Kantonamenduetako bozak. Emaitzak

Doi-doietarik bada ere, sozialistak sei kantonamendutan nagusitu dira

Baionan eta Atharratzen emaitza onak lortu dituzte sozialistek; haatik, Garazin eta Angelun arriskuan dira, nahiz nagusituAbstentzio handia izan da, hirietan bereziki; Miarritzen, adibidez, %34,26k dute bozkatu

Garazin lehen indarra atera bada ere, aulkiari eusteko zailtasunak ukanen ditu Frantxua Maitiak (PS). GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Kontseilu Nagusiko gehiengoa eskuinetik Alderdi Sozialistara pasatzeko, aulki baten aldaketa nahikoa litzateke, 26na aulki dituztelako. Hala ere, ezjakintasuna nagusituko da bigarren itzulira arte, bi aldeek dituztelako batzuk eskuratzeko aukerak, baina zituztenak galtzeko arriskuak ere bai. Angelu iparraldean, Atharratzen, Baiona mendebaldean, ekialdean, Bastidan eta Garazin izan daitezke aldaketak. Ezjakintasuna nagusi da Biarnon ere.

Bozketen lehen itzulian izandako abstentzio handiak ere dudak dakartza, etxean egondakoak igandean bozkatzera badoaz, aurreikuspenak alda daitezkeelako. Pirinio Atlantikoetako departamendu mailan boz-emaileen erdiak baino gehiago ez zirelako bozkalekuetara agertu. Ipar Euskal Herriari doakionez, kostaldean da abstentzio handia izan; Miarritze mendebaldean, adibidez, %34,26ko parte hartzea izan da. Barnealdeari doakionez, haatik, jendeak bozkatu du: Garazin %68,29koa izan da parte hartzea, eta Iholdin, %77,72koa. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hamar kantonamenduetarik bederatzitan eginen da bigarren itzulia; Hazparnekoan, bozen %60,76 bildurik, lehen itzulitik lortu duelako aulkia Beñat Intxauspek (Forces 64). EH Bai atera da bigarren, kasik %20 batuz.

Sei kantonamendutan nagusitu da Alderdi Sozialista, hirutan UMP eta bakar batean zentroko Forces 64. Baionako hiru kantonamenduetan lehen postuan agertuz, emaitza onak lortu dituzte sozialistek. Baiona mendebaldean, Monique Larran-Lange zen kontseilaria orian arte, baina bozen %11,86 bildu ditu, eta ez da bigarren itzulira iritsiko. 2008an, Alderdi Sozialistarik urrundu eta zentristen ondoan jarri zen. Hala ere, nahiz lehen itzulian nagusitu, igandean irabazle aterako direnik ez da errana, ezkerra trabatzeko bateratzearen hautua eginen duelako eskuinak. UMP eta Forces 64 zerrenden artean hitzarmen bat dute pasaturik: bigarren itzulira pasatzen den bietariko bati erakutsiko diote sostengua. Haatik, ezkerrari doakionez, ikusi behar da eremuz eremu ezkerreko boz-emaileek sozialistei emango dieten boza eta hori nahikoa ukanen ote duten. 2004ko bozei konparatuz, Berdeek emaitza hobeak bildu dituzte Baiona iparraldean; besteetan, berdintsuak eta ahulagoak lortu dituzte. EH Baik ez du kontsignarik eman.

Atharratzen, lehen indarra atera dira sozialistak, eta Jean Pierre Iriarteren aurka lehiatuko dira igandean. Komunistek 2004an baino emaitza ahulagoak lortu dituzte: NPA eta Ezkerreko Frontearen artean %6 egin dute.

Brisson eta Caset, lasai

UMP nagusitu den kantonamendu hauetan, azkarki atera da lehen indarra. Max Brissonek bozen %34,52 lortu ditu; bigarren indarretik hamabost puntukoezberdintasunarekin. Iholdin ere azkarki nagusitu da Jean-Louis Caset (UMP), bozen %41,34 bildurik. Haatik, aitzinekoan ez bezala, bigarren itzuli bat izanen da, eta Daniel Olzomendi EH Baiko zerrendaburuari lehiatuko da. Beñat Cachenautek ere —etiketarik gabe aurkeztu da— bigarren itzulira pasatzeko aukera zuen, baina erretiratu da, sostengua Caseti erakutsiz.

Bastidan, orain arteko kontseilari Jean Castaingsek bozen %36,38 lortu ditu, eta Thierry Dekimpe sozialistari lehiatu beharko du. Parez pareko bat izanen da, beraz, eta ez hiru hautagairen artekoa, 2004an bezala, aldi honetan Leopold Darritxonek ez duelako bigarren itzulira pasatu ahal izateko emaitza lortu. Nahiz independente aurkeztu, EAJ eta Europe Ecologie Berdeen sostengua zuen, eta ikusi beharko da, beraz, lehen itzulian Darritxon bozkatu duten %21,31k zer bozkatuko duten igandean. Darritxonek ez du boz kontsignarik eman. Aulkia galtzeko arriskua du, beraz, Castaingsek, Darritxonen boz batzuk salbu, ez duelako besterik errekuperatzeko.

Garazin, Maitia arriskuan

Zailtasunean aurkitzen da Frantxua Maitia ere (PS), Garazin. 2004an berreskuratu zuen luzaz eskuinaren eskutan gelditutako kantonamendua, baina mantentzeko zailtasunak ukanen ditu, Forces 64ko zerrendaburu Jean-Marie Mailharrok emaitza onak lortu dituelako. Bigarren itzulian lehiatzeko aukera du EH Baiko Dominique Bachok ere, eta gaur jakinaraziko du aurkeztuko den edo ez. Maitiak «arduratsuki» jokatzea eskatu zieten abertzaleei igande gauean berean. Hain zuzen, Mailharrok eskuineko bozak bilduko dituenez, Ezkerreko Fronteko eta EAJko zenbaitzuen bozak ez ditu nahikoak ukanen eskuinari nagusitzeko. Hori dela eta, boz-emaile abertzaleen bozen errekuperatzea espero du.

Angelu iparraldean ere arriskuan dira sozialistak. Espilondo kontseilaria (PS) ez denez berriz aurkeztu, Gerard Cazaux da sozialisten hautagaia, eta nahiz nagusitu, Claude Olive UMPko hautagaia hurbil-hurbil gelditu zaio, puntu bateko ezberdintasuna dutela bakarrik. Aulkiari eustea zaila izanen zaio Cazauxi, eskuinak duen gosea kontuan harturik, Claude Olivek bilduko dituelako beste eskuinekoen boz gehienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.