Nefertitiren mendeurrena kobatik kanpo

Mende bat igaro da Nefertitiren artelana aurkitu zela, eta omenaldi gisara, erakusketa berezi bat antolatu dute Berlinen; lanaren erreplika ukigarri bat da bertako nobedade nagusia.

2012ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Egunotan, mende bat bete da Nefertiti erreginaren bustoa aurkitu zutela. Hain zuzen ere, 1912ko abenduaren seian aurkitu zuen eskultura Ludwig Borchart arkeologoak Amarna haranean (Egipto). Aurkikuntzaren mendeurrena ospatzeko, erakusketa antolatu dute Berlingo Neues museoan; Amarnako argipean, 100 urte Nefertitiren aurkikuntzaz (In the light of Amarna. 100 years of the Nefertiti discovery) da erakusketaren izena.

Niloko erreginaren artelanak Alemaniara eginiko bidea ez da erraza izan. Hiru milurteko Armana bailarako (Egipto) lurrazpian gordeta igaro ostean heldu zen bertara, Borchart eta bere taldeak aurkitu eta gero; 1924. urtean, Neues museoan aurkeztu zuten, ahalik eta II. Mundu Gerraren ostean Adolf Hitlerrek Turingiako meategi batean gordetzea agindu zuen arte. AEBetako tropek berreskuratu ostean, Berlingo mendebaldeko eremuan aurkeztu zen. Kanpo aldean lehenbizi, Charlottenburg auzoan 1967az geroztik. Harresia bota eta gero, Alemaniako hainbat egoitzatatik igaro da Nefertitiren artelana. Munduko pieza preziatuenetakoa2009an ezarri zen, ostera, bere Berlingo etxean, Berlingo Uharteen Museoko Neues egoitzan, hain zuzen.

Artelanaren kokapenak zeresan handia eman du beti. Hain zuzen ere, Egipto eta Alemaniak urteetan izan duten elkarren arteko ika-mika. Bi herrialdeek altxortzat dute artelana, eta biek aldarrikatzen dute haren jabegotza. Egiptoarren arabera, Nefertitiren irudia beste 5.000 piezarekin batera atera zuten herrialdetik; legez kanpo eraman zituztela argudiaturik hainbat itzulera eskari egin dizkiete egiptoarrek. Berlingo Uharteen Museoko nagusi Michael Eissenhauerrek esandakoaren arabera, Niloko erregina ez da sekula mugituko Berlindik.

Erregina bere habitatean

Erakusketarekin, Nefertiti orain artean ez bezala erakustea da museoko arduradunen helburua, hots, Amarna hirian, horrek zituen ezaugarriekin; hiria Akenaton faraoiak sortu zuen, Argiaren erlijioarentzako baliozko lekuak eskaini ahal izateko asmoarekin. Hiru urtean eraiki zuten, eta kristo aurreko 1343. urtean iritsi ziren lehen biztanleak. Bertako indusketetan 7.000 eta 10.000 pieza artean aurkitu ziren, eta egun, horietako 5.000 daude Alemaniako hiriburuan. Orain artean, museoan garrantzi historikoa zuten pieza batzuk soilik erakutsi dira, hala nola iztukuz eginiko buruak, edota bestelako eskultura batzuk.Oraingoan, berriz, bisitariari aipaturiko testuinguruan sakontzea proposatu zaio; horretarako ohiko lanabesak daude ikusgai, besteak beste.

Urteetako hondamendiaren ostean, 2009an berriz ireki zituen ateak Berlingo Uharteen Museoko eraikinak. Erakusketa horren ardatza izen bereko herriaren aztarnetan aurkitutako piezak dira; izarra, ordea, Niloko erreginaren artelan ukigarria izango da. Mota honetako erlikiak hauskorrak izan ohi dira, eta museoek ez dute maiz ematen artelanak ukitzeko aukera. Azken urteetan eskultura garaikide zein moderno ugari izan dira publikoak ukitzeko berariaz sortuak; aldiz, ez da izan Nefertitiren kasua, egun arte. Hala ere, Nefertitiren kobrezko erreplika ukigarria baino gehiago da erakusketa. Garai horretan Egiptoko erregea zen Akenatonen bustoa ikusgai egotea nabarmendu dute antolatzaileek. Museoko arduradunen esanetan, erakusketa berri honen funtsa Nefertiti bere testuinguru historiko eta kulturalean azaltzea da. Guztira, 400 piezak osatzen dute erakusketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.