Arbelari begira. Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 3. Graduondokoa

Gorputza eta bihotza

Beñat Gaztelumendi.
2011ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
www.mondragon.edu/huhezi/ekt

Herria gorputza eta hizkuntza bihotza direla. Biak izate beraren parte. Bata bestearengandik bereizita izate hori hil egiten dela. Halaxe utzi zuen idatzita Xalbadorrek, bi lagun ostatu batean eztabaidan ikusita. Eta oraindik ere kantatzen ditugu bertso horiek ostatuetan. Baina, hizkuntza bihotza bada, nolako gorputza behar du? Norantz jo behar dute hankek? Non zikindu behar dira eskuak? Zer amestu behar du buruak? Eta non egongo da bizkarrezurra: erakunde publikoetan edo gizarte zibilean? Ez al da posible biek batera lan egitea?

Hernaniko Kulturola eta Azpeitiko Uztarria izan genituen asteazkenean Eskoriatzan. Hernanin bost urtez bildu ziren herriko kultur eta euskara taldeak beren kezkak elkarbanatzeko. Hasieran inolako asmorik gabe, biltze hutsagatik. Eta, ondoren, herrian atzeman zituzten hutsuneak betetzeko asmoz. Azpeitian 1998an sortu zen Uztarria, euskara, komunikazioa eta kultura uztartu nahi zituen taldea. Ahalik eta herritar gehien biltzen ahalegindu zen. Ustez hain euskalduna den herrian orain dela urte gutxi arte ez baitzegoen euskara teknikaririk. Ez baitzegoen kultur etxerik. Eta hala hasi ziren, askotan elkarren berri askorik ez zeukaten herriko taldeak elkarlanean.

Bi proiektuak dira ezberdinak, baina biek badute zerbait batzen dituena: une batean edo bestean, biek lortu dute herriko udaletxearekin elkarlanean hastea. Eta, batzuk «parte-hartze» hitzarekin ahoa beteta dabiltzan garaiotan, harritu egiten gaitu horrek. Beste eskema bat ezagunago egiten zaigu: herri-mugimenduak proiektua sortu eta, ahal bada, instituzioetatik laguntzaren bat jaso —ekonomikoa, normalean—. Baina ez gaude ohituta zinegotziak eta euskara eragileak mahai beraren bueltan eta erabakitzeko ahalmen berarekin eserita ikusten. Kultur politikak aurrera eramateko kultura politiko berri bat beharko den seinale. «Eskera» zihoazenak interlokutore bilakatuko dira. Eta horretarako babes sozial zabala beharko dute.

Euskal herrietan ehunka talde daude euskarari eta kulturari lotuak. Milaka pertsona ari dira beren borondatez lanean. Eta, aldi berean, udal bakoitzak eduki beharko luke euskarari lotutako atal bat ere. Euskal kultura biziko bada egituratu beharra dago, ordea, sarea josi beharra. Bertsozaleek egin zuten, antzerkizaleak ari dira, komunikabideak ere bai. Baina, erakunde publikoen babesik gabe, sareak nekez egingo du bidea. Jarrai dezakegu orain arte bezala, erakundeetan lan bat eginez eta kalean beste bat. Bihotz bakarra txikiegia da, ordea, bi gorputzentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.