Manifestaziora deitu dute ekainaren 14rako preso eta iheslarien eskubideen alde

'Giza eskubideak, Konponbidea eta Bakea' da Ipar Euskal Herriko 23 eragilek antolaturiko manifestaziorako leloa

Manifestu bateratua irakurri dute 23 eragilek Baionan, manifestaziora deitzeko. SYLVAINE SENCRISTO.
Aitor Renteria.
Baiona
2014ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko 23 eragilek manifestaziora deitu dute heldu den ekainaren 14rako, preso eta iheslarien eskubideen alde. Manifestazioa arratsaldeko bostetan abiatuko da Baionako Lauga kirolgunetik. Adierazpen bateratua adostu dute eragileek. Horrez gain, 2012ko abenduan hainbat alderditako eragileek izenpetutako adierazpena gogoratu dute, Baionako forumaren karietara. Testu hura izenpetu zuten Kotte Ezenarro Kontseilu Nagusiko presidenteordeak, Jean Rene Etxegaraik (Baionako auzapeza igandeaz geroztik), Jakes Bortairu (AB), Max Brisson Miarritzeko Kontseilari Nagusiak, Frederique Espagnac senatariak, Jean Jacques Lasserre senatari eta Hautetsien Kontseiluko presidenteak, Jean Lissar EELV taldekoak, Xabi Larralde Sortukoak eta Michel Larralde CFDT sindikatuko idazkari nagusiak.

Eragileek hiru elementu nabarmentzen dituzte gatazkaren konponbideari begira. Batetik, Euskal Herrian gero eta gehiago dira gatazkaren konponbidearen alde egiten duten herritarrak; gehiengo zabala osatzen dute. Aldi berean, Frantziak eta Espainiak ez dute norabide horretan urratsik egiten. Hirugarrenik, Nazioartean ere gero eta gehiago dira gatazkaren konponbidearen alde egiten duten indarrak. Horren adibide gisa aipatu zituzten Mexikon joan den urtarrilean egindako auzapezen foroa, Aieteko adierazpenarekin bat eginez. Zentzu berean kokatzen da, eragileen iritziz, Europako Giza Eskubideen Gortearen ebazpena, Parot doktrina indargabetuz. Berdin, Belgikak ezezkoa ematea Espainiak aurkeztutako azken euroaginduari.

Ekarpenak

Preso eta Iheslari Politikoen Kolektiboek ekarpen garrantzitsuak egin dituztela nabarmentzen dute eragileek. Bi ekarpen horiek prozesuaren eraikuntzarako zentralak direla diote eragileek. 2013ko martxoan Iruñea eta Bilboko foro sozialetan nazioarteko adituen ekarpenarekin idatzitako hamabi gomendioak ekarpen gisa hartu dituzte. «Gomendio horiek eta bi kolektiboen ekarpenek justizia trantsizionalaren prozesu orokor eta mailakatu bat marrazten dute, helburua gatazkaren konponbide integrala delarik, preso eta iheslarien gaiarekin», erran dute eragileek.

Ildo horretan, preso eta iheslarien kolektiboek aurkeztutako bide orriak garatzeko engaiamendua berretsi dute eragileek. «Hastapen batean, lehentasunezkoa da euskal preso eta iheslari politikoei aplikatzen zaizkien legeri berezi guztiak bukatzea» azaldu dute.

Preso eta iheslarien eskubideen aldeko eskari zehatzak plazaratu dituzten. Presoen kasuan, Krouchner legea errespetatuz, larriki eri diren presoen askatzea eskatu dute, aipamen berezia eginez Ibon Fernandez Iradi presoen egoerari. Bigarrenik, presoen sakabanaketari bukaera eta eskatu dute, presoen hurbilketa eta bateratzearekin batera. Hirugarrenik, baldintzapeko askatasuna erdiestea, baldintzak betetzen dituzten presoen kasuan.

Iheslariei dagokienez, kolektibo horretako kideek pairatzen dituzten euroagindu eskaerekin bukatzea eta 80ko hamarkadan Frantziak bertze lurralde batzuetara kanporatu zituen iheslarien itzulera. Manifestazioan parte hartzera deitu dute eragile oro, bereziki joan den igandean kargua hartu zuten hautetsiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.