Krisia Nafarroako Gobernuan. Javier Aiestaran. Kontuz elkarteko presidentea

«Eraberritze demokratiko bat eskatuz eman behar zaio azken bultzada erregimenari»

Ez du esperantza handirik Espainiako Justizian, baina prest da justizia eske joan behar den lekura joateko. Batez ere, «erregimena ahultzea» ekarri duen bidea aldarrikatu du: «Kalea, mobilizazioa eta borroka».

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESSSINADURA / AGENTZIA.
Hodei Iruretagoiena.
2014ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Kontuz-ek Lourdes Goikoetxearen aurkako salaketa jarri berritan, argi dio elkarteko presidente Javier Aiestaranek (Iruñea, 1963): «Bozek ezin dute itxaron».

Zenbateraino dira larriak Idoia Nievesek egindako akusazioak?

Oso larriak dira, edozein estatu eta politikaren nukleoari eragiten baitiote: ogasunari. Ez da soilik mesedezko tratua eman zaiela zenbait zergaduni. Gure datuak seguru ez badaude, interes pribatuak eta erakundeetakoak nahasten dituztenek erabiltzen badituzte, inor ez dago seguru. Herritar denon askatasunari, intimitateari eta patrikari eragiten diete.

Gorenera jo duzue dagoeneko. Zer espero daiteke hortik?

Denok ari gara ikasten zer espero daitekeen «espainiar justizia» deitzen dugun horretatik. Errepikatzen ari da CAN auziarekin gertatu zena. Forudun pribilegioaren babesa dela-eta, Gorenean salatu behar izan genuen Barcina, eta epai onartezin hori atera zuten aurrera ez jotzeko. Goikoetxeak ere pribilegio hori du, Europa osoan eta beste autonomia erkidegoetan existitzen ez dena. Ez daukagu esperantzarik justizia horretan, baina egin behar dena egingo dugu. Eskaera hau kaletik babestu behar da, mobilizazio eta protestekin, ikusi nahi duenaren bistan geratzen ari baita zer den erregimenaren boterekeria. Hau ez da gertatzen ari besterik gabe, kasualitatez. Gertatzen ari da nafar asko eta asko kalean gaudelako, borrokan, bileratik bilerara, koordinazioan, eta hori da bidea erregimenaren aldaketa eta eraberritze demokratikoa lortzeko.

Bada denbora ustelkeria auziak azalarazten ari direla. Eraberritze bide horretan, giltzarria da une hau?

Guztiz. Argitara atera da Nafarroa beren cortijo-a balitz bezala erabili duten jaun-andere hauek ia ez dutela politikarik egiten, interes pertsonala dutela atzean. Nafarroako herriak kontziente izan behar du erregimena oso ahuldua dagoela, baina ezin dugu pentsatu bere kabuz eroriko dela. Hau da unea, kaleko mobilizazioen bidez, boterekeriarekin hain nekatuta gauden herritarrok azken bultzada emateko. Bozak aurreratu, herritar garbi batzuk hautatu, denen artean Herkulesen lana egin eta Nafarroako Gobernuaren ukuiluak garbitzeko.

Auziak botere faktikoak ukitzen dituela aipatu duzue: Opus Dei, VW... Egiturazkoa da ustelkeria?

Noski. Beren burua Nafarroako elitetzat duten hauek errealitatearekiko lotura galdu dute, uste dute legearen gainetik daudela, beren eta beren lagunen interes pribatuak agintzen duela. Ez da bakarrik Opus Dei, VW edo osasuna. Ikusi dugu elite horretako bezero asko zituela Goikoetxea andereak zinegotzi izan aurretik zeukan aholkularitza bulegoan, eta horiei ematen ziela mesedezko tratua. Nafarroa bat dago, bi mailatako herritarrekin: elitekoei dena baimentzen zaie, eta herritar arruntei ezer ez.

Zein egoeratan geratu da Barcina?

Gorenean egin dugu eskaera, dimititu ezean pribilegio berezi hori daukatelako. Goikoetxearen aurka soilik. Frogatzen diren egitateen arabera, Barcinaren aurka ere jo dezakegu. Hori juridikoki. Baina ikuspuntu politikotik, hau kasu bat gehiago da non ukaezina den Barcinaren ardura politikoa.

Zergatik da garrantzitsua parlamentuko ikerketa batzordea?

Erantzunak ematera ukatu direnek azalpenak emateko legezkobetebeharra dutelako, eta ezin dutelako gezurrik esan. Edo ez lukete gezurrik esan behar, tira. Orain, adibidez, jakin ahal izango dugu zein diren zergadun horiek, benetako gertaerak... Hauteskundeak egin eta klase politiko berri bat aukeratzean, Kontuz-en lehenengo eskaeretako bat izango da CAN auziari buruzko ikerketa batzorde bat irekitzea. Eta, ziurrenik, askoz gehiago egin beharko dira, gobernu berriak lan handia izango baitu Nafarroako egoera erreala ezagutzeko. Hor ikerketa batzordeek garrantzi handia dute.

UPNk gobernuaren aurkako kanpaina bultzatzea egotzi dizue.

Hau ez da serioa. Kontuz eskatzen ari den bakarra da eskandaluak argitzea. CAN auzian, kutxarik gabe geratu gara. Zerrenda oso luzea da, eta ez dute inongo azalpenik ematen. Konspirazio teoriak asmatu beharrean, beren barruan begiratu behar lukete. Beraiek dira konspiratu dutenak beren printzipioen eta ideologiarenaurka, nafar guztien aurka.

Nondik etorri behar luke aldaketak?

Agerian geratzen ari da erregimenaren gezur handia, gaizki izendatutako trantsizioarekin jaio zena. Nafar askoren borrokari esker iritsi gara erregimenaren ahultasun honetara, eta garrantzitsua da azken bultzada kaletik ematea, hurrengo parlamentuari eraberritze demokratiko bat eskatuz. Bozek ezin dute itxaron. Ezin dute konponbidearen parte izan arazoaren parte izan direnek. Herritar ondraduek izan beharko dute eraberritze demokratiko hau bultzatuko dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.