Bertsolari Txapelketa Nagusia

Metxadun bertsoak

Plaza lehertu duten bertsoak eta bertsoaldiak izan dira finalaurrekoen bigarren itzuliko lehen bi saioetan. 1.400 bertsozale izan ziren Elizondon, eta 2.480 Donostian, eta aise nabari zen saioa noiz berotzen zen.

Bertsozale multzo bat barrez eta txalo jotzen, pasa den igandean Donostian jokatutako saioan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Beñat Zamalloa Akizu.
Donostia
2013ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Plaza aurreneko aldiz hasierako agurrekin lehertu zen. Lehertu zen, igandean, Alaia Martinen bertso kulturalki eta politikoki jantziarekin. Izarren hautsa doinua aukeratu zuen beste behin hasierako agurrerako: «Izan Laboan behelainoa / edo Leteren sehaska / ta, batez ere, Alaia izan / lortu edo ez arrakasta. / Edo omenduz Arnaldo Otegi / baikorra izan / amesten segi / irrabarre egin, Gaska / irabaztera goaz ta». Eta lehertu zen 2.480 bertsozalez betetako Gaska, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoan. Bigarrena zen, eta bakarra falta zen: datorren larunbatekoa. Aurreko finalaurrekoan, larunbatekoan, Jokin Urangaren jarrera dotoreko hasierako agurra ere txaloen akuilu izan zen: «Nik kristona egin behar nuke / eta besteek erori / eta gaizki egiterik / ez diot opa inori».

Propio umorerako jarrita, gaiak berak sortzen du umorea sarritan; batez ere, zortziko txikiko ofizioetan. Mahai bueltako bi egoera topiko izan ziren asteburuko bi saioetan. Donostian, Jon Martini eta Aitor Sarriegiri egokitu zitzaien. Saroi Jauregik aurkeztu zien gaia: «Jon Aitor aspaldiko lagunarekin geratu da bazkaltzeko. Ordu erdi baino ez daramate elkarrekin, eta dagoeneko bost aldiz jo dio telefonoak Aitorri, eta oraingoan ere hartu egin du deia». Ezagun egin zitzaien egoera hainbat entzuleri, eta bat egin zuten Jon Martinek kantatutakoarekin: «Hara, teknologiak / nola jarri gaitun: / urrunekotik gertu / gertukotik urrun». Eta igarri zen entzuleen erantzunean. Biribiltzeko ideian ere enpatizatu zuten: «Ez dakit nola egin / behar didazun kasu; / telefonoz deituta / hartuko al didazu?». Galderak galderari erantzun: «Orain bilera bat dut / lauak ta bostean; / geldituko al gara / datorren astean?».

Julio Sotori eta Amets Arzallusi Elizondoko Baztan pilotalekuan tokatu zitzaien mahai bueltako gaia. Fernando Anbustegik aurkeztu zien: «Juliok eta Ametsek 40 urtekoen afaria dute gaur. Ametsek afari osoa darama haurrak goiti eta haurrak behiti, eta Julio asper-asper eginda dago». «Ia ulertzen duzun / esanda aldrebes: / 'Isilduko al zara / de una puta vez?'», ekarri zuen gaztelaniaz Sotok. Urre bihurtu zuen, ordea, Sotok ekarria Arzallusek: «Zuk nere haurtxoari / hitz hoiek ebaki / baina alperrik zabiltz / erderaz ez daki». Bertsozaleek eskertu zuten euskaratik ekarri izana.

Kontrasteak eragin zuen bertsoaldiaren arrakasta Fredi Paia eta Jon Martinen artekoan, Gaskan. Estilo «erotiko festibotik» jo zuen Paiak; sentiberagotik Jon Martinek. Bietarako aukera eman zien gaiak: «Bikotea dira Fredi eta Jon. Jonen ama hil da, eta Frediri esan dio aita alarguna bien etxera ekarri nahi lukeela bizitzera». Paiaren estiloak jaitik gehien sortu zuen bertsoa honako hau izan zen. Aitaginarrebaren estereotipoa hala janzteak lagundu zion festarako: «Zure aitakin ostiaka / amaitu dut usu. / PPko bozkatzaile / etikan abusu; / aita santuai ere / eman zion musu. / Bera, hura, ni, zua / horrela gaituzu / maitea erabakitzen / ikasi behar duzu».

Doinu berrien lehen aldia

Igor Elortzaren doinu berriak berriaren aurreko unea sortu zuen entzuleen artean. Antton Valverderen Hegaztientzat pausarri kantuan oinarritutako doinua zen. Melodian eta egituran jarri zuten entzuleek belarria. «Nekatuta zaude, baina badakizu ezin zarela gelditu», hala zioen kartzelako gaiak. Etorkinaren papera jokatu zuen Elortzak, eta jakin zuen egoeraren gordintasuna erakusten. «Inoiz ere ez dut jakin / noiz jausiko naizen hilik / nik aurrera jarraitzen dut / neure besoei ekinik / ta oraintxetik jakinik / lurrean ere ezingo dut / inoiz gelditu geldirik», bigarren bertsoan adibiderako. Doinu berriaren ezezagutzan, hitzak artezko moldean ezagun.

Azken agurrak puntuazioaren aurretik bota behar izaten dituzte bertsolariek. Honela kantatu zuen Baztan bezala sentitzen zen Iturriagak, «beti hortxe, beti mugan»: «Ta zuri entzule esan nahi dizut / jausi naizen hontan gudan / ze estimatua sentitu naizen / ta zenbat behar zaitudan». Jaso zuen entzuleen estimua orduan, eta baita gudan jarraitzen duela jakin zuenean ere. Lasaiago bukatu zuen Elortzak, txaloek bota ahala indarturik: «Ternua geugan dago / ta biba zu Long John / baina hau txapelketa da / eta show must go on:/ Lehenbizi, Maulen; / gero, Barakaldon. / Bertsoak ere ezin du / geldirik egon».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.