Protestak herrialde arabiarretan

Libiako erregimenak sarraskia eragin du Tripoliko karriketan

Al Jazeeraren arabera, manifestazioak artilleriarekin eta hegazkinekin bonbardatu ditu armadak, eta ehunka hil diraHainbat hiri manifestarien kontrolpean daudela onartu du gobernuak

mikel rodriguez
2011ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Herrialde arabiarretako erreboltarik odoltsuena izaten ari da Libiakoa. Tripoli hiriburuan atzo sarraskia eragin zuen armadak. Al Jazeera katearen arabera, hegazkinekin eta artilleriarekin bonbardatu ditu manifestazioak, eta hildakoak ehunka dira. Goizetik hiriburuko karriketan gorpuak «nonahi» ikus zitezkeela jakinarazi du Al Jazeerak. Iturri berberaren arabera, Tripoli gobernuaren aldeko talde armatuek «setiatu» dute, eta zibilei tiroka aritu dira.

Erregimenak hedabideei ezarritako neurri zorrotzek eta herrialdean nagusitu den kaos egoerak, oro har, informazio zuzena lortzeko zailtasun nabarmenak eragin dituzte, eta agentzia eta hedabide gehienek telefono bidezko testigantzak erabili dituzte iturri gisa. Errebolten erdigunea Bengazi hiria izan da orain arte, baina dagoeneko gainerako hiri nagusietara hedatu da. Erregimenak onartu du hiri batzuen gaineko kontrola galdu duela, eta gerra zibilaren mehatxua erabili du.

Erreboltak jauzi garrantzitsua eman du, Tripoliko karriketara hedatu baita. Orain arte Gaddafiren aldekoek irmo kontrolatu dute hiriburua, eta koronelari sostengua agertzeko manifestazio jendetsuak ere egin dituzte. Oposizioak, ordea, hasierako ezintasuna gainditu eta indarrez erantzun du. Berri agentzien arabera, gobernuaren eta Justizia Ministerioaren egoitzak erre dituzte manifestariek. Erregimenaren erantzuna, baina, erabatekoa izan da. Kurina egunkari ofizialistak, ordea, gezurtatu egin du manifestarien aurka egiteko hegazkinak erabili direnik.

«Gure herrialdearen historiako ataka zailean gaude. Denek armak hartu eta gerra zibila sortu baino lehen, eztabaida nazional bat eratu beharra dugu». Horrela mintzatu da buruzagiaren seme Seif el Islam Gaddafi telebista publikoan eginiko agerraldian. Halako kargurik ez duen arren, Gaddafiren bigarren semea erregimenaren bozeramailea da praktikan, eta anitzek aitak hautatutako oinordekotzat dute.

Libiako egoerak Tunisiakoarekin eta Egiptokoarekin deus ikustekorik ez duela adierazi du. «Libia tribuek osatzen dute, ez alderdi politikoek, eta horregatik gerra zibila lehertzeko arriskua dugu». Gerra zibilerako ez ezik, «petrolioaren inguruko gerra» sortzeko arriskua ere badagoela uste du Seif el Islamek, Mendebaldeak ez duelako utziko petrolioa «kriminalen eskuetan» eror dadin. Buruzagiaren semeak jakinarazi duenez, bere aita Tripolin dago, «borroka zuzentzen». «Azken odol tanta isuri arte borrokatuko dugu gure herria eta bere batasuna babesteko». BBC katearen arabera, Gaddafi koronelak Tripoli utzi zuen atzo arratsaldean.

Seif el Islamek dio Bengazin 84 lagun hil direla istiluetan, eta Al Baidan, berriz, bertze hamalau. Armadak eta Poliziak «akatsak» egin dituztela onartu du, baina nazioarteko hedabideek argitaratutako hildakoen zifrak «kopuru imajinarioak» direla salatu du. Onartu du, halaber, Bengazi eta Al Baida oposizioaren esku daudela. Bengazin, adibidez, manifestariak tankeez, ibilgailu militarrez eta armez jabetu direla jakinarazi du Seif el Islamek.

Disidentziak armadan

Hainbat iturriren arabera, armadako zenbait kidek oposizioarekin bat egin dute. Egiptorekiko muga kontrolatzeko ardura duen Al Arbi generala da horietako bat, agentzien arabera. Maltako Times egunkariak jakinarazi du, berriz, Libiako bi gerra hegazkinek «ustekabean» lur hartu zutela Mediterraneoko uhartean atzo. Bengazitik ihesi joandako bi koronel ziren pilotuak, eta Maltan babes politikoa eskatu dute, iturri berberaren arabera. Bi pilotuek Tripoli bonbardatzeari uko egin diotela dio Al Jazeerak.

Disidentzia gobernuraino ere iritsi da. Justizia ministro Mustafa Abdeljalilek dimisioa eman du, protesten aurka «indarkeria gehiegikeriaz» erabili duelako gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.