Venezuelak bertan behera utzi ditu AEBrekiko elkarrizketak

Samantha Power «gizartearen aurkako jazarpena» aipatu zuen karguduna berretsi du Estatu Departamentuak

Agentziak
Caracas
2013ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Caracasek ez du onartu NBEn AEBetako enbaxadore izango denak, Samantha Powerrek, Venezuelari buruz esandakoa, eta AEBen aldetik zuzenketa iritsi ez denez, herrialde horrekin hasitako elkarrizketak eten egin ditu Nicolas Maduro presidenteak, bigarren aldiz sei hilabetean.

«Besteak beste, Kuban, Iranen, Errusian eta Venezuelan gertatzen ari den gizartearen aurkako jazarpenari erantzun» egingo diola esan zuen Powerrek asteazkenean senatuan, NBEn enbaxadore izendatzeko prozesuaren barruan. Venezuelako Gobernuak zuzenketa eskatu zuen berehala; baina zuzenketa hori ez da iritsi, baina Samatha Powerrek esandakoari oniritzia bai. «Samatha Power hautagai bikaina da, gaitasun izugarrikoa», esan zuen ostiralean Estatu Departamentuko bozeramaile batek.

AEBek Powerren «esku hartzeari» oniritzia eman diotenez, «Venezuelako Errepublika Bolivartarrak amaitutzat jotzen du Guatemalako elkarrizketekin hasitako prozesua». John Kerry Estatu idazkaria eta Elias Jaua kantziler venezuelarra ari ziren elkarrizketa horietan. Atzodanik etenda dago, ordea, bi herrialdeek zenbait gairi buruzko akordioak egiteko bidea. Powerren adierazpenak «bidegabeak» direla uste du Madurok, eta berehala zuzentzeko eskatu zuen, baina Estatu Departamentua ez dago prest NBEn jarriko duen kargudunaren burua eskaintzeko.

Kanpoko esku hartzerik ez

«Errepublikak ez ditu sekula onartuko kanpoko esku hartzeak bere kontuetan», dio Venezuelako Gobernuak atzo goizaldean publiko egindako oharrean. «AEBetako Gobernuarekin harreman ona lantzeak eskatzen du elkarrenganako errespetua etasubiranotasun eta autodeterminazio printzipioen erabateko errespetua». Hala dio Venezuelako kantzilertzaren oharrak. Ekainean Guatemalan John Kerryk erabilitako tonuarekin eta adierazitakoarekin ez dator bat Samantha Powerren adierazpena, Caracasen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.