Hondarribian jokatuko dute gaur San Miguel ligako estropada

Sailkapenaren goialdean eta behealdean ia erabakita daude lekuak, ezuste handirik ezean

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Hondarribian dauka estropada gaur San Miguel ligak (18:00). Denboraldiko hamahirugarrena izango da, eta horrek esan nahi du ari dela bukaera gerturatzen. Datorren asteburua pasatu eta gero lehen zortzien artean daudenei beste bi estropada geldituko zaizkie, bederatzigarrenak eta hamargarrenak bukatutzat emango dute liga, eta azken biek kanporaketa jokatu beharko dute, ez jaisteko. Gertu da amaiera, eta erabakita daude postu garrantzitsuenak, oker handirik gertatu ezean. Kaikuk eskura dauka liga, hamabi puntu kentzen dizkiolako Urdaibairi, eta azpialdean, Camargok eta Oriok jokatuko dute ez jaisteko kanporaketa.

Horregatik, gaurko estropadak ez du emozio handirik puntuen banaketari dagokionez. Eta bandera irabazteko lehian ere ez du asko izango Kaikuk nahi ez badu. Azken bi asteetan erakutsi du koska bat gorago dagoela, eta erakustaldiak emanez irabazi ditu azken estropadak. Gaurkoari begira, faborito argia da. Urdaibaik ahaleginak egingo ditu azken asteetako gorabeherak zuzentzeko, eta Hondarribiak Kaiku gertu ikusten segitu nahiko du zaleen aurrean, Zarautzen egin zuen bezala. Ohorezko txandako laugarrenak, San Juanek, Zarauzko bigarren egunean eman zuen itxura ona eman nahiko du berriz.

Bigarren txandan, Astillero, PedreƱa, Tiran eta Castro lehiatuko dira, eta lehenengoan, San Pedro, Zumaia, Orio eta Camargo. Oriotarrekin izango da Miguel Anjel Lizarralde Altxerri, entrenatzailearen laguntzailea.

KAE1ekoak, Bilbon

San Miguel ligakoa ez da izango eguneko estropada bakarra. KAE1 ligakoak Bilbon ariko dira (19:45). Erlojuaren aurka jardungo dute, eta faboritoa Portugalete da, ligako liderra. Gaurkoa igarota, lau estropada baino ez zaizkie geldituko liga amaitzeko, eta igotzeko kanporaketan sartzeko lehian, Zierbena bigarren sailkatuak Lekittarrak baino zazpi puntu gehiago dauzka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.