Pastor
Darwin eta gu

Emmanuelle

2012ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Erresuma Batua Europako Ekonomia Erkidegoan sartu zenean, Francoren diktadurako 34. urtean zegoen Espainia. Urte hartan, petrolioaren salmenta eten zieten estatu arabiarrek AEBei eta Europa Mendebaldeko estatuei, haiek Yom Kippur Gerran Israelen alde egiteagatik. Lehen petrolio krisia ekarri zuen erabakiak eta, horrekin batera, Mendebaldeko ongizate gizartearen gainbehera. Urte hartan, hilabete batzuk geroago, ETAk Luis Carrero Blanco hil zuen, diktadorearen oinordekoa.

Espainia artean diktadura zen urte hartatik izan da Eskozia Europako erakundeetan. Eskozia, baina, independentea izan liteke bi urte barru. Aste honetan Edinburgok eta Londresek akordioa sinatu dute bertako herritarrek independentziari buruz erabakitzeko aukera izan dezaten. David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak asteartean esan zuenez, hark ez du nahi Erresuma Batua zatitu: «Erresuma Batuari eutsi zion lehen ministroa izan nahi dut». Espainiar askori kontraesankorra irudituko zaie Cameronen jarrera: ezin ulertu Erresuma Batuari eutsi nahi eta eskoziarrei bereizteko aukera ematea. Batasunaren dogma dute ikur, Erdi Aroko gerretan errotua. Trueno kapitainaren komikietan segitzen dute, Santiago y cierra España leloa ahoan. Ez dakite herrien nahiak errespetatuz gero errazago lor daitezkeela denen arteko akordioak. Politikaren cromagnonak dira.

Erresuma Batuan subiranotasuna herri britainiarrean datza, eta soilik Londresek du erreferendumak egiteko eskubidea. Hala ere, Cameronek Eskoziaren esku utzi du ahalmen hori behin-behinekoan, eskoziarrek erabakitzeko eskubidea izan dezaten. Ez du mehatxurik egin haien aurka. Bestalde, Londresko herritar askok Erresuma Batuko zatitzat sentitzen dute Eskozia, baina ez dira kalera atera bandera britainiarrak eskuan. Ez dute Eskoziako gizartea bahitu nahi. Espainian bestelakoa da kontua. Madrilgo egunkari batek argitaratu duenez, hamar espainiarretik bat baino ez dago autodeterminazio eskubidearen alde. Espainiako herritar guztiak autodeterminazioaren aldekoak izan arte zain egon beharko dugu geure nahia mehatxurik gabe gauzatu ahal izateko?

Eskoziako erreferenduma egiten denean, nekez argudiatuko du Espainiak Europan halako bozketek ez dutela lekurik. Are zailago izango du independentzia nagusituz gero. Eskoziako gobernuburu Alex Salmondek esan du ez duela onartuko Eskozia independentea EBtik kanpo geratzea, bertan 40 urte egon eta gero. Teorian hala dela badirudi ere, ez dago guztiz argi EBko estatu kide batetik sortutako estatu berri bat automatikoki Batasunetik kanpo geratzen ote den. Bestela, Espainiak ez zion Bruselari eskatuko hori berehala argitzeko, Kataluniaren erronka gogoan. Esanguratsua da borroka armatua izan den bitartean Madrilek ez diola inoiz eskatu EBri halakorik azaltzeko. Nahikoa izan du edozein asmo independentistari terrorista deitzearekin. Gizarte oso bat mugitzen hasi denean, ordea, argibideak eskatzen hasi da, kezkatuta.

Eskozian independentzia nagusituko balitz, Espainiak ez luke irtenbide errazik izango. Kosovoren independentzia ez onartzea gauza bat da, baina Europa demokratikoaren muinean egindako bozketa baten emaitza arbuiatzea, beste bat. Nazioarteko komunitateak ez luke ulertuko, eta Espainia ipurdia agerian geratuko litzateke. Eta behin independentzia onartuta, zer esango luke Madrilek Eskozia EBn berriro sartzearen aurka? Espainia zuzenean aipatu ez bazuen ere, Salmondek mezua bidali zuen duela gutxi. Hark adierazi zuenez, ez du onartuko EBren barruan Eskoziak baino denbora laburragoa daramatenek baldintzatzea bere herrialdearen etorkizuna. Eskozia, Salmondek esana, 1973tik dagoelako EBn. 1973a: Espainianartean diktadura politikoa zegoen urtea. 1973a: petrolioaren krisia piztu zen urtea. 1973a: Sylvia Kristelek, 21 urteko holandarrak, Miss TV Europa saria irabazi zuen urtea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.