Mujika eta Oxandabarats zigortu ditu Frantziak

Oxandabarats espetxera sartuko dute, bi urteko zigorra jaso baitu; bost urteko zigorra du Mujika bikotekideak

Aitor Renteria.
Baiona
2014ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Parisko Auzitegi Korrekzionalak bost urteko espetxe zigorra ezarri dio Julen Mujikari, eta bi urtekoa Intza Oxandabaratsi, ETAren azpiegitura lanak egiteagatik. 2009an aurkitutako zulo batekin lotuta, 2011ko abenduaren 13an atxilotu zituen Frantziako Poliziak Donibane Garazin. Garai hartan, Oxandabarats bost hilabeteko haurdunaldian zegoen; 2012ko martxoaren 16an utzi zuten baldintzapean libre. Hiru aste geroago sortu zen Oxandabarats eta Mujikaren semea. Osny, Villefranche sur Saone eta Seysseko presondegietan egon da Mujika, eta presioak eta tratu txarrak salatu izan ditu. Orain, kartzelara sartu beharko du Oxandabaratsek ere, lehendik beste bi urteko zigorra zuelako betetzeko.

Hautetsien sostengua

Nafarroa Behereko 60 hautetsik eta 25 auzapezek mozio bat izenpetu zuten, Oxandabarats eta Mujikaren askatasuna eskatzeko. Azpimarratu zuten Aieteko adierazpenaren garrantzia eta ETAk armak utzi izana, horrek erran nahi duelako testuinguru aldaketa Euskal Herriak pairatzen duen gatazka politikoan. Gisa berean, gogora ekarri dituzte Baionan, Bilbon zein Iruñean egindako Bake Foroak eta nazioarteko eragileek emandako sostengua konponbide prozesuan urratsak egiteko.

Ipar Euskal Herriko Herrira mugimenduak azpimarratu du konponbiderako urratsak egiten ari direlarik, Frantziak eta Espainiak ez dutela urratsik egiten bide horretan. Gisa berean, biziki larritzat jo du Oxandabarats etxetik ehunka kilometrotara espetxeratzea, bi urteko haurra duelarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.