Latinoamerikako zinema berriko sei ale

Argentina, Kolonbia eta Txileko filmak lehiatuko dira Zinemaldiko Zinema Eraikitzen atalean

Martin Mejia Rugeles kolonbiarraren Nacimiento filmaren irudi bat.
gorka erostarbe leunda
2013ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Lehen aldikoz hiru egun iraungo du Zinema Eraikitzen atalak Donostiako Zinemaldian; irailaren 23tik 25era bitarte, hain zuzen ere. Argentinako, Txileko eta Kolonbiako sei filmek osatuko dute aurtengo egitaraua. Tolosako (Okzitania) Rencontres Cinemas d'Amerique Latine jaialdiarekin batera antolatzen du ekinbide hori Zinemaldiak, eta xedea Latinoamerikako zinema independenteari bultzada ematea da. Postprodukzioan diren sei filmek zinema munduko hainbat enpresaren laguntza jasoko dute, finantzaketan, banaketan eta promozioan aurrera egin ahal izateko. Aldi honetarako, 16 herrialdetako 82 proiektu aurkeztu ziren, eta sei hautatu dituzte. Horietako batek jasoko du postproduziorako laguntza. Honako hauek dira sei filmak.

'LA COMODIDAD EN LA DISTANCIA'

Jorge Yacoman Saavedra (Txile)

Santiago hiriko kaleetan barrena dabil unibertsitateko ikasle ohi bat, aitak, geratzen zaion gertuko senide bakarrak, kalean utzi baitu, ezer esan gabe desagertu ostean. Etxe berri bat aurkitzen saiatuko da, ezezagunen eta aspaldiko ezagunen artean; bitartean, iraganeko atsekabeak eta osasuna azkar hondatzen ari zaion gaixotasun arraro baten tormentuak jasango ditu.

'HISTORIA DEL MIEDO'

Benjamin Naishtat (Argentina)

Christianek auzo pribatu bateko lorategiak eta kantxak zaintzen ematen du eguna. Auzo pobre eta kaotiko batek inguratuta, auzo pribatuko biztanleetako asko nolabaiteko itxialdian bizi dira. Christian, ordea, handik hurbil bizi da, eta ondo ezagutzen ditu bi munduak: segurua eta basatia.

'MATAR A UN HOMBRE'

Alejandro Fernandez Almendras (Txile)

Alejandro Fernandez Almendras zinemagilea Horizontes Latinos sailean izan zen 2009an, Huacho filmarekin, eta Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean 2011n, Sentados frente al fuego-rekin. Matar a un hombre du proiektu berria. Arratsalde batean, lapurtu egingo diote Jorgeri; erruduna Kalule da, auzoko gaizkile bat. Jorgeren semeak aitari lapurtutakoa berreskuratzea erabakiko du, eta aurre egingo dio Kaluleri; hark, mehatxua sentitzean, tiro egingo dio...

'NACIMIENTO'

Martin Mejia Rugeles (Kolonbia)

Euri garaia hastean, Helenak haurra izango du. Haren adopziozko amak eta anaiak janaria eta egurra bilduko dute oihanean, hurbil diren euri garairako eta amatasunerako prest egoteko. Beste pertsona batzuek arraina lehortuko dute, edo uzta bilduko, eta eguneroko ekintzen artean, marratuz joango dira alde egiten uzten ez duen urrutiko leku horretako min eta bakardade istorioak.

'PANTANAL'

Andrew Sala (Argentina)

Buenos Airestik ihes egin du gizon batek, eta Brasilgo Mato Grossoko Pantanal eremura abiatu da, diruz beteriko poltsa batekin. Anaiarekin duen zorra kitatzera doa; aspaldian hoztu zen haien arteko harremana. Kontakizuna bidean harekin topo egin dutela dioten pertsonen lekukotasun dokumentalekin lotuko da. Pantanal fikzioaren eta dokumentalaren artean dagoen road movie bat da.

'LA SALADA'

Juan Martin Hsu (Argentina)

Argentinako etorkin berrien esperientziari buruzko mosaiko bat da, eta La Salada azokan gertatzen diren hiru istorioren inguruan eraikita dago. Bakartasunaren eta deserrotzearen aurka borrokatzen diren arraza ezberdinetako pertsonaiak dira protagonistak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.