'Parot doktrina' eraitsia. Epaiaren ondorioak

Doktrina ezarria zuten beste 9 preso aske utzi ditu Auzitegi Nazionalak

Eztabaida luzea eta zatiketa eragin du erabakiak zigor salan: bederatzik bozkatu dute kaleratzeen alde, eta zortzik kontraJon Ander Urkizuri eta Raul Ibañezi buruzko erabakirik oraingoz ez hartzea ebatzi du

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2013ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
80ko hamarkadatik preso zituzten eta 197/2006 doktrina ezarrita zuten beste bederatzi euskal preso askatzeko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Zigor Salak gaia aztertzeko plenoan egindako bilerak luze jo zuen atzo, eta, lau ordutik gorako eztabaida sutsu baten ondoren, mahai gainean zituen 11 kasuetatik bederatziren inguruko erabakia hartu zuen: Txomin Troitiño, Isidro Garalde, Iñaki Urdiain, Jon Aginagalde, Jokin Sancho, Elias Fernandez Castañares, Joseba Artola, Patxi Gomez eta Luis Mari Azkargorta berehala askatzeko agindu zuen. Horien kasuak Ines del Riorenaren berdinak direla azaldu, eta Estrasburgoren epaia horiei ere ezarri behar zaiela ebatzi zuen. Arratsaldeko lehen orduetan hasi ziren kaleratzen.

Auzitegi Gorenaren irizpideari itxoin gabe hartu zuen erabakia Auzitegi Nazionalak, eta horrek zatiketa eragin zuen plenoan. Zigor salako 17 epaileetatik bederatzik egin zuten preso horiek askatzearen alde; zortzik, kontra. Ezezko botoa eman zutenek nahiago izan zuten Auzitegi Gorenaren zain egotea. Asteartean egingo du Gorenak osoko bilkura, eta Estrasburgoko Auzitegiaren epaia nola kudeatu aztertuko du.

Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko zigor salako presidenteak, Gorenaren erabakiaren zain egoteko eskatu die, aste honetan bertan, gainontzeko epaileei. Hala ere, atzoko bileran bera izan zen balantza presoak askatzearen alde jarri zuena. Presidentea izan zen botoa ematen azkena, eta zortzina berdinduta zegoen orduan bozketa.

Urkizu eta Ibañez ez

Edozein modutan, hainbat kasu aztertu aurretik Auzitegi Gorenaren iritziaren zain egotearen alde egin zuten guztiek. Horregatik ez zuten hartu erabakirik mahai gainean zituzten beste bi kasuren inguruan. Jon Ander Urkizu eta Raul Ibañez oraingoz ez askatzea agindu zuten. Urkizuri dagokionez, haren helegitea Auzitegi Konstituzionalean dagoela argudiatu zuten. Ibañezi dagokionez, zigorra nola bete duen ondo aztertu behar dela.

Kaleratzeak saihesteko Auzitegi Nazionaleko fiskalak aste honetan plazaratu duen analisia dago azken erabakiaren oinarrian. Estrasburgoren epaia beste modu batean interpreta daitekeela esan zuen fiskalak: doktrina 2006ko martxoan ezarri zenez, irizpidea urte horren aurretik ezartzea dagoela gaizki, baina 2006ko martxotik aurrera ezartzean ez dela atzerako eraginez jokatu. Hortaz, 2006ra arte betetako zigorrei espetxe onurak aitortzea proposatu zuen, baina hortik aurrera, doktrina ezartzea.

Gorenak asteartean gai hori aztertuko duela espero dute Auzitegi Nazionaleko epaileek. Bost helegite izango ditu Gorenak mahai gainean, eta horiei buruzko ebazpenetan zalantza kitatua utziko dutela espero dute. Hala ere, kaleratzeak atzeratzeko saio horrek eman dezakeena kolokan dago, interpretazio horrek ez baitu bat egiten nazioarteko zuzenbide arauen oinarriekin. Delitu egilea delitua egin zenean indarrean zegoen arauen arabera zigortzea da atzerako eraginez ez aritzea; legez, ezin zaizkio delitua egin zuenean indarrean zeuden legeak baino gogorragoak ezarri.

Auzitegi Nazionalak atzo kaleratzeko agindu zuen presoen kasuetan, ez dela proposatutako interpretazio berri horren ibilbidearen zain egon beharrik ondorioztatu zuten epaileek. Fiskalak proposatutako interpretazioarekin ere, kitatua lukete zigorra.

Hemendik aurrera ostiralero bilduko da Auzitegi Nazionaleko Zigor Sala doktrina ezarria duten gainerako presoei buruz erabakitzeko. Baina, ordurako, Auzitegi Gorenak proposamen berriari buruzko irizpidea zehaztua izango duela espero dute. 11 dira Estrasburgoko epaiaren ondotik Auzitegi Nazionalak askatuak dituen euskal presoak eta EPPK-ko beste 45 presori buruz erabaki beharko da aurki.

Patxi Gomez, irteten lehena

Auzitegi Nazionalak bederatzi presoak berehala askatzeko agindu eta ordu gutxira hasi ziren kartzelatik ateratzen epaia atzo jaso zutenak. Patxi Gomez izan zen herrira iristen lehena; kartzela atzean uzten aurrena izan zelako, eta Basaurin zutelako preso. Arratsaldeko lehen orduetan askatu zuten, eta espetxe atarian zituen zain senide eta lagunak.

Joseba Artola pare bat ordu geroago atera zen Zaragozako Daroca kartzelatik. Bilboko Konpartsek aurten txupinera izendatutako Jone Artola arreba zain zuen atarian. Geroxeago utzi zuen Teixeiroko kartzela Txomin Troitiñok, eta ordu bertsuan atera ziren Zueratik Jokin Sancho eta Luis Mari Azkargorta, senitarteko eta lagunen babesean. Isidro Garalde handik gutxira irten zen Puerto de Santamariatik, eta Iñaki Urdiain ere bai Valentziakotik. Elias Fernandez izan zen irteten azken-aurrekoa, eta lerro hauek idazteko unean Jon Aginagalde bakarrik falta zen ateratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.