Timoxenkori buruz ados jarri ezinik, EBrekin elkartzeko akordioa eten du Ukrainak

Kievek ez du bete Bruselaren baldintza nagusia; Errusiarekiko harremana «sendotu» nahi duela esan du

Samara Velte.
2013ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Ukrainako Gobernuak bertan behera utzi du Europako Batasunarekin sinatzekotan zegoen elkartze akordioa. Datorren astean onartu behar zuten merkataritza askeko ituna; EBn sartzeko lehen urratsa zatekeen. Baina Kievek ez du Bruselak jarritako baldintzetako bat bete: Julia Timoxenko lehen ministro ohiaren auzia ebaztea. Zazpi urteko espetxe zigorra betetzen ari da hura, boterea gehiegikeriaz erabiltzea eta diru publikoa desbideratzea egotzita. Iazko maiatzetik ospitalean dago disko hernia batek jota, eta handik dihardu oposizioko buru. Haren abokatuek atzerrira joateko baimena eskatu dute, tratamendua Alemanian jaso dezan.

Mendebaldeko hainbat gobernu eta erakundek alaba besoetakoa dute Timoxenko. Bruselak ere bat egin du abokatuen eskaerarekin, haren atxiloketa politikoa dela argudiatuta. Viktor Janukovitx presidentea, berriz,Ukrainako politikaren sektore errusiazaleagoaren ordezkaritzat jo izan da —EBn sartzeko prozesuari tiraka ari den arren—. Nolanahi ere, prest agertu da Timoxenko Alemaniara igortzeko dekretua sinatzeko, baldin eta legebiltzarrak onartzen badu.

Eztabaida pare bat aldiz atzeratu ostean, Ukrainako Parlamentuak atzo heldu zion gaiari, baina ez zuen akordiorik lortu. Denera sei lege proposamen aurkeztu zituzten alderdiek Timoxenkoren auzia konpontzeko: sendatu ostean Ukrainara itzultzea nahi zuten ofizialistek, espetxe zigorra betetzera; oposizioko alderdiek, berriz, tratamendua jaso ostean aske gelditzeko bermea nahi zuten. Azkenean, proposamen bakar batek ere ez ditu beharrezko botoak lortu: gobernuko alderdia eta haren aliatuak abstenitu egin dira bozketan.

Ez du Errusia galdu nahi

Parlamentuko bozketak huts egin eta ordu gutxira jakinarazi zuen atzo gobernuak Europari buruzko erabakia: datorren astean ez du elkartzeko ituna sinatuko Vilniuseko goi bileran. Hitzordu garrantzitsua da Bruselarentzat. Mahai berean elkartu nahi ditu Ekialdeko Lankidetza osatzen duten sei estatuak: Armenia, Azerbaijan, Bielorrusia, Georgia, Moldavia eta Ukraina bera. Errusiaren ustez, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko estatu ohiak Mendebaldera lotzeko amarrua da instituzio hori. Ukraina zaio bereziki mingarri: EBrekin akordioa egitekotan, Moskuk ere bere merkataritza harremanak berraztertuko dituela ohartarazi du Vladimir Putin Errusiako presidenteak. Errusia Ukrainaren sostengu nagusia izan da urte luzez, eta Kievek hango gasarekiko menpekotasun handia du. Putinen mehatxuak Ukrainako industria sektorea asaldatu du: akordioak izan ditzakeen ondorio kaltegarriak aztertzeko eta prozesua beste urtebete luzatzeko eskatu dio gobernuari.

Hain zuzen ere, horixe izan da Kieveko gobernuak prozesua eteteko emandako arrazoia: Errusiarekiko harreman ekonomikoa «sendotu» nahi duela. Bruselak erabakitako agiria sinatu ordez, hiru aldeko batzorde bat sortzea proposatu du Ukrainako, EBko eta Errusiako ordezkariekin. «Europan sartzeko bidean lanean jarraituko dugu», esan zuen atzo Janukovitxek, erabakiaren berri eman ostean: Bruselak jarritako beste baldintzak bete dituela Ukrainako Parlamentuak —Justizia arloko erreforma abiatzea eta hauteskunde legea aldatzeko tramiteak hastea—, eta Timoxenkoren auzia epaitegiek aztertu beharko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.