Hollandek ezkerra batu nahi du, Sarkozyren aroari amaiera emateko

Aubryk «batasunaren alde» lan egingo duela dio, eta Hollandek adierazi du harengan «uste osoa» duela

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Urteotan indarberritzeko gaitasunik izan ez duten sozialista frantziarren buruzagien artean egin du ibilbidea François Hollandek (Ruan, 1954), inoiz askorik nabarmendu gabe. 2010eko ekainean, primarioetara aurkezteko erabakia hartu zuenean, ingurukoek soilik egin zuten haren alde. Urtebete eta lau hilabetera, berriz, Nicolas Sarkozyren lehiakide izango da Frantziako presidentetzarako. Ez du bide erraza izango, baina bigarren itzulian Martine Aubryri ateratako hamahiru punturen aldea eta buruzagi sozialista hautatzeko prozesuan inoiz ez bezalako boto-emaile kopuruaren sostengua dauzka alde, kanpaina ongi hasteko.

Egungo «errepublika arduragabea» gainditu nahi duela aldarrikatu du Hollandek elkarrizketa batean. Datozen hauteskundeetan merezitako garaile izan nahi duela dio, eta ez duela izan nahi Sarkozy arbuiatzeko herritarrek egiten duten hautua soilik. Jakinarazi du presidentetzara heltzen bada «zorra murriztea eta defizita mugatzea» izango dela bere lehentasuna.

Sarkozyk isilik jarraitu du sozialisten prozesua, berari bost axolako balitzaio bezala, prozesuak nahi baino protagonismo handiagoa eman baitie sozialistei, UMPko buruzagiari herritarren babesik baxuena jasatea egokitzen zaion une berean. Baina Sarkozyren krisiak eta momentuko arrakastak goratu ditu sozialistak, zulotik ateratzeko haien gaitasunak baino gehiago, eta Sarkozy trebea da egoera berriak asmatzen.

Hollandek, sozialistek bezala, badaki UMPren banaketa baliatu behar duela irabazteko, eta, horregatik, lehenik eta behin «ezkertiarren batasuna» galdegin du, bide batez sozialisten hautagaien arteko ezberdintasunei garrantzia kenduz. Atzo, haren ingurukoak ere komunikabideek esandakoa ukatzera atera ziren: irabazleak ez du bere taldea jarri beharko alderdiaren zuzendaritzan; ezkerraren esparru zabala ordezkatuko du. Aubryk ere desadostasunei garrantzia kendu zien, esanez «batasunaren alde» jarriko dela lanean eta Hollandek orain arte aurkari izan duenaz uste osoa duela adierazi du. Primarioetarako utzitako kargura itzuliko da Aubry, alderdiaren idazkaritza nagusira. Bihar egingo du bilera PSk, datozen urratsak zehazteko.

Hollandek, adituen arabera, ez du bere aurkarien kontrako kanpaina eginez irabazi. Hasieratik agindu du «errespetuaren eta elkarrizketaren» hautagaia izango dela, «batasunaren hautagaia», eta hark beregan irabazteko aukera gehiago ikusi dutenen botoa eskuratu du, arrazoi ideologikoak eragindakoa baino gehiago. Arnaud Montebourgen Hollande babesteko erabakia ere bide beretik joan da. Hirugarren geratu zen Montebourg lehen itzulian, eta ideologikoki Aubryrengandik gertuago egon arren, botoa Hollandi emango ziola esan zuen bezperan. Orain, berriz, Aubryrengandik gertuago egon litezkeen ezkertiarrenen eta ekologisten babesa eskuratzen saiatuko da irabazlea. Urriaren 22an izendatuko dute ofizialki sozialisten presidentegai, eta 2012ko apirilaren 22ra arte izango du astia Sarkozyren aroa amaitu dela erakusteko.

Baina gobernua ez da geldirik geratuko: dagoeneko kanpainan daudela erakutsi dute. UMPk «borroka» gaurtik hasiko du Hollanderen «ahultasun guztiak» agerian uzteko. «Promesa demagogikoen espiralean» sartu da Hollande, gobernuaren bozeramaile Valerie Pecresseren ustez, baina aurkeztu duen programa «ilusioen bilduma» dela frogatuko du.

Itzalean

Hollanderen irudia Sarkozyrenaren beste muturrean dago; kontrasterik egokiena izan liteke presidentearen nartzisismoarekin nazkatuta dauden herritarrak bereganatzeko. Hollandek, Aubryk bezala, aukera gutxi zuen Dominique Strauss-Khanen sexu erasoen ibilbidea agerian geratu ez balitz.

Hollande ez da inoiz presidentetzarako hautagai izan, alderdian aspaldikoa den arren, eta ez du ezein gobernutan parte hartu, Aubryk bezala, zeinak Lionel Jospinen gobernuan (1997-2001) 35 orduko lan astea eta beste hainbat ekimen bideratu zituen.

Hollande PSko idazkari nagusi izan zen 1997tik 2008ra, eta urtetan Tulleko zinegotzi eta Correzeko kontseiluko presidente. Bere hautagaitzan hamabost bat diputatu eta senatariren babesa besterik ez zuen hasieran, baina gutxika, indartuz joan zen. 2008an alderdiaren idazkaritza Aubryren esku utzi, eta presidentegai pragmatiko bilakatzeko bidea hasi zuen, ekonomia herritarren zerbitzura jartzeko Aldaketaren hitzarmena aurkeztearekin batera. Gazteek bideratuko dituzte aldaketak, baina belaunaldien hitzarmena proposatzen du,jubilatu arteko lanak errespetatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.