Abertzaleak Iholdira so, bozen bigarren itzulian

Ipar Euskal Herriko 9 kantonamendutan bozka eguna dute; Kontseilu Nagusiaren osaketa jakinen da gaur

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Bozketa eguna dute gaur Ipar Euskal Herriko bederatzi kantonamendutan. Kantonamenduetako hauteskundeen bigarren itzulia dute, eta gaur gauean jakinen da Kontseilu Nagusia zer-nola osatua izanen den ondoko hiru urteentzat. Joan den igandean, hamar barrutitan izan baziren bozketak, gaur Hazparnen ez da izanen, lehen itzulitik lortu duelako aulkia BeƱat Intxauspek (Forces 64), bozen %60,74 bilduz.

Egun, ezker-eskuinaren artean berdintasuna da, 26na aulki dituztelako, baina lehendakaritza eskuindarra da, kontseilari zaharrena UMPkoa izaki. Gehiengoa lortzea dute xede sozialistek, jakinik gainera inoiz ez dela horrelakorik gertatu. Iholdin izan ezik, denetan Alderdi Sozialista eta Forces 64 edo UMPren artean izanen da lehia. Iholdin, haatik, EH Bai eta UMPren artean izanen da. Hara begira dira abertzale asko.

Bozka kontsignei doakionez, EH Baik zein Ezkerreko Fronteak ez dute hautagairik hobetsi; UMP eta Forces 64k elkar sostengatzen dute. Nahiz Frantzian, ekologistek sozialistak sostengatu, ez da mezu hori argiki entzun hemen.

1. Angelu iparraldea

Lehen itzulian, Gerard Cazaux (PS) nagusitu zen, eta Claude Oliveri (UMP) lehiatuko zaio gaur.Gaur egun sozialistek dute aulkia, baina baliteke galtzea. Hain zuzen, bien artean 62 bozen aldea dutelako bakarrik. Ikusiz UMP eta Forces 64 artean elkar sostengatzeko engaiamendua hartua dutela, zentristen bozak ere bilduko ditu Olivek, baita beste eskuineko bi hautagaien alde egin zutenen bozak, segur aski. Hori ikusiz, ezkerreko beste alderdien alde bozkatu dutenen botoak beharrezko ditu Cazauxek. Europe Ecologie Berdeaken zerrendaburuak sostengua erakutsi dio. Lehen itzulian bozkatu ez dutenen bozak espero dituzte biek.

2. Atharratze

Orain arte zentristek bazuten aulkia, sozialistak atera dira garaile lehen itzulian, bozen %36,60 bildu dituela Arnaud Villeneuvek. Jean-Pierre Iriarte (%34,88 lehen itzulian) zentristari lehiatuko zaio gaur. Ikusiz eskuinak bozen %14,54 bildu zituela lehen itzulian eta Ezkerreko Fronteak eta NPAk soilik %6 eskuratu zituztela, baliteke Iriart nagusitzea.

3. Baiona ekialdea

Bi emakumeren artean eginen da lehia: bozen %26,88 lortu zituen Marie-Christine Aragonen (PS) eta %25,80 eskuratu dituen Christine Lauqueren (eskuina) artean. Soilik 30 bozen aldea dute eta ikusiz eskuineko zein ezkerreko beste alderdiek lehen itzulian lortu emaitzak, matematikoki sozialistak nagusitu behar luke. Baina gauzak ez dira hain matematikoak, eta, dena dela, ikusiz 4.500 bat bozkatzaile ez zirela iragan igandean bozka bulegoetara agertu, parte hartzea handia izanez gero, emaitzak erabat alda daitezke gaur.

4. Baiona iparraldea

Bi ezkerreko hautagairen artean da lehia: Marie-Jose Espiaube (Ezkerreko Frontea) eta Christophe Martin (PS). Sozialistak atera ziren garaile joan den igandean, bozen %28,12 lortuz, Ezkerreko Fronteak %19,65 eskuratu zituela. Kantonamendu horretan abstentzio oso handia izan zen, parte hartzea %23,15koa izan baitzen.

5. Baiona mendebaldea

Ezkerrak berreskuratzen ahal luke gaur bidean galdu zuen aulkia. Oroit gara Monique Larran-Lange sozialistak irabazi zuela azken aldian, baina 2008an Forces 64rantz egin zuela urratsa. Aldi honetan ere Henri Etxeto (PS)nagusitu da, bigarren Francois Gouffrant (Alderdi Erradikala, eskuina) dela, 300 bozen aldearekin. Ikusiz, eskuineko zerrendaburuen artean desadostasunak direla, ezkerrak irabaz dezake gaur ere.

6. Bastida

Gaur egungo kontseilari eta Kontseiluko presidente Jean Casaings (UMP) Thierry Dekimperi (PS) lehiatuko zaio. Urrundik garaile atera zen Castaings. Dekimperengandik hurbil geratu zen,haatik, igandean Leopold Darritxon, soilik 17 bozen aldea zutela. Bigarren itzulirako ez du boz kontsignarik eman, eta haren alde bozkatu zuten 608 herritarrek emaitza alda dezakete.

7. Garazi

EH Baik erretiratzeko hautua eginik, Frantxua Maitia (PS) eta Jean-Marie Mailharroren (Forces 64) artean eginen da bozketa. Lehen itzulian Maitia nagusitu zen, %34,37 lortuz, bigarren zela zentrista, %23,72 eginez. UMPren sostengua du zentristak, eta horien 670 bozak biltzen baditu Maitiari nagusituko zaio. Sozialista nagusitzen bada, abertzaleei esker izanen da, baina ez da errana lortuko duela.

8. Iholdi

EH Bai koalizio abertzaleak bigarren itzulira igarotzea lortu du, eta Daniel Olzomendi dute zerrendaburua. Jean-Louis Caseti (UMP) lehiatuko zaio bozetan. Eskuin bozkatzen da aspaldian Iholdin, eta 1998az geroz lehen itzulitik izendatua da Caset. Nahiz eta bozen %32,12 lortu lehen itzulian eta sozialisten zein ekologisten sostengua ukan, Caseti nagusitzea zaila izanen zaio abertzaleari.

9. Miarritze

Kontseilaria da Max Brisson (UMP), eta atxiki behar luke Miarritzen jokoan den aulkia. Bozen %34,52 lortu zituen joan den igandean, bigarren atera zela Guy Lafite (PS), bozen %18,79ekin. Bien artean eginen da lehia. Parte hartzea %34,26koa izan zen iragan igandean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.