'Bateragune auzia'

EH Bildu: «Oker dabil Espainia bake egoera zapuztu nahian»

Barrenak salatu du «erabat politikoa» dela Konstituzionalak 'Bateragune auzian' hartu duen erabakia, «PPk eta PSOEk babestua»Auzitegien erabakiak «errespetatu» beharra nabarmendu dute PSE-EEk, PPk eta UPDk

Merino, Barrena eta Ziarreta, atzo, EH Bilduk Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaz iritzia emateko Donostian egindako agerraldian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Donostia
2013ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
«Zergatik mantentzen dituzte kartzelan? Euskal Herriko konponbide prozesua zapuztu nahi dutelako». Hala baieztatu du EH Bilduko Pernando Barrenak, eta salatu du «eskandalagarria» eta«%100 politikoa» dela Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta preso mantentzeko hartu duen erabakia. Haren esanetan, erabaki politikoa izan zen 2009ko urrian, PSOE gobernuan zela, Espainiako Poliziak egindako operazioa; baita epaiketaren ondoren auzitegiek jarritako zigorrak ere.

Sortuko bozeramailearekin batera, Aralarren Gipuzkoako koordinatzaile Ernesto Merino eta EAren instituzio politikako buru Unai Ziarreta izan ziren EH Bilduren agerraldian. Barrenak adierazi zuen «errepresio eta salbuespen politikarekin» jarraitzen duela Espainiak,eta horren isla dela Auzitegi Konstituzionalaren erabakia. EH Bilduren iritziz, «euskal jendartearen bake eta konponbide nahia» zapuztu nahi du Espainiak horrelako erabakiekin, baina bide horretan «oker» dabilela ohartarazi zion koalizio subiranistak. «Euskal gehiengo politiko eta sozialak bake eta konponbide jokalekua eraikitzeari ekin dio, nazioarteko komunitatearekin elkarlanean». Horrela, PPri mintzatu zitzaion Barrena, eta esan zion hobe lukeela bake egoera horren aldeko jarrera hartzea: «Hor, denok izango gara garaile».

IÑIGO URKULLU

Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

«Pertsona horiek, arrazoi horregatik, ez zituzten espetxeratu behar»

Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaz ez zuela iritzirik emango argitu ondoren, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk esan zuen epaileek «lehenbailehen» ebatzi behar luketela auzipetuek jarritako babes helegitea. Lehendakariak nabarmendu zuen, «koherentziaz», operazioa egin zutenean agertutako iritzia duela orain ere: «Pertsona horiek, arrazoi horregatik, ez zituzten espetxeratu behar». Gainera, «atzera begira daudenak» kritikatu zituen Urkulluk, eta aldarrikatu zuen guztiek dutela zeregina «garai berria sendotzeko lanean».

JOSE ANTONIO PASTOR

PSE-EEren bozeramailea Legebiltzarrean

«Agerikoa da euskal gizartearen zati handi batekez duela ulertzen erabaki hau»

Ezer baino lehen, Eusko Legebiltzarreko PSE-EEren bozeramaile Jose Antonio Pastorrek argi utzi zuen «errespetatu» egiten dituela Espainiako auzitegien erabaki guztiak. Hala ere, Pastorrek onartu zuen «agerikoa» dela gizartearen «zati handi batek» ez duela ulertzen Bateraguneko auzipetuak kartzelan mantentzeko Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakia.

IÑAKI OIARTZABAL

PPren EAEko idazkari nagusia

«Justiziarekin garaitu behar da terrorismoa; ezin da inpunitatearekin jolastu»

«Konfiantza osoa» agertu du Espainiako auzitegiengan PPren EAEko idazkari nagusi Iñaki Oiartzabalek, eta esan du denek errespetatu behar dutela Auzitegi Konstituzionalaren erabakia. Haren esanetan, ezin zaio «inpunitatez» aurre egin ETAk jarduera armatua uztea erabaki ondorengo garaiari: «Justiziarekin garaitu behar da terrorismoa. Ezin da inpunitatearekin jolastu egokitasun politikoaren arabera». Izan ere, Oiartzabalek ziurtatu du auzitegiek erabakiak «bulkada politikoei jarraitu gabe» hartzea espero duela gizarteak, eta ez egoera politikoaren arabera.

GORKA MANEIRO

UPDren bozeramailea Legebiltzarrean

«Erabakirik logikoena da;ona da demokraziarentzateta askatasunarentzat»

Auzitegi Konstituzionalak har zezakeen erabakirik «egokiena eta logikoena» hartu duela esan du UPDren Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Gorka Maneirok. Haren ustez, «ona da demokraziarentzat eta askatasunarentzat» auzipetuak preso mantentzea.

CAYO LARA

IUko koordinatzailea

«Akats politikoa da; Otegik gehiago lagundu dezake espetxe kanpotik»

IUren koordinatzaile Cayo Larak adierazi zuen «akats politikoa» dela Auzitegi Konstituzionalaren erabakia. «Otegik gehiago lagundu dezake espetxe kanpotik». «ETAren irtenbidearen parte izan liteke, zorionez, hura garaituta dagoelako», arrazoitu zuen Larak.

PAUL RIOS

Lokarriko koordinatzailea

«Egoera bidegabea da, ekintza politikoengatik baitaude espetxean pertsona horiek»

«Ulertezintzat» jo zuen Lokarriko koordinatzaile Paul Riosek Auzitegi Konstituzionalaren erabakia. Izan ere, Riosek gogora ekarri zuen zigorraren zatirik handiena betea dutela auzipetuek, eta babes helegiteari buruzko erabakia «gehiegi» atzeratzen bada «kalte larria» jasango dutela. Gainera, Lokarriko kideak salatu zuen «egoera bidegabe bati» eutsiko diola auzipetuak preso mantentzeko erabakiak, «pertsona horiek ekintza soilik politikoengatik baitaude espetxean». Riosek nabarmendu zuen haiek bultzatu zutela ezker abertzaleak «bide soilik politiko eta demokratikoen aldeko apustua» egitea, eta «elkarbizitzaren aldeko apustua» litzatekeela bostak aske uztea.

JUAN KALPARSORO

EAEko fiskal nagusia

«Konstituzionalak erabateko lehentasuna eman behar dio auzipetuen helegiteari»

«Denbora luzea» daramate espetxean Otegik, Diezek, Jacintok, Rodriguezek eta Zabaletak EAEko fiskal nagusi Juan Calparsororen iritziz ere. Auzitegi Konstituzionalak auzipetuak behin-behinean aske uzteko arrazoirik ez dagoela ebatzi duen arren, Kalparsorok adierazi zuen «erabateko lehentasuna» eman behar liokeela auzitegiak bostek jarritako babes helegitea aztertzeari, zigorraren erdia baino gehiago betea dutelako. Gainera, EAEko fiskal nagusiak gogorarazi zuen Auzitegi Konstituzionalak ere onartu duela egotzitako delituen garrantzia.

LAB

«Oso larria da prozesua blokeatzen tematzea,eta gero eta eutsiezinagoa»

LAB sindikatuak salatu zuen «oso larria» izan zela sindikatuko idazkari nagusi ohi Rafa Diez eta beste auzipetuak zigortzea: «Euskal Herriak duen gatazka praktika politikoarekin gainditzen saiatzea izan da haien delitu bakarra». Orain, Espainia «konponbide prozesua blokeatuta mantentzen tematuta» dagoela dio LABek, eskura dituen baliabide guztiekin. «Oso larria da hori, eta gero eta eutsiezinagoa», erantsi zuen, baina ohartarazi zuen «porrotera kondenatuta» dagoela estrategia hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.