Deszentralizazio Ministerioak idatzi du Espagnacek aurkezturiko aldaketa

Lurralde elkargoari buruzko aldaketa gobernuak blokeaturik, aldaketa Lebranchuren zerbitzuarekin landu du

Sindikatu mistoa dakarren aldaketari buruzko nondik norakoak azaldu zituen Frederique Espagnacek atzoko prentsaurrekoan. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Argitzen ari dira Frederique Espagnac senatariak deszentralizazio erreformari jarritako aldaketari buruzko galderak. Ipar Euskal Herriarentzako sindikatu misto baten sorreraren proposamena Frantziako Gobernutik etorri da. Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroaren zerbitzuekin elkarlanean idatziriko aldaketa dela jakinarazi zuen atzo Espagnacek. Zehaztapen garrantzitsu hori azaldu zuen atzo, Sylviane Alaux (PS) diputatuarekin eta Nicole Pery (PS) ministro ohiarekin Donibane Lohizunen (Lapurdi) egindako prentsaurrekoan.

Guztira hiru aldaketa aurkeztu zituen, eta sindikatu mistoarena zen proposaturiko azkena. Hautetsien Kontseiluak Jean-Pierre Massias eta Jean Gourdou juristekin landurikoa zen lehena, baina gobernuak blokeatu zuela zehaztu zuen Espagnacek. Lurralde elkargoaren eskaera alde batera utzirik, metropoli polo baten proposamena landu zuen senatari sozialistak Lebranchuren ministerioarekin. Gastu berriak ekarriko zituela ondorioztaturik,Finantza Batzarrak ez zuen onartu. Antolaketarako eta Kooperaziorako Poloa deituko den sindikatu mistoarena onartu eta herenegun bozkatu zuen alde Senatuak. Legebiltzarrean bozkatuko dute hemendik hamabost bat egunera.

Euskal lurralde elkargoaren aldeko koordinazioari aipatu gabe, aldaketa hori aurkezteko erabakia bakarrik hartu izana kritikatu dute Ipar Euskal Herriko eragile askok. «Jende batzuei aipatu nien, batzuk kontsultatu nituen; ez da egia bakarrik harturiko erabakia dela». Adibidez, Max Brisson (UMP) jakinean zela segurtatu zuen atzo Espagnacek. Egia ote den da galdera, ikusiz berehala gezurtatu zuela informazioa UMPko hautetsiak. «Espagnacek ez dit inoiz hitz egin metropoli poloaz. Marini senataria ezagutzen ote nuen izan da galdetu didan gauza bakarra», Brissonen hitzetan.

«Bide bakarra zen»

Euskal lurralde elkargora daraman bidean sindikatu mistoa «pauso» bat dela dio Espagnacek. «Erabat niregain hartzen dut egindakoa, borrokan segitu ahal izateko bide bakarra zen» .

«Hestera zoan atean zango bat ezarri» duela dio. 1995az geroztik Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa biltzen zituen Pays egiturak boterea galduko du, eta hitzarmen berezirik ez dute izenpetzen ahalko urte bukaeratik aitzina. Hori ez gertatzeko du sindikatu mistoaren galdetzeko pausoa egin. Ordea, kontuan hartu ez duena da Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak argiki erranik dutela gaur egungo egituraketa ez dela nahikoa lurralde honetako beharrei erantzuteko.

«Daukaguna salbatzeko eta urrats bat gehiago egiten saiatzeko bide bakarra zen». Sylviane Alauxek ere erabat sostengatu zuen, eta zehaztu aldaketa ez aurkeztea «berrogeita hamar urrats atzera egitea» zela.

«Arduragabekeria izanen zen aldaketa ez aurkeztea, ez lurralde elkargoaren alde dabilen militante gisa, baizik eta senatari eta arduradun gisa, lurralde hitzarmen hori salbatu behar zelako», Espagnacen arabera. Aldaketa horren bidez Ipar Euskal Herriaren lurraldetasuna «Frantziako Errepublikaren legedian idatzia» izanen dela dio. «Egin ez banu, errepublikaren koadrotik kendua izanen zen Euskal Herria».

Nahiz sindikatu mistoa galdetu, lurralde elkargoaren alde izaten segitzen duela dio. Eragile sozio, politiko, ekonomiko eta kultural anitzek oztopo gisa ikusten baldin badute, haren ustez, «aitzinamendu» bat da. Are gehiago, dio euskal lurralde elkargoaren aldeko dinamikan traba izaten ahalko zela sentitu balu aldaketarik ez zuela aurkeztuko.

Euskal Herriarentzako lehen hitzarmen berezia lortu zuen Nicoles Peryk «elkartasun osoa» adierazi zion prentsaurrekoan. Gogora ekarri zuenez, Lionel Jospin garaiko Lehen ministro sozialistak zuen hitzarmen berezia sortzeko hautua egin. «Azkenean, Jospinek zuen erabakia hartu eta beharrik zeren bozketaren bidez ez dakit onartua izanen zenik». Hots, aldi honetan ez bezala, gobernuaren erabakia izan zen. Ez zen Parlamentuan erabaki, eta koordinazioak galdetzen duen «botere betearazlearen erantzuna» ukan zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.