Eragile guztiek Euskal Lurralde Elkargoa eskatzen dutela argitu du Batera-k

Hitz ezberdinak erabili arren, estatutu bereziko lurralde elkargoari begira adostasuna lortu dela dio plataformak

Batera plataformako ordezkariak, atzo, lurralde elkargoari buruz egindako agerraldian. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko urriaren 26a
00:00
Entzun
«Departamendu plus», «estatutu bereziko kontseilu nagusia» hitzen gisara, Euskal Lurralde Elkargoa definitzeko kontzeptu ezberdinak entzun baldin badira ere, guztiek gauza bera definitzen dute: estatutu bereziko lurralde elkargoa. Hori argitu zuen atzo Batera plataformak, Baionan egin prentsaurrekoan. «Azkenean, guztiak ados gara, guztiok gauza bera definitzen dugu, baina hitz ezberdinak erabiliz», Nikolas Blain Batera-ko kidearen arabera.

Frantziako legediak departamendua zehazki definitzen duela eta, koadro horri eskumen gehiago gehitzeak estatutu bereziko lurralde elkargoa sortzea erran nahi luke:«Hori guztia posible da juridikoki, baina esparru konstituzionala bakarrik kontuan hartuz gero, estatutu bereziko lurralde elkargo bat sortu behar da, derrigorrez».

Azken hilabeteetan, Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren alde egindako lana egokitzat jo zuen plataformak. Deszentralizazioaz arduratzen da Marylise Lebranchu ministroa, eta harekin Hautetsien Kontseiluak ukan bilera ere begi onez ikusten dute: «Ateak ez hesteaz gain, ondoko hitzordua finkatzeko balio izan du», Jakes Bortairuren hitzetan. Lebranchu Euskal Herrira etortzea dute gogoan, eta horri begira lanean segituko dutela azaldu zuten. Mobilizazioei buruz gogoetatzen dabiltza, eta azaro erditsurako argituko dute plangintza.

Presio lana eta pedagogia

«Parisi begira badugu lan handia eramateko; presio lana garrantzitsua dugu», Blainek azaldu zuenez. Hain zuzen, nahiz Ipar Euskal Herrian «jendartea inoiz baino gehiago prest izan», Paris mugiaraztea zaila izango dela badaki. «Partida ez dugu irabazia, dosier zaila dugu», Martine Bisauta hautetsiaren hitzetan. «Eztabaidan toki osoa» hartu nahi dutela erranik, haien ahotsa ere entzunarazi gogo dute.

Aldi berean, eskakizunaren gizarteratze lanean segitzeari garrantzi handia ematen dio plataformak. Euskal lurralde elkargoak gizartearen sostengu zabala badu ere, oraindik«kontzientziatze lan bat» eraman beharra dagola diote.

Hiru baldintza betetzen ditu lurralde elkargo batek: eskumen eta aurrekontu propioak ditu, eta herritarrek zuzenki bozkaturiko biltzarra ere badu. Alde horretara doa Hautetsien Kontseiluaren proposamena, eta horrekin bat dator Batera ; departamenduaren eskumenez gain, beste zortzi eskumen lituzkeen lurralde elkargo eskaera sostengatzen du.

Plataformak ere lurralde elkargo proposamen bat du zehazturik, eta horren ezagutarazteko lana segituko dute. Besteak beste, parekotasunean oinarrituriko eta kargu metaketarik gabeko bozka sistema proportzionala nahi dute, eta, horrez gain, kostaldearen eta barnealdearen arteko desorekak ahultzeko gisan, lurralde guztiaren ordezkagarritasuna segurtatzea ere galdatzen dute. Botere betearazlearen eta erabakitzailearen bereizketa ere nahi dute. Azkenik, Kontseilu ekonomiko, sozial eta kultural baten sorrera ere eskatzen dute, gaur egungo Hautetsien Kontseilua ordezkatzeko gisan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.