Euskaraz eginiko antzerkia sustatzeko zirkuitua

Bihar 'Stereo' obra emango dute Añorgan, eta abenduaren 15ean, 'Biba zorrien izurritea' lana, Lasarten

Erredakzioa
2013ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Iaz jarri zuen martxan Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak Antzerkizale zirkuitua izeneko egitasmoa, eta lehenengo esperientzia«positibo» hura errepikatzeko asmoz, aurten ere martxan jarri dute euskarazko antzerki zirkuitu bat. Egitasmoaren helburua Euskal Herriko txokoak antzerkiz betetzea dela azaldu du elkarteak, eta, batik bat, euskaraz sortutako antzerkia sustatzea eta euskarazko lanei lekua egitea.

Egitaraua gaur egun aktiboan dabiltzan talde eta aktoreekin osatu dute. Elkarteak adierazi duenez, zirkuitu horren bitartez hainbat herritako programazioa osatu nahi dute. Euskaraz sortutako antzerkiak bultzada behar duela nabarmendu dute, eta konpromiso horrekin antolatu dutela aurtengo Antzerkizale zirkuitua.

Usurbil, Añorga eta Lasarte-Oria izan dira aurten zirkuitu horretan sartu dituzten herriak. Iragan ostiralean jarri zuten egitasmoa martxan, Usurbilen, Patxi Santamariaren Aktibo toxikoa krisi ekonomikoari buruzko bakarrizketa komikoarekin. Ostiral honetan, berriz, Añorgako Antxon Ayestaran kultur etxean Stereo dantza-antzerkia eskainiko du Miren Gaztañagak, 20:30ean. Maskulinitatearen eta feminitatearen inguruko irakurketak eta hausnarketak egiten ditu Gaztañagak lan horretan, eta norberak bere buruaren inguruan duen irudia eta kanpoan proiektatzen duena kontrajartzen ditu, era berean. Saioa Royoren Arroxalik ere amets egiten du pieza laburra ere eszenaratuko du Aixaixa antzerki taldeak egun berean.

Aurtengo zirkuitua abenduaren 13an amaituko dute, Markinako Abarka antzerki taldearen Biba zorrien izurritea lanarekin. Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean eskainiko dute obra, 22:00etan. Joseba Sarrionandiaren mikroipuinetan—Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako— oinarritutako lana da, eta Ander Lipusen gidaritzapean egin dute.

Iaz hainbat herrik egitasmoan parte hartzeko eskaera egin zuten, eta urtez urte zirkuitua zabaltzeko asmoa agertu du Ehazek.

Emanaldi guztietako prezioa bost euro izango da, eta hiru euro, berriz, Ehazeko bazkideentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.