Gorenak aztergai du Otegi, Diez, Jazinto, Zabaleta eta Rodriguezen helegitea

Helegitea aztertzeko auzi saioa asteazkenean izan zen, eta auzitegiak erabakia aurki jakinaraztea espero da

Pello Urzelai.
2012ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Bateragune auziko bost presoek —Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Sonia Jazinto eta Arkaitz Rodriguezek— Auzitegi Gorenaren erabakiaren zain jarraitzen dute. Defentsak jarritako helegitea aztertzeko auzi saioa joan den asteazkenean izan zen, eta epaileak saioa amaitu bezain laster deliberatzeko bildu ziren. Bazkaltzeko garaian eten egin zuen deliberazioa, eta atzo goizean jarraitu zuen. Baina oraindik ez du erabakirik jakinarazi. Baliteke Bateragune auziarekin hasi baino lehenago, Juan Saavedra, Jose Manuel Maza, Juan Ramon Berdugo, Alberto Jorge Barreiro eta Miguel Colmenero magistratuek osatutako epaimahaiak lehenagoko beste auzi batzuk aztertzeari ekin izana.

Defentsek Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta presoak aske uzteko eskatu zuten auzi saioan, eta Fiskaltzak eta herri akusazioak, aldiz, Auzitegi Nazionalaren zigorrak berresteko.

Defentsaren arrazoiak

Auzitegi Goreneko bigarren aretoko epaileek arretaz entzun zituzten defentsen hitzaldiak. Abokatuek helegitearen defentsa egin zuten, puntu nagusiak banan-banan nabarmenduz. Akusazioaren eta errugabetasun printzipioak urratu zirela argudiatu zuten. Halaber, epaileen inpartzialtasuna argudiatu zuen Otegiren defentsak epaia baliogabetzeko eskatzean. Zigor tipoa ezartzeko modua ere auzitan jarri zuten.

Epaiak ageriko kontraesan bat duela azpimarratu zuten defentsek. Akusazioek Bateraguneko kide izatea egotzi zieten Otegiri-eta, eta horren bidez ETAren aginduak betetzea. Epaiak, ordea, onartzen du ez zela frogatu akusatuak Bateraguneko kide zirenik. Hala ere, koordinazio gune batean aritzeagatik zigortu zituen. Iruinek gogoratu zuen akusaziorako zehaztutako gertaerak ezin direla epaian funtsean aldatu, eta kasu honetan hori gertatu dela. Hain zuzen, Bateragunen parte hartzea akusazioaren erdigunea zen, Iruinen ustez. Izan ere, akusazioaren idatziaren heren bat horri buruzkoa zen. Epaian Bateraguneren existentzia onartzen da, Ekinekin lotutako egitura gisa, baina akusatuak gune horretan parte hartu izana ez dela frogatu baieztatzen da. Iruinek gogoratu du akusazioen idatzietan koordinazio gune bat baino ez dela aipatzen, hau da, koordinazio gunea bakarra dela. «Ez daude bi koordinazio gune». Horregatik, akusatuei Bateragune ez den koordinazio gune batean aritzea leporatuz, epaiak «funtsean aldatu egin du akusazioa. Akusazioentzat existitzen ez den gune bateko kidetzat jotzen dira epaian. Epaiak ex novo sortu du akusazioan ez zegoen organo bat, kausan horren frogarik ez zegoen organo bat».

Jone Goirizelaia eta Kepa Landa defentsa abokatuek bat egin zuten argudiatzeko ildo horrekin. Otegiren kasuan, Goirizelaiak nabarmendu zuen epaiketan ez zela ageri elementurik ETArekin lotzeko. Epaiak Jokin Etxebarriarekin izandako topaketarekin egiten du lotura hori, eta Goirizelaiak gogoratu du Poliziaren perituak onartu zuen lotura hori egiteko oinarririk ez zegoela. Kepa Landak agerian utzi du epaian ez dagoela arrazoibide logikorik. Epaiak dio ETA saiatu zela Mugarri txostena eztabaidan sartzen. Horrek esan nahi du akusatuek bultzatzen zutena ez zela ETAk nahi zuena, Kepa Landak azaldu duenez. Halaber, epaiak dio toki batean Zutik Euskal Herria agirian borroka armatuaren erabilera ez zela baztertu. Eta pixka bat aurreratu jasotzen du adierazpen horren arabera prozesua «inongo indarkeriarik gabe»egin behar zela.

Helegitearen bigarren motibo nagusia, errugabetasun ustearen printzipioa urratu izana da. Auzitegi Nazionalak, froga zuzenik ezean, zantzu bidezko frogan oinarritu zuen zigor epaia. Defentsen ustez, zantzu bidezko froga horrek ez ditu betetzen Gorenaren jurisprudentziaren araberako gutxienekoak. Batetik, Angela Murillo buru zuen epaimahaiak ez zuelako azaldu zantzu bidezko frogaren arrazoibidea. «Ez dago inferentzia juiziorik, ez dago azalduta nola pasatzen den oinarrizko gertaeratik ondoriora», azaldu zuen Iruinek. Epaiaren egiturari so eginez, argi ikusten da, Iruinek gogorarazi zuenez, aipatutako hutsune hori, gertaerak zerrendatzetik zigorrak zehaztera pasatzen delako, batetik bestera nola iristen den argudiatu gabe.

Bestetik, zigortzeko erabilitako zantzuak guztiz frogatuta ez direla gelditu azaldu dute defentsek. Alderantziz baizik. Zantzu batzuk epaiketan gezurtatu zirela eta beste batzuk kontrazantzuen bidez indargabetu zirela ekarri dute gogora. LABen egoitzan izandako bilerek inkriminatzeko izaerarik ez dutela esan dute defentsek. Iparraldera egindako bidaiak «ETAren inguruarekin» biltzeko izan zirela ez dela frogatu argudiatu dute. Dokumentuen arteko lotura —beste zantzuetako bat—, «logikarik gabeko eta zentzurik gabeko inferentzien bidez» egina dagoela argudiatu du Iruinek.

Jone Goirizelaia abokatuak inpartzialtasuna urratu izana argudiatu du. Goirizelaiaren ustez, ez du balio esatea aurreko kasua —Auzitegi Gorenak Angela Murilloren epaia baliogabetu zuenekoa— eta oraingoa diferenteak direla, Otegi delitu ezberdinengatik epaitua izan zelako. Bi kasuetan inpartzialtasunaren auzia gaitzespenaren inguruan planteatzen delako, ETAko kide izatearen delituarekin lotuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.