Venezuela. Hugo Chavezen heriotza

Komandanteak eman du azken hatsa

«Biriketako beste infekzio batek» okertu du Venezuelako presidentearen osasun egoera, eta bart eman dute haren heriotzaren berriMaduro lehendakariordeak Venezuelaren arerioei egotzi die Chavezen minbizia

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2013ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
«Gaur, martxoak 5aren arratsaldeko laurak eta hogeita bostetan [22.00ak Euskal Herrian], Hugo Chavez Frias komandantea hil da». Nicolas Maduro Venezuelako presidenteordeak, agintarien kupulako kideek inguratuta, Chavez presidentearen heriotza jakinarazi du bart gauean, telebista eta irrati bidez. Hunkituta eta malkoei eutsi nahian mintzatu da Maduro. Iraultza bolivartarraren komandanteak azken hatsa eman du. XXI. mende hasieran Venezuelan ez ezik, Latinoamerikan botere orekaren aldaketa abiarazi zuen erreferentziazko pertsonaia desagertu da. Hala ere, Madurok esan du Chavezen proiektuari eusteko konpromiso irmoa duela Venezuelako Gobernuak, eta «Chavez inoiz babestu ez duten haiei» zuzendu zaie, «herriaren dolua» errespeta dezatela eskatzeko.

Madurok armadaren eta Poliziaren hedatze berezi bat agindu du, «bakea» bermatzeko. Datozen egunotarako tentsioa, eztabaida beroak eta mugimendu ugari espero dira Venezuelan, gobernuak Chavez ordezkatzeko hartuko dituen pausoen esperoan. Hauteskundeen oihartzuna ozen adituko da.

Chavezen heriotzaren aurreko orduetan, tentsioa nabarmena zen Venezuelan. Gobernuko kideak, 20 gobernadore sozialista eta agintari militar gorenak, denak bilera berean elkartu ziren Miraflores presidente jauregian. Chavezen falta inoiz baino agerikoagoa zen, eta hutsune horrexen garrantziak eragin zuen bilkura. Ordu batzuk lehenago, izan ere, Komunikazio ministroak adierazpen ofiziala irakurria zuen telebista kameren aurrean, Chavezen egoerak «okerrera» egin zuela jakinarazteko.

Maduro lehendakariordeak ostiralean jakinarazi zuen Chavez kimioterapia jasotzen ari zela, eta oposizioa presidentearen osasunari buruzko azalpenak indar berriz eskatzen hasia zen ordutik. Atzo ere, Chavezek oinordeko politiko izendatuta daukan berari, Madurori egokitu zitzaion Miraflores jauregiko premiazko bilera bukatu osteko adierazpenak egitea.

«Herrialdearen garapenerako egitasmoen urratsak neurtzea», hori zen atzoko bileraren helburu ofiziala. Bukatu zenean, lehendakariordeak Chavezen osasunari buruz esango zituen hitzen zain zeuden kazetariak eta herritarrak, eta etorri egin ziren: «Abenduaren 11ko ebakuntzatik hona bizi behar izan dituen unerik larrienak ari da bizitzen Chavez komandantea». Erantsi zuenez, infekzio «oso larria» zeukan, «eta konplikazioak arnasketa sisteman».

Lehendakariordeak dei egin zien venezuelarrei, atzoko bileran agertutako «iraultzaren zuzendaritza politiko-militarrarekin» konfiantza izan dezaten. Venezuelaren «arerio historikoei» egotzi zien presidentearen gaixoaldiaren ardura, gainera. «Haren osasunari kalte egiteko puntuaren bila ibili dira», Maduroren esanetan. «Nahikoa zantzu badugu gai horren inguruan, baina oso serioa da ikuspegi historikotik, eta zientzialari batzorde berezi batek ikertu beharko du».

Yasser Arafat buruzagi palestinarraren kasua ekarri zuen gogora lehendakariordeak. «Aberriaren arerio historikoak laztu egin ditu bere erasoak», haren hitzetan, eta Venezuela kolokan jartzeko planak abian dira, hango demokraziaren «funtzionamenduaren muinari erasotzeko». Horrekin lotutako albiste bat eman zuen lehendakariordeak, gainera: diplomazialari estatubatuar batek 24 ordu zeuzkala Venezuelatik alde egiteko.

Bi estatubatuar kanpora

David Delmonaco agregatu militarra Venezuelako armadako militar batzuk erakartzen saiatu izan da, Caracasko Gobernuaren esanetan: «Lehenik, armadaren inguruko informazioa biltzeko; eta bigarrenik, militar horiei herrialdea kolokan jartzeko egitasmoak proposatzeko». Maduroren arabera, Delmonacoren jarduerak nazioarteko itunak hautsi ditu, «eta 24 ordu dauzka maletak prestatu eta Venezuelatik alde egiteko».

Elias Jaua Venezuelako kantzilerrak beste diplomazialari estatubatuar baten izena ere eman zuen segidan: David Kostal. «David Delmonaco eta bera pertsona non grata izendatu ditugu. 24 ordu dituzte joateko». Erantsi zuenez, ikerketa bat abian da. «Ziurrenik, eskuin ustelaren aurkako akusazioak ekar ditzakeen loturak aurkituko ditugu».

Henrique Capriles oposizioko buru ezagunena atzo New Yorken zegoela nabarmendu zuen Jauak. Pentagonoak, berriz, Delmonaco etxerako bidean zela jakinarazi zuen atzo bertan.

Atzoko eguna ez zen Mirafloresko bilerarekin hasi, ordea. Komunikazio ministroak larritasun ukituko mezua zabaldua zuen ordu batzuk lehenago telebista kameren aurrean: «Gaurko egunez, komandante presidentearen arnasketa sistemak okerrera egin du, haren koadro klinikoari dagokion immunodepresio egoeraren ondorioz. Egun, beste infekzio larri bat dauka». Erantsi zuenez, «asko erasaten» duen kimioterapia» ari zen jasotzen. «Orokorrean, haren egoerak oso larria da oraindik ere».

Berehala zabaldu zen albistea herrialdean eta kanpoan, Chavezen osasun egoera benetan larria izan zitekeelako errezeloarekin batera. Hainbat abokatu eta unibertsitate irakaslek Auzitegi Gorenaren egoitzara jo zuen, presidentearen osasun egoera baieztatuko zuen mediku batzorde bat osa zezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.