Parte hartzaile marka hautsi du aurten Lilatoiak

2.500 lagun baino gehiago aritu dira Lilatoiko lasterketa nagusian, eta 100dik gora LilaRollerrean

Bost kilometro ditu Donostiako Lilatoiaren ibilbideak. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Erredakzioa
2013ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Eguraldia lagun izan zuten igandean 24. Lilatoiko korrikalariek, eta jai giroa nagusitu zen parte hartzaileen artean. Urtetik urtera indartuz doan lasterketa da, kirola egitera ohituta daudenak eta ez daudenak biltzen baititu. Horren erakusle dira datuak: igandean, 2.500 emakume baino gehiago ibili ziren korrika bost kilometroko ibilbidean, eta 100 lagun baino gehiago izan ziren ibilbide bera patinen gainean egitera animatu zirenak. Guztira, 2.692 emakume.

Teruelgo (Espainia) Elena Silvestre izan zen garailea, ibilbidea 17 minutu eta 48 segundoan osatuta. Lehen euskal herritara, berriz, Ana Llorens iruindarra izan zen. Norbanakoen parte hartzeaz gain, antolatzaileek taldekako parte hartzea ere bultzatu nahi dute; modu horretara, korrika egitera emakume gehiago animatuko direlakoan baitaude. Alde horretatik, sari bereziak eman dizkiete bi taldeei: hain zuzen ere, jende gehien bildu dutenei. Legazpiko (Gipuzkoa) taldea izan zen bat, 85 lagunekoa, eta Jantzi Antiju Morik deiturikoa bestea, Oiartzungoa, 35 lagun ingurukoa.

Emakumeak kirola kalean egitera animatzeko 1990ean sortu zuten lasterketa. Lehenengo lasterketan 115 emakume ibili ziren korrika, eta ordutik, urtero errepikatu duten ekitaldia izan da.

Angeluko (Lapurdi) Itsas Laminen korrikak zazpi kilometro ditu, eta igandean egingo dute, Barratik abiatuta, 11:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.