren arautze lanak egin ez ezik 1963tik Dia das Letras Galegas antolatzen duen erakundean. Galizierazko Letren Egunean, hain zuzen ere, omendu zutenCunqueiro 1991n. Nadal saria ere eskuratu zuen 1968an, Un hombre que se parecía a Orestes liburuarengatik. Asociacion de Escritores en Lingua Galega sortzen lagundu zuen, eta bibliografia mardula dauka, batez ere galizieraz idatzitakoa.

Generoei dagokienez, guztiak landu zituen, baina fikzioa eta errealitatea nahasten dira maiz Cunqueiroren obretan. Eta kazetari lanetan ere aritu zen. El Faro de Vigo egunkarian idatzi zituen artikuluak hainbat bildumatan argitaratu zaizkio hil ondoren.

Sailkatzen zaila

Santiagoko Unibertsitatean Filosofia eta Letretako ikasketak hasi zituen, baina, gero, haiek utzi, eta kazetari lanetan hasi zen. Idazle elebiduna izan zen, hots, gaztelaniaz eta galegoz idazten ohitua. Hiru aurpegiko idazlea, bestalde: kazetaria, poeta eta narratzailea. Poeta gisa hasi zen 1932an Mar ao Norde abangoardiako poesiako liburuarekin, eta egunkarietako artikuluetan nahiz narrazio liburuetan agerian egongo zen beti poesiaren kutsua.

Cunqueiroren idazlanak sailkatzen zailak dira. Autore batzuen arabera, antzekorik ez duen idazlea da, bere buruarengan baino parekorik ez duen gogo asmatzailea. Errealismo sozialaren esparruan mugitzen ziren haren garaikideetako batzuek uste zuten Cunqueirok lan idorra egiten zuela, konpromisorik gabea, alferrikakoa. Beste batzuek, ordea, ikusi zuten nola Cunqueiro, artean bizirik zegoen kostunbrismotik zerbait hartuta, mitoaren eta alegiaren munduan murgiltzen zen. Galiziako jendeak agerian nekez utziko zituen gauzak kaleratuz, galegoaren izaeraren bitxia azalaraziz. Mitoa eta alegia errealitatearekin orekatzen zituen bere oroitzapenen gogoeta desitxuratzailea erabiliz. Hego Amerikako alegiazko literaturarekin lotu izan dute autore horiek, eta Cunqueiroren narratiba lan nagusietako batzuk Garcia Marquezen Cien años de soledad-en eta Rafael Sanchez Ferlosioren lanen parean jarri dituzte.

Euskarara itzulitakoak

Cunqueiroren Hareazko erlojua ipuina itzuli zuen Andres Urrutiak Idatz & Mintz aldizkarian 1985ean, eta Poemas náufragos poeta galegoen antologia txiki batean hiru poema Joseba Sarrionandiak 1991n. Liburu bakarra dago euskaraz: Han-hemengo jendea (1971), 49 narrazioz osatua, galiziarren erretratuen galeria bat, Literatura Unibertsala bildumarako Mikel Iriartek 1996an itzulia.

Euskal idazleen artean oso maitatua da Cunqueiro. XX. mendeko galizierazko literaturak emandako idazlerik eraginkorrenetakoa eta zabalduenetakoa da. Pako Aristik bere irakurketak aipatzen dituenean zera azaltzen du: «Alvaro Cunqueiroren bidez Galizia ezagutu nuen. Urrundik bueltan ibili nintzen etxekoa maitatzen ikasteko. Lehendabizi Xente de aquí e de acolá irakurri nuen, eta txunditu egin ninduen: Galiziako jende xehearen eta xelebrearen istorioak ziren, samur eta grazia handiarekin kontatuak». Joseba Sarrionandiaren idazle kuttunen artean ere badago Cunqueiro. Espetxeratu ondoren idatzitako lehen artikuluan Raoul Walsh zinemagile hil berria izan zuen hizpide, eta bigarren idatzia, berriz, Alvaro Cunqueiro poeta galiziarrari eskaini zion. Hala zioen gerora egin zioten elkarrizketa batean: «Espainolek espainiera hizkuntza unibertsal moduan ezarri digute beti, eta ideia horren aurkako erresistentzia izango da seguru asko, espainieraren bitartekaritza gainetik kentzeko, nik behintzat nahiago dut Alvaro Cunqueiro galegoz irakurri espainieraz baino». Cunqueiroren alegiazko pertsonaiak zenbait idazleren inspirazio iturri izan dira. «Behin esan zuen arrainek bazekitela berba egiten», gogoratu duKirmen Uribek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.