Historiaren zubian dantzan

Aukeran konpainiak bihar estreinatuko du Arriaga antzokiarekin elkarlanean ekoitzitako 'Burnia' ikuskizuna, BilbonBurdinaren aro historikoez Unai Elorriagak idatzitako testuetan oinarritutako lana da

Aukeran konpainiak burdinaren inguruan sortu du Burnia obra. AUKERAN KONPAINIA.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Dantzaren arinaren eta burdinaren astunaren artean zubiak eraiki ditu Aukeran-ek, nola begiratzen diren muturreko izan daitezkeen elementu eta egoerak elkarrekin lotuz eta errepikaezina izango den ikuskizuna sortuz: Burnia. Bilboko Arriaga antzokiarekin elkarlanean ekoitzitako lana bihar estreinatuko du. Beste bi emanaldi ere egingo ditu, etzi eta etzidamu, 20:00etan denak ere.

Bilboko Udal Bandak interpretatuko du zuzenean Fernando Velazquezek Burnia-rako beren beregi sortutako musika. Eta Aukeran konpainiako zuzendari Edu Muruamendiarazek adierazi du horrek «bakar eta errepikaezin» bihurtuko dituela Burnia-ren hiru emanaldiak. «Ezingo dugu berriz ere horrela eman, ez behintzat bitarteko horiekin guztiekin», ohartarazi du.

Obra bat elkarlanean ekoizteko aukera eman zion Arriagak Aukeran konpainiari, eta Bilbon eta Bizkaian hainbesteko garrantzia izan duen burdinaren inguruan ontzea erabaki zuen Muruamendiarazek. Unai Elorriagari proposatu zion gidoia lantzea. Idazleak «harriduraz» hartu zuen eskaintza, artean burdinak historian izandako garrantziaz hausnarketa sakonik egin gabea baitzen. Pentsatzen jarrita atoan etorri zitzaizkion ideiak. Zer eta Euskal Herriko historiaren zati bat pasatu zitzaion begien aurretik. «XIX. mendea baino lehenagoko burdinolez gogoratu nintzen, eta Labe Garaiez gero. Baina tartean egon ziren gerra karlistak, eta ondoren ingelesak etorri ziren. Espainiako gerra izan zen gero, eta harekin batera Burdin Gerrikoa. Ondoren, etorkinak etorri ziren industrian lan egitera».

Metalezko musika

Historia egin duten burdinari loturiko aro eta gertakari horiekin osatu du Burnia. Historiako atal bakoitzari obrako atal bat eskainiz. Esanahi historiko handiko ikurren bitartez lotu ditu Elorriagak, zubi eta trenen bidez. «Pasarte bakoitza zubiaren irudiarekin hasten da, eta trenarekin amaitzen», azaldu du idazleak. Hots, atal bakoitzaren hastapenean zubiaren irudia iradokiko duen off-eko ahots bat mintzatuko da. Eta Elorriagak berak idatzitako poemak errezitatuko ditu gehienetan. Atalen amaierako trenen irudia dantzariek taularatuko dute. «Eta hor daude ideiak. Zubiek zer lotzen eta banatzen duten. Eta gerretan zergatik suntsitzen dituzten». Ideia nagusiak, baina ez denak. Izan ere, bada besterik: «Herrenaren figura». Herrenak irudikatzen eta ordezkatzen duena.

Muruamendiarazek esan duenez, herrenaren irudia desberdin mugitzen den dantzarian islatuko dute. Eta uneren batean, denak mugituko dira desberdin, denak herren bihurtuz.

Hamar dantzari izango dira oholtzan: Ander Errasti, Naikari Galarraga, Ioritz Galarraga, Ane Anza, Ekain Kazabon, Ione Iriarte, Aritz Iglesias, Nerea Gurrutxaga, Martin Barandiaran eta Helis Legorburu.

Fernando Velazquezen Burdinazko musikaren doinuen erritmopean ariko dira. Velazquezek Bizkaiko Labe Garaiez dituen suzko oroitzapen beroetan oin hartu du musika sortzeko. «Zarata handia dago, apurtzeak sortzen duen zarata», azaldu du konpositoreak. Emaitza «oso metalezkoa eta pelikulakoa den musika» dela dio Muruamendiarazek. Konpositorearen lan egitea ez zaiola «erraza» suertatu esan du koreografoak. «Hasiera batean kostatu egin zitzaidan bidaltzen zizkidan musikak identifikatzea».

Velazquezek nabarmendu du Burnia «egile askoren» obra dela. «Hain zuzen, horretan datza bere aberastasuna. Askoren sortze prozesua izan da, eta jatorri desberdineko energiak biltzetik aurrez inork espero ez zuen obra atera da». Juan Jose Oconek zuzenduko du Bilboko Udal Banda. Eta Muruamendiarazekin batera, Carlos Roo eta Daniel Biancoizango dira eszena zuzendari.

Muruamendiarazek dio Aukeran-en estiloko obra dela Burnia, konpainiak orain artean egindakoaren segida dela, baina urrats bat aurrera egin dutela. Berritasunen artean aipatu du eszenografia. «Minimalistagoak ziren gure aurreko lanak. Oraingo honetan, burdinazko egiturekin jolastu gara», esan du Aukeran-eko koreografo eta zuzendariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.